Etxebizitzaren problematika
"Etxebizitza merkantzia den bitartean, etxebizitzarako eskubidea ez da bermatuta egongo" | BATUTA
Etxebizitzaren problematikak arreta handia piztu du azkenaldian. Izan ere, duintasunez bizitzeko, ezinbestekoa zaigu etxebizitza duina bermatuta izatea. Hala ere, era berean, beste sektore batzuk eskaintzen ez duten errentagarritasun handiko inbertsioak ahalbidetzen dituen heinean, egungo metaketa-zikloan higiezinen sektoreak adierazgarritasun handia lortu du berriz ere. Bizitzeko oinarrizko ondasun bat izanik beste sektore batzuk baino eskari egonkorragoa dauka, gainera, etxeen jabeak babesten dituen marko araugilea indartu eta irabazi tasak bermatzeko etxebizitzen bir-balorizazioa helburu duen hiri-politika nagusitu da. Testuinguru honetan, etxebizitza merkantzia erakargarria bihurtu da espekulatzaileentzat. Horren adierazle dira gure auzo eta hirietara etengabe sartzen ari diren putre-funts eta beste espekulatzaileak. Alabaina, etxebizitza merkantzia den bitartean, etxebizitzarako eskubidea ez da bermatuta egongo. Etxebizitzarekin negozioa egiten den bitartean, herri-klaseok etxebizitzarako sarbidea mugatuta izango dugu.
Gure auzoa, Judimendi, ez da salbuespena. Horregatik, auzoko egoera hobeto ezagutzeko, Judimendiko elkartasun sarean, Batutan, urtarrilean zehar inkesta bat burutu genuen. Inkesta honen emaitzak argigarriak izan ziren: Besteren artean, inkesta erantzun zuten gazte ez emantzipatuen %73,3ak adierazi zuen ezin dela emantzipatu ordaindu ezin duelako. Alokairua ordaintzen dutenen artean, heren batek soldataren %31a baino gehiago bideratzen du alokairua ordaintzeko. Gainera, askok etxebizitza beste bi, hiru edo lau pertsonekin partekatu behar dutela aitortu zuten alokairua ordaindu ahal izateko. Auzoan bizitzeko hipotekatu direnen artean, ia %20ak soldataren %31a baino gehiago bideratzen du hipoteka ordaintzera eta %70ak dio beste ondasunen kontsumoa murriztu behar izan duela hipoteka ordaintzeko.
Etxebizitzaren prezioa, oinarrizko beste ondasunena bezala, soldatak baino nabarmen gehiago igo da azken urteetan. Herri-klaseen pobretze eta prekarizazio testuinguru orokortua sorraraziz. Hala ere, guk argi daukagu, bizitzaren garestitzea kapitalismoaren egiturazko krisi eta kontraesanen ondorioa zuzena da. Hau da, margen ekonomikoak eta, finean, irabazi-tasak mantentzeko ofentsiba kapitalista berri baten aurrean gaude. Izan ere, gaurko baldintzek ez dute bermatzen aurreko metaketa-zikloetako hazkunde tasak, eta beraz, metaketa bermatzeko, kapitala bizitzaren aurka oldartu da. Testuinguru honetan, kapitalak, irabazi-tasen hazkundea lortzeko, besteak beste, soldatapeko lana gehiago estutu du; pribatizazioen bitartez merkatu berriak ireki ditu eta desjabetzearen bidezko metaketaren bitartez bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren ondasun eta zerbitzuez jabetu da; kapitalaren zirkuitu sekundarioaren hedapenaz (finantzarizazioa-espekulazioa) baliatu da metaketarako aukera berriak sortzeko; eta periferian militarizazioa eta gerraren aldeko apustua egin du baliabideen kontrolerako.
Etxebizitzaren problematikari aurre egiteko errepikatzen diren proposamen instituzional gehienak diru-laguntzak ematera edo etxebizitzen eskaintza handitzera bideratuta daude. Finean, diru-laguntzak diru publikoa etxeen jabeen esku pribatuetara igarotzea suposatzen du eta, gehienez ere, sarbidearen inguruko arazoa atzeratzea besterik ez dute lortzen. Eta bestetik, etxebizitzen eskaintza handiago batek ez du prezioa jaitsiko. Arazoa merkatua bada, erantzuna ez da merkatuaren mekanismoetatik etorriko. Egun badaude pertsona guztientzako etxebizitza nahikoak, baina pertsona guztiok ez daukagu etxebizitza bat izateko aukerarik. Izan ere, etxebizitzaren merkatuak eskasia behar du bere errentagarritasuna mantentzeko. Hau da, etxebizitzarako sarbidea mugatu behar du, etxebizitzak merkatuan truke balio handiagoa izan dadin. Horregatik mekanismo ezberdinak aktibatzen dira eskasia hori sorrarazteko: Etxebizitza sozialaren eskaintza urria, etxebizitza-politikak, etxebizitza turistikoaren aldeko legediak, eraberritzeak dakarren gentrifikazioa eta luxuzko etxebizitzen eraikuntza esaterako. Baina, zalantzarik gabe, eskasia gehien sortzen duen instituziorik garrantzitsuena jabetza pribatua da.
Horregatik guztiagatik, duintasunez bizi nahi dugulako, mobilizatzera deitzen dugu: Maiatzaren 18an Judimendin antolatuko dugun egun osoko egitarauan parte-hartzera gonbidatzen zaituztegu; baita egun horretan bertan deituko dugun manifestazioan parte-hartzera ere.
Batuta, Judimendiko Elkartasun Sarea
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!