Sansomendiko etxegabetzeak 140.000 eurorainoko kostua izan zuen polizien soldatetan
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, erakundeek hamarnaka mila euro bideratu zituzten 90 pertsona baino gehiago zauritu zituen polizia-dispositibo batera, etxegabetutako familiari etxebizitza-alternatiba bat bermatu gabe jarraitzen duten bitartean.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du urriaren 23an Sansomendi auzoan sei adingabe dituen familia baten etxegabetzea gauzatzeko polizia-dispositiboak kostu ekonomiko eta sozial izugarria izan zuela. Diario Socialista egunkariak argitaratutako kalkuluen arabera, operatiboak 140.000 eurorainoko kostua izan dezake polizien soldatetan, eta kopuru hori gainditu dezake, polizia operazioaren gainerako gastuak kontuan hartuta.
Hedabideak argitaratutako kalkuluaren arabera, operatiboaren gutxieneko kostua 42.900 eurokoa izan zen, sei ordu eta erdiz lanean aritu ziren 300 agenteren soldata gordinak soilik kontuan hartuta. Karga sozialak, Brigada Mugikorraren osagarriak, dietak eta aparteko orduak gehituz gero, estimazioa 75.000 eta 100.000 euro artekoa da. Agenteak euren egun librean deitu bazituzten, faktura 140.000 eurotik gorakoa izan daiteke guztira.
Sindikatuaren ustez, bereziki larria da erakundeek sei adingabe dituen familia bati etxebizitza-alternatiba bat bermatzeko baliabiderik ez dutela argudiatzea, aldi berean «etxegabetze bat blindatzeko» hainbeste diru publikoa bideratzen duten bitartean. Gainera, dispositiboaren ondorioz 90 pertsona baino gehiago zauritu, bi pertsona atxilotu —horietako bat adingabea— eta zortzi pertsona kale gorrian geratu ziren, horietako sei adingabe.
Operatiboan zehar, Ertzaintzak hainbat aldiz kargatu zuen protestan zeudenen aurka, eta lehen unetik foam jaurtigaiak jaurti zituen. Etxegabetzea eragozteko eta etxebizitza-irtenbide bat eskatzeko elkartutako pertsonen aurkako poliziaren “jazarpen basatia” salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Erasotuen artean adingabeak eta adineko pertsonak zeuden. Sindikatuak salatu zuenez, borrekin buruan emandako kolpeak eta foam jartigailuekin gertutik burura egindako tiroak.
Ildo horretan, sindikatuak polizia-operatibora bideratutako gastua etxebizitza publikoen eta bizitoki-baliabideen eskasiarekin alderatu du. Diario Socialista-k jasotako datuen arabera, Gasteizko Udalak 402 etxebizitza publiko baino ez ditu kudeatzen Ensanche 21en bidez; Eusko Jaurlaritzak, berriz, alokairu sozialeko 6.784 etxebizitza ditu Alokabideren bidez. Eskaintza hori ez da nahikoa dagoen eskari izugarriari erantzuteko: Gasteizen Idealistan iragartzen den etxebizitza bakoitzeko, batez beste, 131 eskaera aurkezten dira.
Era berean, erakundeek etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko baliabiderik ez dutela argudiatzen duten bitartean, ondare publikoa sektore pribatuari transferitzen jarraitzen dutela salatu du antolakundeak. Horren adibide gisa, 2026ko abuztuan eta irailean Cubo kaleko udal-jabetzako bost etxebizitza eta merkataritza-lokal bat jabe pribatu bati saldu izana aipatu du.
Egoera horren aurrean, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak datorren azaroaren 11n mobilizatzeko deia egin du, etxebizitzak langile-klasearen esku egon behar duela eta haren beharrei erantzun behar diela aldarrikatzeko, eta ez higiezinen merkatuaren interesei.
«Baliabideak badaude denok ondo bizi ahal izateko; arazoa da baliabide horiek espekulatzaileen, errentisten eta haien zerbitzura dauden alderdi politikoen kontrolpean daudela», adierazi du antolakundeak. Horregatik, espekulatzaileen espropiazioa, higiezinen espekulazioaren debekua eta etxebizitza langile-klasearen interesen eta beharren arabera planifikatzea aldarrikatzen ditu.
Sindikatuak azpimarratu du Sansomendiko etxegabetzea ez dela kasu isolatu bat, arazo estruktural baten adierazpena baizik: milaka pertsonak etxebizitza eskuratzeko zailtasun izugarriak dituzten bitartean, erakundeek baliabide publikoak jabetza pribatua eta hortik etekina ateratzen dutenen interesak babestera bideratzen jarraitzen dute. Horren aurrean, langile-klasearen antolakuntza eta mobilizazioa aldarrikatzen ditu, etxebizitza eskubide bermatua izan dadin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
