Gure konplizitaterik ez
Elkartasuna herrien arteko samurtasuna zioen Chek. Euskal Herria beti izan da herri solidarioa. Hori pentsatu nahi dut. Saharar herriaren aldeko hainbat elkarrateratze izan ditugu azken egunetan, baina egia da euskaldun batzuk oraindela 500 urtetik gora herri desberdinak kolonizatzen lagundu zutela eta gaur egun ere, horretan ari dira euskal enpresa asko.
CAF enpresa multinazionalak esaterako 2019an, Palestinako okupazioarekin aberasten ari diren Nazio Batuen zerrendan ageri den Saphir enpresarekin batera, Jerusalemen tranbiaren azpiegiturak eraikitzeko lizitazioa irabazi zuen. Tren Arin honek, Jerusalem eta Palestinako lurralde okupatua elkarrekin lotuko lituzke; hau da, Jerusalem mendebaldea eta Zisjordaniako legez kanpoko israeldar kokaguneak.
Nazioarteko enpresa ugari erretiratu dira lizitaziotik: Kanadako Bombardier, Australiako Macquarie, Alemaniako Siemens, Frantziako Alsthom eta Systra (Frantziako Estatuaren SNCF tren-konpainiaren filiala). Egun tranbiaren linea gorria ustiatzen duen City-Pass konpainiak ere alde egin du.
Nazioarteko zuzenbidearen aurkako urraketa larriak egin ditzake CAFek lizitazio-proiektu horrekin aurrera jarraitzen badu. Enpresaren irudia kaltetzeaz gain, gerra-krimenak eta gizateriaren aurkakoa den ekimen batean parte hartuko du eta nabarmen urratuko lituzke Genevako Konbentzioa, Nazio Batuen hainbat ebazpen eta Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpena.
CAFeko langileen ordezkariek enpresako zuzendaritzari proiektutik erretiratzeko eskatu zioten iaz, ez baitute legedia urratzen duen proiektu batean parte hartu nahi. Euskal Herrian eta nazioartean ere proiektu horren aurka mobilizatzen hasi dira.
Gertakari honen aurrean ezin gara isilik geratu. Palestinari elkartasuna adierazteko Nazio Batuen egunaren bezperan, azaroaren 28an, Euskal Herriko herri desberdinetan Palestinar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egongo dira eta Israelen proiektu kolonialaren konplize ez dugula izan nahi oihukatuko dugu.
Alaitz Amundarain
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!