Zein da terrorista?
Pasa den astean, Paz con Dignidad Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako bira baten baitan, Palestinako zenbait antolakundetako ordezkariak izan ziren bisitan Euskal Herrian; besteak beste; preso palestinarren sostengurako Adammeer elkarteko Sahar Francis abokatua eta ume palestinarrek pairatutako eskubide urraketak dokumentatzen dituen Defence For Children International erakundeko Ayed Abu Eqtaish eta Manar Al Amleh legelariak. Delegatuek zenbait agerraldi eta bilera egin zituzten bertako eragileekin eta Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean ere izan ziren Israelgo erregimenak lurralde okupatuetako palestinarren kontra burutzen duen jazarpenaren berri ematen.
Astebeteko jardueraren ostean etxera bueltatzearekin batera Palestinatik erakunde humanitarioetako ordezkari lanetan atera ziren horiek terrorista izendatu berri zituztela deskubritu zuten; izan ere; bidaian zeuden bitartean okupazio erregimenak euren elkarteak ilegalizatu egin zituen. Eta ez eurenak bakarrik, tarte horretan orotara sei erakunde humanitario utzi zituen legez kanpo administrazio okupatzaileak terrorista zirela egotzita. Lehenago ere, osasun arloko beste antolakunde bat ere ilegalizatu zuten duela hilabete inguru, Health Work Committees, eta hango zuzendaritza talde guztia kartzelaratu, haien artean Juani Rishmawi Hala Bedi irratiko kolaboratzailea. Horiek ere, ustez, terroristak zirelakoan.
Euskal Herrian aski ezaguna dugu nola baliatu den “dena da ETA” delako estrategia mota guztietako gizarte eragileak jokuz kanpo uzteko. Israelek etika eskasaz gain hain estetika gutxi daukanez, txertaketa programak antolatzen dituzten erakunde sanitarioak ere sartu ditu talde terroristen adiera malguaren barruan. Beste urrats bat Palestinako mugimendu ezkertiar, laiko eta aurrerakoia deusestatzeko, eta Palestinako sare soziala sustengatzen duen ekintza humanitarioa indargabetzeko.
Israel apartheid erregimen bat da, giza eskubideen aldeko ekintzaileak jazartzen dituen estatu terrorista bat. Gogoan izan dezagun Arantza Tapiak Beasaingo CAF konpainia Jerusalemen eraikitzen ari den apartheid trenbidea palestinarren giza eskubideak urratzen ez dituela defendatzen duen hurrengoan. Oroitu dezagun EH Bilduko Jon Inarrituk telebistako tertulietan Israel estatu demokratiko bat dela argudiatzen duenean. Eta gogoratu dezagun datorren azaroaren 5ean, Tel Aviveko Maccabi saki baloi taldea, erregimen sionistaren kirol enbaxadore nagusia, Gasteizera etortzen denean. Benetako terrorista zein den ondotxo baitakigu.
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!