Tximurka proiektua jaio da Gasteizen
Musika ikasketak ordaindu ezin dituztenei musika irakastea helburu duen egitasmoa martxan jarri dute Jesus Guridi kontserbatorioko zenbait irakaslek. Alta, ez dago zertan musika irakasle izan beharrik proiektura batzeko. through Argia.eus
Migratzaileek gurean bizi dituzten bidegabekerien eta sufrimenduen aurrean zerbait egin nahi zutela azaldu die Joana Otxoa de Alaiza piano irakasleak Argia astekariko lagunei. “Geroz eta zailagoa da instrumentu bat ikastea dirurik gabe, musika geroz eta elitistagoa da. Nahi duen ororen eskura jarri nahi dugu, baztertuta daudenei tokia eskainiz, baita beren burua garatzeko aukera ere”. Proiektuaren hartzaileak migratzaile pobretuak izatea zuten buruan hasieran, baina bidean fokua zabaldu dute: “Oro har musikaren ikaskuntzarekin kontaktua izateko beste aukerarik ez duen edonorentzat da Tximurka. Ikasketa ordaindu ezin duenarentzat”.
Hierarkiak eta norabide bakarreko praktikak ekidin nahi dituzte Tximurka proiektuko lagunek. “Musika eskola bat non ‘irakasleak’ ez duen garrantzi handiagoa: irakasten dago momentu batean, eta beste pertsona bat jasotzen, baina beste une batean alderantziz izango da. Ez duzu zertan irakasle izan proiektuan parte hartzeko, ezta musika irakasteko ere. Musikaren profesionalak ez diren irakasleak batu zaizkigu jada”.
Eskuzabaltasuna oinarri
Gasteizko Mugarik Gabeko Musikariak (MGM) elkartearekin jarri ziren harremanetan lehenik eta musika tresna piloa laga dizkiete. Aretoko bi piano ederretako bat eta akordeoi bat ere herritar batek oparitutakoak dira. Hasierako harreman emankorrak Tximurka MGMren parte izatea ekarri du naturalki, baina proiektua autonomoa izaten jarraitzen du.
Espazio baten beharra eta horrelakorik ordaindu ezina kezka iturri izan ziren hasieratik. Ezustean hots egin zien proiektuaren berri izan zuen emakume batek, hutsik zuen lokala musu-truk erabiltzea eskainiz. Panama kaleko egoitza ondo dago egitura aldetik, baina ia hutsik, eta hobekuntzak egin nahi dituzte.
Baina ez dute egokitze lanak amaitu arte itxaron ibiltzen hasteko, eta azaroan entzun ziren lehenbiziko musika akordeak Tximurkan. Zenbait elkarterekin elkarlanean irakasleak eta ikasleak harremanetan jartzen dituzte: Gasteizko CEARekin (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea); Alde Zaharreko Goian proiektu hezitzailearekin; eta OEE Arabarekin.
Ikaslea irakasle?
Kefren De Agaphil da musika klaseak jasotzen ari den gasteiztarretako bat. Gitarra irakasten dio Nikok, eta poz-pozik dago Tximurkako proiektuarekin: “Horrelako zerbaiten bila nengoen. Kantatu egiten dut, baina instrumenturik jo ez, eta ikasi nahi dut”. OEE Arabako kide Agus-ek deitu zion, “Esan zidan, ‘Aizu Kefren, eskolak ordaintzeko edo eskola ofizial batean izena emateko aukerarik ez duten pertsonentzat proiektu bat dugu, telefonoa emango dizut’. Joanarena zen. Hitz egiteko geratu ginen, lokala ikusi, eta Nikoz hitz egin zidan”.
Musika talde bat osatu eta han-hemenka aritzea da De Agaphilen ametsa. Bost urte dira Gasteizera heldu zela, bere egoera ekonomiko eta administratiboa ez da samurra. Talde batean kantari lanetan aritu zen aspaldi, ondoren taberna batean kontzertuetan noizbehinka parte hartzeko aukera izan zuen, eta justu osasun krisia hasi aurretik talde berria osatu nahian zebilen. “Baina koronabirusa heldu zen, eta agur”. Egoera leheneratzeko irrikaz dago, ametsari berriz ere heltzeko.
Erreportaia osorik Argia webgunean aurkituko duzue.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!