Euneiz: jokaldi borobila
Kostatu da baina partida alde daukate. Lehen aldian, espero zutena baino traketsagoa jokatu zuten baina bigarren aldia aurrera doan heinean gero eta gertuago ikusten du garaipena Euneiz-ek.
Unibertsitateen Champions Leaguen jokatzeko helburua askoz gertuago omen dago.
Bai, sorpresarik ez badago, European University Gasteiz-ek partidua irabaziko du. Lehia alde daukate. Arbitroak begi onez ikusten du bere jokoa. Izan ere, kolore berberak sentitzen ditu. Elitearen koloreak.
Berdin da Euneiz-ek eskainiko dituen ikasketa batzuk edo oso antzekoak jada EHUn eskainita egotea, eta beste bat erkidegoko unibertsitate pribatu batean. Zelaian aurrera egitea erraza izan du. Baloiaren kontrola hartzeko unibertsitate publikoari ohea egin dio, epaileak beste alde batera begiratzen zuen bitartean.
Partidua aurrera joanda, euskarari ere driblin egingo dion ikusi behar, baina, momentuz, aurrera jarraitzen du, Vitoria unibertsitateen mapan kokatzeko. Eta horrela lortu du lehenengo gola, eskuadratik, zaleen poztasun-oihu eta -saltoen artean. Mapan handiago agertzen gara orain. Hiriaren harrotasuna.
Alaves bezala, estuve y estoy. Egon nintzen eta banago. Ikusle bezala bai, zeren eta unibertsitate horretan jokalari izateko bataz besteko 8000 euroko matrikula ordaindu behar. Joko-zelai horretara sartzeko sarrera-prezio horrekin, zale gehiago kanpoan geratuko omen dira… Haiek eta beren alaba-semeak. Hori bai elite-jokalariek herritar gehienoi sartutako gola baselinaz! Dotore-dotore! Analisia eta zentzu kritikoa, beste behin ere, jokoz kanpo.
Joku-aldaketa estrategiaren parte, teknikari batek ematen dio buelta jokalariek begiratzen duten arbelari. Alde batean jartzen bazuen ere “Eskola publikoa. Nirea. Zurea. Denona” atzealdetik irakur daiteke “Hezkuntza pribatua. Benetako gurea. Elitearena”.
Baloia berriz Eusko Jaurlaritzako kantxan, gero eta errazago sartzen da Euneiz kontrakoaren jaurtiketa libreko zonara. Izan ere, unibertsitate publikoa bere jokalarien plantila eta azpiegitura mantentzeko eta handitzeko finantzaketa lortzeko zuhurkeriaren defentsa irmoaren kontra aritu behar bada behin eta berriro denboraldi guztietan, erakundeek Euneiz taldeari saskirako bidea ireki diote zonan estrategikoki jarritako blokeoen bidez. Modu horretan, saskia birrindu dute behin baino gehiagotan, dagoeneko partidaren laugarren laurdenean murgilduta.
Edozein kasutan, deigarria da “publikoaren defentsa” leloa elastikoan daraman taldearen epeltasuna eraso egitean. Ematen du Baskoniako elastikoarekin jantzita dagoen taldeari aurre egitean kikilduta dagoela, akaso eraso-falta egitearekin kezkatuta edo, ziurrenez, publikoaren erantzunaren beldur. Araban Baskoniaren itzala oso luzea da.
Antzeko jarrera sumatzen da hezkuntza publikoaren zona defendatzean, non Euneiz-eko jokalariei egiten zaien markaketa oso epela den. Egia esan, jokalari batzuk besoak jaitsita mantentzen dira Euneiz-ek beste saskiratze bat ahur-palaz sartzen duen bitartean. Euneiz-ek 500 lanpostu sortuko dituenaren zurrumurrua zabaldu omen da estadioan eta “lanpostuak sortzea” entzuteak taldearen defentsa desegitea lortu omen du. Lanpostuen sorrera eta urtero ekarriko omen duen 29 milioi euroko onura ekonomikoena despistatzeko estrategia bat izan daitekeela ohartarazten dute batzuek, baina, nahasmen-une horretan, Euneiz-ek beste hiruko bat sartzen du, klaxon-jotze entzuten den momentuan, bere garaipen zabala borobilduz.
Euneizek, kontrako oposizio txikia izanda, partida irabazi du erraz, Erkidego Autonomoko Final Four-rerako txartela lortuz. Izan ere, hurrengo denboraldian beste hiru unibertsitaterekin lehiatuko da: bat publiko eta beste bi pribatu. EUSTEIZ 2018 Sociedad Anonima Unipersonal elkarteak apostu sendoa egin zuen eta partida menperatu du. Minutu gutxi barru jakingo dugu nori emango dioten MVP (Most Valuable Player) saria. Partiduaren garapena ikusita, saria alkatearentzat izan daiteke, Euneiz talderako errekuperatutako errebote ugariengatik, edota diputatu nagusiarentzat, emandako asistentzia zehatzengatik.
Harro bete dezagun Gasteiztarrok Ama zuriaren enparantza unibertsitate elitistari ongietorria emateko.
Iñaki Etaio
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!