Hitz gutxiago eta ekintza gehiago behar direla salatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak
Mobilizatzera deitu dute Palestinarekin Elkartasuna plataformatik “konplize guztien aurka presionatzen jarraitzeko.” Gaur, ekainaren 6an arratsaldeko 18:00tan hasiko da Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan "Hitz gutxiago eta ekintza gehiago, Israel desegitera bidean, harreman oro eten!" lelopean.
Azkengo asteotan hainbat gobernuburu eta alderdi parlamentariotatik egindako adierazpenekin kritiko azaldu da Palestinarekin Elkartasuna plataforma. “Oso berandu” datozela azpimarratu dute, Israelek “hamarkadak” daramatzako “palestinarren garbiketa etnikoa bilatzen”. Gainera, haien hitzetan, “urritik hona emandako ofentsiba basatiari erreparatuz, hasieratik egon da argi genozidio baten aurrean geundela, eta orain arte ez dute ezer ere egin. Eta egin ahal zuten”. Horregatik diote “genozidioa eteteko helburua izan baino, bestelako interes edo kalkuluei” erantzuten dietela adierazpen hauek, “konplize guztien aurka presionatzen jarraitu” behar dela ondorioztatuz, horregaitik mobilizazioak iragarri dituzte datorren astebururako.
Nazioartean egondako mugimenduez ari dira, hainbat estatu eta instituzioetako ordezkariek egindako adierazpenez hain zuzen. Plataformak hauek aipatu ditu: Espainian armen enbargoaren inguruko eztabaida, Frantziaren Palestina aitortzeko asmoaren adierazpena, eta Europar Batasunak Israelekin duen elkartze akordioa aztertzeko iragarpena. Euskal alderdietako ordezkariak ere seinalatu dituzte, aurreko “hauek guztiei jarraika” batu egin direla baitiote, adierazpenok “ekintzarik gabeko diskurtso huts” gisa izendatuz.
Horrez gain agintarien diskurtsoek “oinarrian dagoen arazoa estaltzen” dutela ere salatu dute, ez dutelako “Israelen existentzia zalantzan jartzen”, eta “Israelgo entitate genozida eta koloniala zalantzan jarri beharrean, estatu legitimo gisa aurkezten jarraitzen” dutelako. “Palestinarren askatasuna ez da entitate sionistarekin bateragarria, baina mendebaldeak Israel mantendu nahi du, ez baitu ekialde hurbilean duen aliatua galdu nahi” diote haien komunikatuan. Adibide gisa bi estatuen irtenbidea jarri dute: “badakite ez dela bideragarria, eta funtsean, Israelek palestinar lurraldeak okupatzeko planetan aurrera egitea eta garbiketa etnikoarekin jarraitzea esan nahi duela, nahiz eta motelago izan”. Horregatik, Plataformaren ustez Israel “desegin” beharra dago. “Existitzen uzten ez duen estatu batek ez luke existitzeko eskubiderik izan beharko” adierazi dute.
Bestalde, “nazioarteko komunitatearen inakzioaren aurrean, Israelek palestinarren garbiketa etnikoa gauzatzea lortu ez badu, palestinar erresistentziari berari esker izan dela” adierazi dute. Salatu dute genozidioa ematen zen bitartean “mendebaldeko estatu, enpresari, gobernu eta alderdiek Israel normalizatzen eta indartzen” jarraitu dutela, baina ordea, palestinar erresistentzia “ez dela garaitua izan”.
Amaitzeko, “alderdi eta gobernuen elkartasun adierazpen horien ostean, bereziki haiek presionatzeko unea” dela adierazi dute, “haiek beraiek baitira Israelekin harremanak mantentzen dituzten horietakoak”, eta “haiekiko independenteki antolatzen eta borrokatzen” jarraitzera dei egin dute. Norabide horretan egingo dituzte gaurko mobilizazioak, “hitz gutxiago eta ekintza gehiago” lelopean. Ostiralean izango dira guztiak, Euskal Herriko lau hiriburutan: 18:00tan Gasteizen, Iruñean, eta Donostian eta 18:00tan Bilbon.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!