Txosnen defentsan ekitaldi egingo du Bilbon jai herrikoien mugimenduak
Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurrean "txosnak eta herri-jaiak defendatzeko" Gasteizko Txosnek, Donostiako Piratek eta Bilboko Konpartsek ekitaldi bat antolatu dute maiatzaren 31n goizeko 11:30etan Miribillako anfiteatroan.
Gasteizko Txosnek, Donostiako Piratek eta Bilboko Konpartsek “alarma mezua” zabaldu zuten pasa den hilaren 8ko prentsaurrekoan. Pribatizaziorako eta merkantilizaziorako geroz eta joera handiagoa duen errealitate honetan herri-jaiak “desagertzeko arriskuan” daudela seinalatu dute, txosnak eta jaiak antolatzea “geroz eta zailagoa”dela aitortuz.
Instituzioetatik irabazi asmoak dituzten ekitaldi eta jarduerak lehenesten dituztela salatu dute eragileek, eta aldiz, “autogestioan oinarritutako” herri-ekimenei geroz eta zailtasun handiagoak jartzen zaizkiela. “Kolektibo eta irabazi-asmorik gabekoak diren txosnen eta jaien” etorkizun zalantzatia “jai herrikoiei eta txosnei lotutako araudi propio baten faltaren ondorio” dela azpimarratu dute eragileek.
Txosnek eta jai herrikoiek haien izaera propiora egokitutako esparru juridiko bat izan ezean, “txosnak enpresatzat eta jaiak ekitaldi komertzialtzat” hartzen jarraituko direla dio jai herrikoien mugimenduak; eragileek argi utzi dute :”ez gara ez bata ez bestea.”
“Espazio publiko oro pribatizatua izateko arriskuan dagoen” garai hauetan, auzo, herri txiki zein hiriburuetan, “urtero gauzak herri-moduan interes ekonomikorik gabe eta herri eta auzoko jendearen onurarako soilik antolatu daitezkeela” erakutsi dutela aldarrikatu dute hiru eragileek.
Egoera larritzat hartuta, ekitaldia antolatu dute hurrengo larunbatean Bilbon, Miribillako anfiteatroan goizeko 11:30etan.”Txosnen eta jai herrikoien defentsan” bertaratzeko deia luzatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!