Autodefentsan batu gaitezen
Patxi Ruizek 16 egun daramatza gose greban. Ezin dugu ahaztu lehenengo 12 egunetan egarri eta gose greba burutu zuenik. Aurreko astean, Araban 70 pertsona inguruk, Patxiren egoera salatzeko eta honi elkartasuna adierazteko, txandakako baraualdian parte hartu zuten. Ez dira protesta eta elkartasun keinu bakarrak izan. Euskal Herriko txoko ezberdinetan, baraualdi, margoketa, mobilizazio eta ekintza zuzenen bitartez, isildu nahi izan duten Patxiren egoera lehenengo lerrora eraman dute solidario askok.
Ez dago zalantzarik espetxe politika kriminala Patxi akatzen ari dela. Eguneroko miseriara kondenatzen gaituen estatu espainolaren espetxe politikak, borrokalari honen duintasuna menderatu ezinean, bere bizitzarekin bukatu nahi du. Baina hau ez da berria herri honetan ezta zapalduta dauden mundu osoko herri borrokalarietan. Urteak daramatzagu espainar eta frantziar estatu kapitalista zapaltzaileen aurrean borrokan, eta ordainetan betidanik errepresioa jaso dugu. Hain zaharra ez dena aldiz, edota azken hamarkadaren ezaugarri berria dena, borrokan eta antolatuta dagoen mugimendu bateraturik ez egoterena da. Eta honek Patxiren borroka guztiz baldintzatzen du.
Ezker Abertzalearen estrategia aldaketatik hamar urte baino gehiago igaro direnean, historikoki indar politiko honek okupatzen zuen espazio soziopolitikoa banatuta dagoela ondorioztatu dezakegu. Urteetan, ENAMen estrategia iraultzaileak aterki beraren azpian sektore ezberdinak batzea lortu zuen. Honek arrisku bat suposatu arren, egoera politikoa baldintzatzeko zuen gaitasunaren arrazoietako bat zen. Ikutzen zituen bihotzen kopuruagatik, eta bihotz hauek taupadak aldi berean izatean zeukaten indar eta potentzialarengatik.
Gaur egungo egoera beste motatakoa da, baina ukaezina da bide iraultzailea ez dagoela guztiz agortua. Bide hau ez dutela alboratu iraganeko ezker abertzale horretako lekukoa hartu nahi duten horiek, ezta umezurtz jaio diren belaunaldi borrokalari berriek. Baina bide iraultzailea, momentuz desagerraraztea lortu ez badute ere, honek duen indarra oso murriztua geratu da.
Hausturaren ostean sortutako eszenatoki berri honetan indar politiko anitzak egotea ohikoa dela esango nuke. Bakoitzak bere irakurketa eginda, estrategia eta kultura politiko ezberdinak aldarrikatzen dituena. Beraien artean bat egiteko kapazak ez direnak, aliatzeko gai ez direnak. Bide propioa egin behar dutenak, agian urte batzuen buruan elkartzeko ala ez.
Baina Patxiren bezalako egoeraren aurrean batzea besterik ez dago. Norberaren mugimenduaren protagonismoa albo batera utzi eta bat egin Patxi borroka honetatik garaile atera dadin. Kalea astintzeko eta balantza beste aldera eramateko sakabanatuta aukera gutxiago baitago.
Patxiren gose grebak eskaini digun egoera hau ez da bakarra izango. Ehundaka errepresaliatuk gartzeletan edota erbestean jarraitzen dute eta soilik herri antolatuaren borrokak ekarriko ditu bizirik eta duintasunez etxera. Honetaz gain, mugimendu hauek aurrera egiten duten heinean errepresioa pairatuko dute haien lerroetan. Kasu hauetan ez dugu zalantzarik izan behar, ukabil bakar bat bezala erantzun behar dugu Euskal Herria zapaltzen duten espainar zein frantziar estatu kapitalistetatik askatu nahi dugunok. Gure biziraupena eta gure borrokalariena honen menpe dago. Bat egin dezagun beraz, errepresaliatu guztiak etxera ekartzeko eta errepresioaz elkar babesteko. Patxi, Herria zurekin dago!
Itxaso Viñe
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!