LEKUKOTASUNA | “Poliziak auzoan darabilen biolentziarekin nazkatuta nago”
Larunbat goizaldean Ertzaintzak esku hartu zuen bi herritarren arteko liskar batean, Gasteizko Alde Zaharrean. Hala Bedik eta Gasteizko Gaztetxeak zabaldu dituzten bideoetan ikusi daitekeenez, kalez jantzitako polizietako batek pistolarekin destatu zuen herritarretako bat, eta ertzain uniformatuek lekukoen aurka egin zuten. ARGIAk bertan izan zen herritar baten testigantza jaso du. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga
Segurtasun Sailak gertaeren ondoren azaldu duenez, Poliziak dei bat jaso zuen larunbat goizaldean, kalez jantzizko ertzainak bertaratu ziren, eta 24 eta 25 urteko bi gizon ikusi zituzten liskarrean, “batek botila hautsi baten lepoarekin besteari eraso egiten ziola”. Hala Bedik argitaratu zuenez, Ertzaintza heldu aurretik liskarra zegoen bi pertsonaren artean, lekukoen arabera. Aiztogile edo ‘Kutxi’ kalean gertatu zen dena, Hala Bedi tabernaren altueran.
ARGIArekin hitz egin duen Alde Zaharreko bizilaguna –nahiago du bere izena ez eman– kalez jantzitako bi poliziak jada bertan zirela heldu zen tokira. “01:00 inguru zen, etxera bidean nindoan lagun batzuekin, liskarren bat zegoela ohartu eta hurbildu egin ginen”. Ez zekien tartean poliziak zeudenik, eta “bat-batean pistola atera zuen” gizon batek. Segundo batzuk behar izan zituen ohartzeko pistoladuna polizia zela.
Kalez jantzitako bi polizia zeuden, liskarra izan zuten gizonak banatu eta polizia bakoitza batekin geratu zen. Une horretara arte Segurtasun Sailak eta lekukoak egindako kontakizuna bateragarriak dira.
Sailaren arabera, gizonak botila eskuan zuen oraindik, eta “erasotzailearen berehalako erasoa gerta zitekeenez, jarrera oldarkorra eta mehatxuzkoa baitzuen”, poliziak “arauzko arma atera zuen, eta behin eta berriz agindu zion susmagarriari bere jarrera bertan behera uzteko”.
ARGIArekin hitz egin duen lekukoak dio egia dela poliziak oihu egiten ziola ustezko erasotzaileari –bideoetan ere entzuten da–, eta ezin duela ziurtatu ustezko erasotzaileak eskuan ezer zuen edo ez, “esku batean odola zuen, beste eskuan ez dakit”. Baina ukatzen du, Segurtasun Sailak ziurtatu moduan, “jarrera oldarkorra eta mehatxuzkoa” zuenik: “Inondik inora, baxu zegoen, negarrez, uste dut, eskuak altxatuta”.
Ertzaintzak liskarraren parte zen gizona atxilotu zuen eta lesio delitua egotzi dio, besteari zauriak eragitea leporatuta. Bigarren gizona hori ospitalera eraman zuen.
Jarraian Gasteizko gaztetxeak zabaldutako bideoa eta mezua.
“Zergatik ez duzu bideoa ipurditik sartzen?”
Kalez jantzitako poliziek bertatik kanporatu nahi izan zituzten bertan zeuden herritarrak, batzuk azalpen eta lasaitasun eske, lekukoaren arabera. “’Kanpora!’, oihukatu ziguten, baina ez ginen joan, zer egiten zuten ikusi nahi genuen”. Orduan heldu ziren uniformatutako ertzainak eta horietako batek identifikatzeko agindu zion lekukoari. “Galdetu nion ea zergatik identifikatu behar nuen, ez nuela ezer egin. ‘Zer edo zer egingo zenuen’, erantzun zidan”. Uniformatutako ertzainak esan zion identifikatu ezean atxilo eramango zutela. “Justu orduan beste ertzain batek alde egiteko agindua eman zuen”.
Lekukoa beste lagun batekin zegoen, eta azaldu duenez, poliziek indarrez bultza egin ostean, autoan sartu ziren. Autoa piztu eta azeleragailua zapalduz “gu harrapatzeko itxura egin zuten”, salatu du. Azpimarratu du gidatzen zuen agentea ezaguna dela auzoan, “auzokideen aurka jarrera biolentoak izan dituelako beste batzuetan”. Ertzain horrek, atxiloketa grabatzen ari ziren herritarren aurka egin zuen ahoz, eta bideoan grabatuta geratu denez, “zergatik ez duzu bideoa ipurditik sartzen?” bota zien.
Barne Sailak azaldu du gertatutakoa ikertuko duela Barne Arazoetarako Buruzagitzak, agenteen jokabidea “indarrean dauden jarraibideekin bat datorren egiaztatzeko”.
Poliziaren eguneroko biolentzia “izugarria”
Astelehen goizean hitz egin du ARGIAk lekukoarekin. Larunbatean egoera ezin sinistuta zegoela dio, eta astelehenean oraindik ere “oso txarto” dagoela, “biolentzia maila dela eta”. Adierazi du Poliziaren biolentzia hori egunerokoa dela auzoan, eta “nazkatuta” dagoela. “Esku hartze oso biolentoak egiten dituzte, identifikazio arrazistak…”.
Alde Zaharreko bizilaguna da, bizi den zonaldean tarteka herritarren arteko liskarrak daudela dio, eta horrekin ere kezkatuta eta haserre dagoela. “Baina Poliziak arazo horiek larriagotu besterik ez ditu egiten, are gehiago erabiltzen duen biolentzia erabilita”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!
