XI 23
Azken egunotan hizpidea izan da EHB eta Espainiako aurrekontuena. Gaia orain lehertu da, baina atzetik dator. Asunto honen inguruan agertu diren interpretazio batzuk dira nire harridura sortu dutenak. Azterketa hauetako batzuk interesatuak izan daitezke, bai, eta beste batzuk, aldiz, ez dakit ezjakintasun hutsaren ondorio diren edo zer. Ea.
“EHB EAJ ordezkatzen (saiatzen) ari da jeltzaleek historikoki jokatu duten funtzio batean, EAErentzako facilitador edo conseguidor rol horretan, alegia”. Madrilera joan eta une horretantxe gobernuan egon daitekeen alderdiari babesa eman, eskumen edo diru gehiago ekartzearen truke. Nire ustez, kale. Ez da hori EHBren praktika gidatzen duen logika. Izan ere, EHBren jarrera partehartzaileagoaren truke oso gutxi izan da orain arte ekarritakoa. EHBren logika politikoa eta EAJrena ez dira berdinak.
Berriki irakurri nuen artikulu baten izenburua honako zerbait zen: “Arnaldo Otegi ikusi, eta gero eta Mario Onaindiaren antz handiagoa hartzen diot”. Egilea oso gaztea ez zenez ez dakit zer pentsatu. Asmo txarrez eginiko komentarioa, memoria ahuldu eta ez du gogoratzen Onandia nor zen, edota Arnaldo Otegiri buruz deus ere ez daki. Iradoki nahi bada EHB espainolizatzen ari dela, sentitzen dut, baina ez du deus ere ulertzen.
Nire ustez ez da zaila sekuentzia moduko bat antzematea, taktika eta estrategia politikoak uztartzen dituena. Erreferentzia bat behar badugu, Gora Gasteiz, 2015ekoa. Ardatz nagusi bat: goazen egoera orokorrean baldintza estrategiko berriak sortzen. Helburu orokor bat: eskuin espainola, agur betirako. Botere instituzionalik gabe ez dira ezer, eta euren egitasmoa zabaltzeko ezintasun gorrian naufragatuko dira. Horrela aritu izan gara –nabarmenki Araban-, eta emaitzak txukunak izan dira. Nafarroa Garaian berdin jokatu du EHBk eta, nire ustez, emaitzak hemen ere txukunak. Aldaketa posiblea bada, aldaketa. Eta aldaketa txikia bada alternatiba egingarri bakarra, bada horixe. Edozein kasutan, Nafarroarentzat egitasmo bakarra –espainola- duten horiek, bazterrera.
Zer dago, Madrilen, jokoan? Azken urteotan maiz errepikatu dugu: independentziarako bide demokratikorik ez dagoenez, goazen independentziaren bidez demokrazia lortzera. Galdera da: Podemos-PSOE gobernu honek ez al ditu aukerak ematen, agian lehenbiziko aldiz azken 40 urteotan, Espainiako panorama politikoa zertxobait aldatzeko? Bada, nik horrela interpretatzen dut EHBren estrategiaren egokitzea. Eta, ondorioz, taktika politikoa horretara lerratzen da: PP, VOX eta Ciudadanos estoldetara. Horrela egiteko kontraesan batzuk zamalkatu behar badira ere. Egoeraren berria zertan datza? Honatx puzzlea osatzeko pieza batzuk. PSOE-Podemos gobernuaren izaera. Are, gaurko PSOEren soslai berria (Adriana Lastraren definizioa, borobila eta gupidagabea: “Agur, Guerra eta enparauak, orain gure txanda da”). Eskuinaren jarrera erasokorraren aurrean PSOEk duen maniobra-tarte laburra. Eta eskuinari biderik ez emateko kontzientzia moduko zerbait. Dena zertxobait koiunturala, bai, baina koiunturak probesten jakitea da taktika politikoen gakoa. Eta agian aipaturikoak ez dira horren koiunturalak. Agian trantsizioko lehenengo hamarkadetan izan zen PSOE hura agortua dago eta belaunaldi berrikoak diren horiekin aldaketa batzuk saia daitezke.
Arriskuak hartzen ditu Ezker Abertzale Berriak, bai, esate baterako berez ahul dagoen estrategia independentistarako bitarteko berriak ez sortuz, baina Madrilen egiten ari den interbentzio berria ez da, inolaz ere, borrokarako markoaren aldaketaren sinonimo.
Eta, gero, bada kontu bat. Beti esan dugu ezberdindu behar dela zer den garrantzitsua eta zer premiazkoa. Maiz, ordea, premiazkoa dena garrantzitsua eskuratzeko oztopo edo galga izan daiteke. Kasu batzuetan, gainera, premiazkoa den hori konpontzeak benetan erakusten du mugimendu politiko baten sinesgarritasuna, maila. Eta, alor horretan, badirudi Ezker Abertzalearen jarduera instituzionala ederki dagoela helburu horri fokatua. Eraginkor, bikain. Bikain.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!