“Sexu esplotazioari aurre egin!” lelopean kontzentrazioa deitu zuen atzo Gasteizko Itaiak
Hainbat lagun bildu ziren atzo Gasteizko Itaiak Faroloiaren aurrean Euskal Herrian antzeman berri den sexu sarea salatzeko deitutako kontzentrazioan.
Sexu esplotazio sare bat antzeman dute aste honetan Euskal Herriko puntu ezberdinetan. Gasteizko hiria ez da salbuespen. Hemeretzi pertsona atxilotu dituzte, eta Itaia emakumeon antolakunde sozialistak salatu duenez “gutxienez 34 emakume migrante behartzen zituzten prostituzioan aritzera, iruzur egin eta hainbat herrialdetatik Espainiako Estatura mugitzera bultzatu ostean.”
Explotazio sarea salatu, “sexu-esplotazioaren aurkako borrokaren garrantzia azpimarratu, eta emakume langileok kalitatezko bizi baldintzak izan ditzagun aldarrikatzeko” antolatu zuen atzoko kontzentrazioa Gasteizko Itaiak.
“Milioika emakume langileren errealitatea”
Kasu isolatua izatetik urrun, Gasteizko Itaiatik salatu dute “gaur gaurkoz sexu esplotazioa milioika emakume langileren errealitatea” izaten irauten duela. Antolakundearen erranetan, kapitalistek milioika eta milioika euroko irabazi ekonomikoak eskuratzen dituzte egoera zaurgarrian dauden emakume langileen lepotik. “Irabazi horiek bermatzeko emakume langilea sexualki esplotatua da.”
Indarkeria honen izaera sistematikoa eta gizartearen axolagabekeria seinalatu zituzten atzoko hiztartzean, aldarrikatuz sexu esplotazioa “gaur eta hemen” gauzatzen den heinean, haren aurka borrokatzea “guztion ardura” dela.
“Emakume langileon miseriazko baldintzen eta egoera horretatik etekinak metatzen dituen sexu-merkatuaren aurka” borrokatzearen, bai eta “merkatu horren konplize orori aurre” egitearen beharrezkotasuna azpimarratuz eman zioten amaiera kontzentrazioari, “guztiok bizi baldintza berak izan ditzagun.”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!