Mobidak
Beti egin zait deigarria, nolabait izendatzeko, jende askok mobida terminoaz egiten duen erabilera. Terminoaz eta kontzeptuaz. Adiera batzuk izan baditzake ere, populazioaren gehiengoarentzat, mobida beste aldean dagoen zerbait da, beste dimentsio batean, hain zuzen ere. Mobidak ukitu ilunak dauzka, sekretuak agian, exoterikoak akaso. Mobida gertu antzeman daiteke batzuetan, nahiz eta, orokorrean, oso-oso urrun sentitu.
Mundu osoan zehar, eta Euskal Herrian ere, kide askok beren bizitzaren denbora, energia, bizitza soziala, zaletasunak baita, askotan, dirua ere, sistema eta jendartea aldatzeko ematen duten bitartean, inguruan dauden beste askoren mobida kontzeptua jasan behar dute. Zenbat lan, zenbat bilera, zenbat eztabaida, zenbat ekimen, zenbat une latz, zenbat arrisku, zenbat beldur, zenbat amorru, zenbat harrotasun… besteen mobidapean, besteen ez-ulermenpean. Zeren eta mobida horren atzean, militantziaren ez-ulertze erraldoia baitago. Ezjakintasun itzela. Ez ulertze, eta ulertze nahi ez izate handia. Zure mobidak zure hobby-ak dira. Ni nire denbora librea nire eginkizunetarako erabiltzen dut: gym-era joan, terraza batean kañak hartu, erakusleihoen artean paseatu, edota telebista serieak ikusi. Eta zu, zure mobidetara zoaz. Norberak erabiltzen du denbora nahiago duen moduan. Ni nire bizitzan. Zu zure mobidetan, agian mundua konpondu nahian. Bakoitzak dauzka bere gauzak.
Fisikoki hain gertu, mentalki hain urrun. Zu zure mobidetan. Ni, nire bizitzan. Zu gustuko duzun zure dimentsioan. Ni, hiritar zintzo eta bihotz onekoaren dimentsioan, autokonplazentziaren eremuan, gehienetan. Zu, mobidan murgilduta. Ni, gelditasunean, gehienez inertziak alde batera edo beste batera mugituta; hiritar ez protagonikoaren nire rolean. Zergatik atera sistemaren likido amniotiko epel honetatik?
Zu, etxegabetzearen kontrako kontzentrazioan, sionismoaren aurkako elkarretaratzean, lantokian kideak antolatzen, zerbitzu publikoen alde edota herria eta lurra txikitzen duten proiektu kapitalisten kontrako mobilizazioak prestatzen, auzoan kartelak jartzen, jendartea aldatzeko nola eragin eztabaidatzeko bileretan, formazio politikoaren ikastaroetan edota zure erakunderako militante gehiago lortzeko ahaleginetan. Nik bizitasunik gabeko aurpegiarekin zu begiratzen jarraituko dut, niretzat eta inguratzen nautenentzat mundua aldatzea noiz lortuko duzunaren zain. Ez kezkatu, denbora asko itxaron dezaket. Gauza asko dauzkat egiteko, mobidatik urrun.
Iñaki Etaio
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!