“Intolerantzia” -Txema Matanzas-
Gaurkoan aurrekoan aipaturiko gai baten inguruan hausnarketatxo bat luzatuko dut. Intolerantzia deitu diot, baina norberekeria ere esaten ahal nioke. Hausnarketaren atzealdean, kontraesan nagusia eta bigarren mailako kontraesanen kontu hori dago.
Eta laburki adierazita, gauza da harrigarria eta kezkagarria deritzodala hainbat herri mugimendutan, hainbat mugimendu sozialetan, hainbat borroka sektorialetan (esaiozue nahi duzuen moduan) bere protagonistek erakusten duten jarrerari: “nirea, nirea eta nirea”. Susmoa dut lehen (lehen, ez dakit ote den espetxeratu baino lehenago, edota Ezker Abertzalearen estrategiaren egokitzapena baino lehenago, edo sinpleki aspaldian, baina niri sentsazioa orain sortu zait) gauza hauek beste modu batez lantzen genituela. Hots, bakoitzak bere eremuan lan egingo zuen, bai, baina estrategia orokor baten beharra aski barneraturik zegoen, barneratuago.
Era berean, beste mugimendu/eremu/sektore batzuen garrantziaz jabeago ginen, horrelako zerbait. Eta azterketa edo jarrera agian hausnartugabe horrek gauzak egiteko modu batera eramaten gintuen (gintuen, “gu” horrek gaurko sistema edo jendartea aldatu nahi dugun guztiok barnebiltzen gaitu), guretariko bakoitzak borrokari denbora eta militantzia emanez baina beste eremu edo alor batzuekin denbora eta terrenoa partekatu behar genituela ulertuz.
Bakoitza bere eremuan baina, finean, denok norabide bakarrean. Estrategia orokor baten baitan sentitzen ginen. Gaur, aldiz, norberak bere eremuaren erreibindikazio erabatekoa, gehiegizkoa egiten duelako sentsazioa dut. Eta guretariko bakoitzak gure eremuko ildoarekiko/erabakiekiko erabateko koherentzia eskatzen diogu beste eremuko lagunari, bidaideari.
Denok nahi dugu zentralitate maila bat, eta ea uneoro. Eta, jakina, hori ezinezkoa da. Ondorioa? Lehentasuntzat ez gaituztela hartzen sentitzen dugu, gureari behar den besteko garrantzirik ematen ez zaiola iruditzen zaigu, eta horrek mina ematen digu. Eta enrokatzeko tentaldia handia izaten da. Egutegia deialdiez betetzen dugu, eta euskal jendartea sustraietatik aldatu nahi dugunok hain tropa handia ez garenez (ai!, gehiengoak, hegemonia, …), agortzen gara.
Zentzumen pixka bat ezarriko nuke nik. Aldamenekoaren garrantzia kontuan hartu, eta unearen arabera borroka nagusiak edo lehentasunak beste eremu batekoak izan daitezkeela ulertu, eta pazientzia handiagoaz jo norberak bere eremuan.
Alor batean lanean dabiltzanek beti dute ikuspegi borobilagoa alor horretako kontuez eta, beraz, onartu behar da hortxe buru-belarri ez dabiltzanek euren kontraesan teoriko eta praktikoak dituztela. Zezenketen etsai irmoa izan naiz ni beti, baina nire 5 urteko lobek sokamuturrean korrikarik egingo ez dutela pentsatzeak ez nau preseski alaitzen. Are, makur deritzot kalea horrela ez bizitzeari. Eta noizbehinka borroka sektorialek estrategia zentral edo inklusiboari tartea eman diezaiokete, estrategia orokor horrek, finean, estrategia sektorialei lekua eman nahi baitie (edo horrela izan beharko luke).
Esate baterako, hauteskundeak datozenean. Baina horrek, argi dago, aldez aurretiko hausnarketa eskatzen du: erakundeen baliagarritasunaz-eta. Eta hori beste egun baterako utzi beharko dugu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
1 thought on ““Intolerantzia” -Txema Matanzas-”