Kriminalizazioa
Pasa den asteazkenean, eta datorren urriaren zazpira bitartean, hautsak harrotu dituen udako ikastaro bat jarri zuen abian Nafarroako Unibertsitate Publikoak. «Apartheid Palestinan eta elkartasunaren kriminalizazioa», horixe da Sodepaz erakundearekin elkarlanean antolatutako mintegi sortaren izenburua. Jardunaldi horietan itzal handiko adituak bildu dituzte kezka horren inguruan, izan ere, palestinarren giza eskubideekiko elkartasun mugimendua indartzen den neurri berean estatu sionistaren propaganda aparatuen eta nazioz gaindiko haren sareen erasoa pairatzen ari da mundu osoan. Batetik, nazioarteko legedi humanitarioa betetzeko aldarrikapen zilegia dugu. Bestetik, estatu oso baten makineria eta baliabideak, haren interes estrategikoak kolokan jar ditzakeen mugimendu herritar globala deusestatzeko.
Asteroko hitzaldietan sona handiko solaskideek hartuko dute parte, besteak beste, Isaias Barreñada, Nazioarteko Harremanetarako eta Historia Globaleko irakaslea Madrilgo Complutense Unibertsitatean; Omar Barghouti, BDZ Mugimenduko sortzailetako bat eta 2017ko Bakerako Gandhi Sariaren irabazlea; Michael Lynk, NBEko Kontalari Berezia Palestinako lurralde okupatuetarako eta Zuzenbide irakaslea Western University London Unibertsitatean, Ontarion (Kanada); edota Alys Samson Estapé, Boycott National Committe (BNC) batzordeko arduraduna Europarako.
Ikastaroaren arrakasta ere hizlarien neurrikoa izan da, izan ere, ordu gutxitan plaza guztiak agortu ziren. Hori eta erakunde publiko batek antolatu izana, akaso, izango zen estatuko lobby sionistaren egonezina eragin duena, eta horra hor polemikaren iturria. Israelgo interesak espainiar estatuan ordezkatzen dituen ACOM erakundeak (Acción y Comunicación de Oriente Medio), berehala, salaketa eta mehatxu gogorrak jaurti zituen ikastaroaren, antolatzaileen eta hizlarien kontra. Freaky kuadrilla bat izatea, antisemitak izatea eta terrorismoarekiko loturak izatea leporatu zien, besteak beste. Eta ez hori bakarrik, eskuin muturreko prentsa sentsazionalista ere batu zen jazarpen kanpainiara eta OK Diario egunkariak israelzaleen salaketen bozgorailu egin zuen. Gerora, espainiar estatuko juduak biltzen dituzten beste erakunde batzuek ere lekukoa hartu eta ekimena debekatzeko deia egin zioten Pedro Sanchez lehen ministroari Simon Wiesenthal Zentroak eta Yad Vashem España Elkarteak.
Ez da kontu berria. Araban ere ondotxo ezagutzen dugu lobby sionistaren egoskorkeria. Ez dira urte asko Arabako Mendialdeko Kanpezu herriko Udal Batzak Israelen aurkako boikot kanpainiari atxikitzeko mozioa aho batez onartu zuela. Orduan, erakunde berbera izan zen, ACOM, udal arabarraren kontrako salaketa jarri zuena. Palestinarekiko elkartasun ekimenak non, estatu sionistaren propaganda aparatuen atzaparrak han.
Paradojikoa da, nonbait, elkartasun mugimenduaren kontrako kiminalizazioa jomugan duen ekimen bat, hain zuzen ere, kriminalizatua izatea, baina oso adierazgarria aldi berean, zerbait ondo egiten ari garen seinale. Mila biztanleko herri txiki bateko mozioaren kontra edota unibertsitateko ikastaro baten kontra jotzeko estatu oso baten baliabideak jartzen dituenak beldurra eta ahulezia baino ez baitu erakusten.
Koldo Alzola
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!