Euskara zertarako
“Zenbat gara euskara kultura hizkuntza izatea nahi dugunak? … Gehiengoak ez du bizi hizkuntza herri kultura bezala.” Hala zioen duela gutxi, Alea aldizkariko elkarrizketa polit batean Abel Enbeitak. Beste modu batera ere egin liteke galdera. Adibidez: zertarako nahi dugu euskara, zertarako behar dugu?
Asko dira euskara nahi ez dutenak. Behar ez dutenak ere bai. Hizkuntza jakin batek traba egiten die, nonbait. Erabili nahi ez duzun edo behar ez duzun hizkuntza zaharra ez maitatzea uler liteke. Hala ere, nik ezin. Besterik ez bada, gizakion ondare direlako. Traba ere egin dezakeela?… Bai, baina edozein hizkuntzak egin dezake traba. Adibidez, Gaztelako eremu zabaletan ikasitako hizkuntza ederra traba izan daiteke norbaitentzat Ingalaterran ingelesekin komunikatu nahi badu. Eta alderantziz.
Dena dela, gero eta empresa gehiago dira beren merkantzia jendarteratzeko orduan euskarari ere leku egiten saiatzen direnak nolabait. Baina enpresa horiek zertarako behar dute edo zertarako nahi dute euskara? Ez ahal da izango itxurakeria hutsa, Plantak egitea?.
Baina Enbeitaren galderak -askok maiz egiten dugunak- hor segitzen du erantzunik gabe. Bakarren batzuek eman dezakete agian zifra bat. Ez da handia izango, hala ere. Inoiz aipatu izan dizuedan bezala, hiztun gutxiko hizkuntza handi eta miresgarri batean mintza daitekeen hiztuna elebidun edo eleanitz izatera behartua dago. Horrek epe luzera hizkuntza txikia desagertzera eraman dezakeela? Jakina! Historian zehar gertatu izan da. Euskaldunok hori jakin behar dugu. Baina jakin badakigu, bi dituena bat duena baino aberatsagoa dela.
Eta aberastasunaz ari garenez (ez ekonomiaz), egun hauetan izan dudan esperientzia etsigarri bat aipatu nahi nizueke: banketxe batetik bezero bati zenbait dokumentu bidali zizkioten sinatzeko. Dokumentu horien sarrerakoan dena arreta handiz irakurtzeko ‘gomendatu’ ostean sinatzeko eskatzen zitzaion interesatuari eta galdetu beharrekoak galdetzeko. Dokumentua euskara hutsean zetorren, nahiz eta jatorrizko testua erdarazkoa zela agerikoa zen. Euskal bertsioa, orokorrean, aski ongi ulertzeko modukoa zen hala ere. Ongi. Poz emateko modukoa ere bazen, hortaz.
Baina sinatzailearen poza ez zen erabatekoa izan. Euskaraz ongi samar dakien norbaitek, alegia ustez erdararen maila bereko euskara baldin badaki baina hala eta guztiz, zenbaitetan testua behar bezala ulertzeko arazoak sortzen badira, egokia da testu elebakarra eskaintzea? Holako dokumentuetan erabiltzen den terminologia ezagutu ezean, arazoak izango dira edozein hizkuntzatan. Erdaraz ere, egunero sortzen dira termino berriak, siglak, laburdurak eta abar. Hauek denbora behar dute eguneroko hizkuntzna benetan erabilgarri izateko. Eta praktikan erabilera mugatua duen hizkuntza batez ari bagara…
Eta zertara dator hau? Zeren, delako banketxe horretan eta beste edonon ezarri nahi den elebitasunaren aldeko protokoloa ere euskararen kontrakoa gerta daitekeelako praktikan: hasieran bi hizkuntzetako bat aukeratu behar bada, argi dago zein aterako den galtzaile.
Eta euskararen militantea denak, ematen zaion aukera hartzen ez badu, testua maila batean ulergaitza delako edo ulertezina, lotsatan utziko duten beldurrez eta entzun beharko dituenak entzuteko prest ez dagoenak ez du izango animo handirik otez jositako euskararen bidezidorrean oin hutsik ibiltzeko.
Hau izan zen hautua: ‘nola nahi duzu testua?: euskaraz ala gaztelaniaz?’ Euskaraz, noski, bezeroak. Baina gauzak nola diren ikusita, bezeroak nahiago, bi hizkuntzetako bertsioak eskueran izatea. Eta honetarako beste arrazoi bat ere bada: diotenez, bi bertsioen artean kontraesanen bat gertatzen bada, erdarazkoa bide da balio duena. Horrenbestez, euskarazko testua batetik eta gaztelaniazkoa bestetik eskaini beharrean, bi testuak izatea zuhurrago dirudi. Hala usted ut. Hipokrita hutsak garela ere entzun behar izan dut inoiz: “euskara aldarrikatu bai, baina aukera ematen zaizuenean, ez duzue baliatzen”. Ez. Ezin da onartu dena ahulenaren lepora botatzea. Hain zaila al da bi testuak elkarren ondoan ematea? Horrela, hizkuntza aukera errazago izango litzateke.
Kontua ez da ‘euskaraz ezin baduzu, hauta ezazu gaztelania’. Hizkuntz pedagogia ere behar da. Zeren, adibidez, nire moduko euskal hiztun xumeak arazoak baditu, zer ez dute izango xumeagoak direnek?
Amai dezadan: hizpide izan ditugun kontu hauek erakusten dute itxura batean euskaldunen eskubideen alde eskaintzen den zerbitzu moduak euskaldun askori egiazki ez diela errazten euskararen bidea.
Apaltasun eta patxada pixka batekin jokatuz gero euskararen eta euskaldunon onerako izan daiteke, inori kalterik egin gabe gainera.
Izan ongi.
Patxi Goenaga
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!