[Argazki galeria] Osasun publikoaren aldeko mobilizazioak: “Promesa gehiagorik ez, konponbide errealak, orain!”
Otsailaren 1ean manifestazioak deitu dira Gasteizen, Donostian eta Bilbon, osasun publikoa defendatzeko eta pribatizazioa salatzeko. "Osasungintza publikoaren alde! ¡Por la sanidad pública!" lelopean, herri plataformek ekintzarako deia egin dute EAEko osasun zerbitzuen hondamena geldiarazteko.
Eskari argiak eta premiazkoak
Plataforma antolatzaileek salatu dute Eusko Jaurlaritza osasun publikoa desegiteko eta pribatizatzeko bidean ari dela. Promesak ez direla nahiko adierazi dute, eta lehen arretaren aldeko inbertsio handiago eta hobeak behar direla azpimarratu dute, hau delako eredu bidezkoena eta jasangarriena.
Eskari nagusien artean honako hauek nabarmendu dituzte:
- Pribatizazioa geldiaraztea: “Euro bakar bat ere ez klinika edo enpresa pribatuentzat.”
- Lehen arreta indartzea, beharrezko baliabide ekonomiko eta giza baliabideekin.
- Osasun langileen lan-baldintzak hobetzea, prekarietatearekin amaitzeko.
- Kudeaketa garden eta parte-hartzailea bermatzea.
Mobilizaziorako deia
Manifestazioak otsailaren 1ean egingo dira, honako ordu eta lekuetan:
- Gasteiz: Bilbo plaza, 12:00etan.
- Donostia: Boulevard, 17:00etan.
- Bilbo: Bihotz Sakratua plaza, 12:00etan.
Herri plataformek azpimarratu dute mobilizazio hauek gizarte-presioa sortzea dutela helburu, osasun sistema publikoa ahultzen jarrai ez dadin, eta Eusko Jaurlaritzari konpromiso errealak eskatzeko.
Hala Beditik mobilizazio hauen jarraipena egingo dugu, herritarren eskakizunei ahotsa emateko eta osasun publiko duin eta eskuragarria defendatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!