Korrikaren 24. edizioa martxoaren 19an hasiko da Atharratzen eta Bilbon bukatuko da 29an
Izaskun Arrue Kulturgunean Aurkeztu du AEKk 24. Korrika. 2026ko martxoaren 19an emango zaio hasiera Korrikari Atharratzen, "Euskara gara" lelopean. Hamaika egun eta hamar gauez korrika, gelditu gabe, Euskal Herriko txokoetatik igaroko dira herritarrak, aldarriz betetako indar erakustaldi bat eginez, Martxoaren 29an Bilbora heltzeko.
Korrikaren 24. edizioak euskal herritar ororentzat aterpe ireki bat izan nahi du, jatorri, azal kolore edo euskararen ezagutza kontuan izan gabe: “Euskarak eskaintzen digun gerizpe horretan denontzako tokia dagoelako, elkarrekin eraiki dezakegulako gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala. Euskararen herrian, mundu oso bat sartzen delako”.
Lurdes Etxezarreta Artabek, AEKren Nazio Kontseiluko kideak, euskara ardatz duen komunitate batean eroso eta aske bizi nahi dutela aipatu du. Gurea Euskal Herri euskaldun, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako. Euskararen egungo egoerari egin dio erreferentzia aurkezpenean eta larrialdi linguistiko betean gauden une honetan, ziklo berri bati hasiera emateko beharra mahaigaineratu du.
Ane Elordi Albuquerque, Korrikaren Arduradunak, euskararen aldeko egitasmo erraldoi honetara batzera deitu ditu herritarrak. Honela azaldu du 24. Korrikaren mezua: “Euskarak denok ibil gaitzake, euskara ez baita muga bat, euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izatea nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da. Euskarak arnasa ematen digu. Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak zein kanpotik etorriak; euskara delako gure arnasa, elkar zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza”.
Errigorari aitortza
Aurten Errigora izango da Korrikak omenduko duen ekimen herritarra. Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuan, euskaratik, euskararako eta euskaraz egin duen eta egiten ari den lanagatik. Euskalduntzean egindako ahaleginak aitortu nahi izan dizkiete honela.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
