IRITZIA | Arkillos 10: “Autogestioa, asanblada eta auzolanaren balioak ezberdin ikusten ditugu guk”.
Maite, Ruben eta Arkillos 10 etxe okupatuko beste etxekide ohi batzuk sinatutako iritzi gutuna. "Finean, 10 urtez, bizilagunez eta kolektiboz oso anitza izan den etxe bat, 4 egunetan pasatu da ERRAKIrekin lotu den etxe bat izatera".
Arkillos 10 etxea 2010. urtean okupatu zen. Gasteizko udalaren jabetza duen eraikin historiko bat da. Urteak zeramatzan abandonatuta eta 10 urte luze hauetan zehar, bizitza eman dioten pertsona asko pasa dira bertatik. Jende anitza bizi izan da bertan, eragile ezberdinetan militatzen zutenak: gazteak, feministak, ekologistak, gaztetxeroak, auzo eragileetako kideak, anarkak, baita kolektiboetan antolatuta ez zegoen jendea ere. Etxea bera, etxebizitza izateaz gain, espazio irekia izan da: bizikleta tailerra, antzerkiak, afariak edo kontzertutxoak egin izan dira, baita kolektibo askorentzat bilerak egiteko txokoa ere izan da 10 urte hauetan zehar.
Modu horretan heldu zen Arkillos pasa den urriaren bukaera aldera. Orduan arkitekto tekniko bat etxera etorri eta gutun bat eman zigun non jakinarazi zigun udalak eraikineko ITE-a (Eraikinaren Azterketa Teknikoa) egiteko enkargatu diola.
Arkillos, oro har, ondo dago, badugu arkitekto baten txostena horrela adierazten duena. Horregatik, eta ITEa ez pasatzeak ondorio txarrak ekar litzakeelako ‒isunak edo udala indarrez sartzen saiatzea‒ erabaki genuen ITEa egitea.
Jakitun ginen ITEa egiteak ekar zitzakeen arriskuez, Udalak Talka desalojatu zuen konfinamendu erdian eta gaztetxea, gazte-leku baten araudi baten aitzakian, pandemia-neurriak aldatu arte isun-mehatxupean itxiarazi zuen. Horregatik, ITEari begira, etxean “txapa-margoketa” saio integral bat egin, eta txukun-txukun uztea erabaki genuen. Etxe handia da eta banan-banan lanak hainbesterako ez baziren ere, denak pilatuta dezenteko lana zen, eta, gainera, arkitektoak epeekin estutu gintuen: bi astean egin behar genuen dena, beraren bisita aurretik.
Azaroaren 12an, lana planifikatzeko ezohiko bilera bat egin genuen. Orduan, etxeko 4 kidek proposamena jarri zuten mahai gainean: ERRAKIk lagunduko zigun ekonomia zein giza baliabidez, etxea ERRAKIrekin lotzearen truke. Kide horien arabera, etxea ahul zegoen, lan horiei aurre egiteko gaitasunik gabe, eta ERRAKI zen etxeko obra egin eta ITEa ondo pasatzeko berme bakarra. Azaldu ziguten, ERRAKIrekin etxea lotzeak ez duela eskatzen etxeko kide guztiok ildo sozialistako kideak izatea, baina ERRAKIrekin etxea lotzeak bere betebeharrak dauzkala: Langile Kontrolpeko Gune (LKG) izatera pasatzea, ERRAKIrekiko diziplina eta subordinazioa izan beharra eta beste LKG bat erasotua edo arriskuan egonez gero, pankartak jarri eta haren aldeko mobilizazioetan gure Arkillos 10 LKGa presente egotea.
Egia da Arkillos 10 egoera ahulean zegoela, 6 kide geratzen ginen etxean ( gainontzeko 2 pertsona orduantxe alde egite prozesuan zeuden eta beste bat zer egin ez zekiela zebilen). Bestalde, esan behar da etxean geratzen ginen 6 kide horietatik 4 oso berriak ginela, eta, badaezpada: gure artean ez zegoen ez haserrerik, ez gatazkarik.
Proposamena ekarri zutenean, beste bi kideak harrituta geratu ginen, ez genuen espero. Gu, ITEa zela eta, etxeko markoan ari ginen lanean ordura arte arkitekto, abokatu eta auzoko eragileekin kontaktuan, egin beharreko lanak planifikatzen. Gainera, lan horiek egiteko zegoen premiagatik, ez zegoen ERRAKIrekin lotzeko proposamena eztabaidatzeko denborarik, are gutxiago antolakunde politiko zehatz batera lotzeko beharrezko eztabaida sakona emateaz ari bagara.
Ez geunden ados, eta proposatu genuen ahalegin bat egitea: Arkillosetik pasatutako etxekide-ohi, kolektibo, kulturgile, eta lagunei auzolanetan parte hartzeko dei egitea, denon artean auzolan horiek egitea, ez ERRAKIrekin ez inorekin lotu gabe. Gure artean adostasunik ez zegoenez, iganderako hitzordua jarri genuen.
Igandean, auzolanerako deiak izandako erantzuna mahai-gainean jarri genuen: ia 40 lagun, Arkillosekin harremanetan izandako kolektibo pila batetik: Zaharraz Harro, Goian, euskal preso politikoen aldeko solidarioak, internazionalistak, Talka, Errekaleor eta Sumendikoak, Auzoan Bizi, Bizikopon, Kutxi eta Txikitako etxe okupak, ERNAI, gaztetxeroak… baita gure inguruko lagunak ere. Tartean, hamaika auzolanetan parte hartutako jendea. Lagun haiek guztiek gehi ildoko kideek ekarri ahal zituztenek, denek elkarrekin, etxeko lanak egitea zen gure proposamena.
Alabaina, ildoko lau kideek eutsi zioten beren proposamenari: ERRAKI arduratuko zen obraz, Arkillos Langile Kontrolpeko Gune bihurtu eta ERRAKIrekin lotuko zen. Prest agertutako pertsona horiek, baldintza horietan, auzolanean parte hartu nahi bazuten ongi etorriak ziren. Ildokoak ez garen bi kideok esan genuen, Arkillos ERRAKIrekin lotzearekin ez geundela ados, eta hori ematekotan etxea utziko genuela. Luze eztabaidaturik, ez ginen ados jarri eta astearterako jarri genuen behin betiko bilera zirt ala zart egiteko. Ildoko kideek beren artean eta beren erakundean hitz egiteko tartea hartuko zuten. Asanbladaz kanpoko eragile batekin kontsultatu behar horrek, galdera bat sortu zigun: non uzten zuen horrek etxeko asanblada?
Asteartean, berririk ez. Etxeko ildoko lau kideek Arkillos ERRAKIrekin lotzea erabakia zuten. Beste bi kideok etxea utziko genuela esan eta hala egin dugu.
Zergatik? Bada, gure ustez sinplea da: ERRAKI ildo sozialistak diseinatutako Langile Kontrolpeko Guneetarako babes sare bat da, ez da EHko gaztetxe eta gune okupatu anitzen sarea. Horrez gain, ez geunden ados proposamena lantzeko formekin. (unea, epeak, erabakiak hartzeko moduak, etxekideon arteko elkar zaintza eza,… .)
Gainera, nola etorri zitzaizkigun? Finean, ostegun hartan mahai gainean jarri ziguten aitzakia ez beteta ere ( obra epeen barruan ERRAKIk bakarrik bermatu ahal zuela gezurtatu genuen ‒ERRAKIz kanpoko 40 lagun geneuzkan auzolanerako‒), ildoko kideek aurrera jarraitu zuten beren erabakiaz. Galdetu genien denek elkarrekin auzolana egiteko zein arazo zuten, erantzuna da ERRAKI, sare gisa, ezin dela lanera etorri, etxea haiekin lotu ezean. Alderantziz bai, etxea haiekin loturik, denok, gure aniztasunez, joan beharko genuke auzolanera. Ulertuta.
Finean, 10 urtez, bizilagunez eta kolektiboz oso anitza izan den etxe bat, non, besteak beste, ildoko kideek ere beren bilerak eta bestelako erabilerak burutu izan dituzten, 4 egunetan pasatu da ERRAKIrekin lotu den etxe bat izatera. Une zehatz bateko gehiengoak inposaturik bai, ez kontsentsuz.
Autogestioa, asanblada eta auzolanaren balioak ezberdin ikusten ditugu guk.
Maite, Ruben eta beste etxekide ohi batzuk
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
2 thoughts on “IRITZIA | Arkillos 10: “Autogestioa, asanblada eta auzolanaren balioak ezberdin ikusten ditugu guk”. ”