Diru publikoarekin
CAF enpresa Jerusalemgo tren arinaren Israelgo proiektu ilegala garatzen eta mantentzen ari da. Proiektu honek, lurren behartutako desjabetzea eta palestinarren jabetzak suntsitzea dakartza eta horrela, tren arina Israelgo apartheidaren tresna bihurtu da.
JLR edo tren arinaren proiektua ezinbesteko elementua da Israelgo agintarien estrategian okupatutako lurralde palestinarraren anexioa formalizatzeko eta nazioarteko zuzenbidearen arabera, Palestinako herriari bere oinarrizko eskubideak ukatzeko.
Euskal Herriko BDZ edo Boikot Desinbertsio eta Zigorrak taldeak hainbat protesta egin izan ditu proiektu honen berri izan zutenetik eta bertako langileak ere hasieratik proiektu honen aurka agertu ziren. Halere, CAFek proiektuarekin jarraitzen du buru belarri eta gainera, beste batzuk martxan jartzekoa omen da.
Euskal gobernuak akzioak ditu CAF enpresan. Aurreko astean jakin genuen %3ra igo dela haren parte hartzea enpresan. Euskadirako estrategiko den enpresa dela dio eta 17 milioi erabili ditu horretarako. Gure diruarekin, diru publikoarekin nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubide palestinarren urraketa larrietan parte hartzen ari da CAF.
Ez da onargarria diru publikoarekin Israeli lurralde palestinarra legez kanpo okupatzen laguntzea eta euskal gobernuak ziurtatu beharko luke diru publikoa ez dela erabiliko giza eskubideak urratzen dituen proiektu bat babesteko eta beraz, CAFi apartheidaren tren horretatik jaitsi dadin eskatu beharko lioke.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!