Michelinen azken eskaintza: 1.500 euroko ordainsaria ala greba
Asteazken honetako 22:00etatik ostiral eguerdira bitartean, Michelingo langileek erreferendum bidez hartuko dute erabakia. Hitzarmena berretsiz gero, 1.500 euroko ordainsari ez-finkagarria jasoko dute; bestela, grebara joko dute berriz ere. through Alea.eus
Une erabakigarriak Michelingo hitzarmen berriaren negoziazioetan. Gasteizko fabrikako langileek lau greba egun egin dituzte ekainaren 5ean, 7an, 10ean eta 12an. Azken txanpan sindikatu guztiek bat egin dute lanuzteekin, zuzendaritzaren azken proposamenari uko eginez. Gainera, lantokien arteko batzordeak ekainaren 19an eta 23an Gasteizko greba Iberiar Penintsula osoko lantoki guztietara zabaltzeko aukera jarri du mahai gainean.
Horren aurrean, Michelingo zuzendaritzak sindikatuekin berriro biltzea onartu du. Astearte goizean ospatu zen azken mahai negoziatzailea, Burgosen, eta bertan enpresaren azken eskaintza entzun zuten sindikatuek: alde batetik, 1.500 euroko ordainsari ez-finkagarria, ordainketa bakar batean, hitzarmena berretsiz gero; bestetik, KPIari lotutako soldata igoera, inflazioa oso altua izanez gero; horrez gain, team building-a (garapen jardunaldiak, egun libreetan) kentzea onartu du zuzendaritzak.
Eskaintzari erantzun bat emateko 72 orduko epea eman die zuzendaritzak sindikatuei; hau da, ostiralera arte. Hortaz, asteazkeneko 22:00etatik aurrera erreferenduma egingo dute lantoki guztietan. Honako hauek izango dira Gasteizko bozketaren ordutegiak:
- Ekainak 14, asteazkena: 22:00 — 01:00
- Ekainak 15, osteguna: 08:00 — 13:00 / 16:00 — 19:00 / 22:00 — 01:00
- Ekainak 16, ostirala: 08:00 — 13:00
Michelinek estatu osoan dituen 7.500 langileetatik 3.500 biltzen dituen Gasteizko fabrikaren kasuan, enpresa batzordeak langileen bi asanblada deitu ditu biharko, ostegunerako, Zurbaoko kupulan, Buesa Arenaren parean: 10:00etan eta 18:00etan.
«KPIa tranparik gabe»
Orain arteko azken eskaintza hobetzeko asmoz (%12 inguruko soldata igoera 2026ra bitartean: %5 2023an, %3 2024an, %2 2025ean eta beste %2 2026an), biurteko bakoitzeko %2 gehiago igotzea proposatu du zuzendaritzak. Baina horretarako baldintza bat bete beharko litzateke: KPIa bi urte horietan soldata eskaintza baino handiagoa izatea —%8 2023/2024 biurtekoan, eta %4 2025/2026 biurtekoan—.
Hasieran igoera gehigarri horretarako beste baldintza bat zen enpresaren etekinak nahikoak (ROS indizearen arabera) izatea soldata igoera gauzatu ahal izateko; baina azken eskaintzan klausula hori bertan behera utzi du zuzendaritzak.
Azken egunetako mobilizazioetan, euskal sindikatuen blokearen aldarrikapen nagusietako bat izan da, hain zuzen ere, «KPIa tranparik gabe» bermatzea. Sindikatuen hasierako proposamenak %27ko soldata igoera planteatzen zuen lau urteko epean.
Bi bloke sindikal
Langileen eta sindikatuen aldarrikapen nagusia erosteko ahalmena eta KPIa bermeekin berreskuratzea da, baina lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta team building-a kentzea ere eskakizunen artean daude, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, bereziki adineko langileentzat.
Hitzarmen berriaren estatu mailako negoziazioen aurrean, Gasteizko plantillaren haserrea mobilizatzeari ekin diote, hasieratik, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen ez duten arren —%45 dira, 27 ordezkarietatik hamabi—. Merezi dugun hitzarmenaren alde lelopean, lau greba egun deitu dituzte egunotan.
Neurri handi batean, hasiera batean greba deialdiekin bat egin ez zuten baina aurrerago batu ziren CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek (%53) negoziazioetan izandako jarrera salatzea izan da grebaren helburuetako bat.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!