Oinarrizko konpetentziarik gabe

Free classroom chairs photo, public domain design CC0 image.
Urtarrilean, hezkuntzako lau sindikatu nagusiek egun biko greba-deialdia iragarri zutenean, Hezkuntza Sailak «ez zuen ulertzen» zer dela eta grebok. Irakurmen-konpetentzian gabeziak zituen, nonbait.
Egiari zor, laster hasi zen ulermen-arazook konpondu guran, bai behintzat greban zeuden sektore batzuetan. Pentsa: grebarako arrazoiak ukatzetik, Haur-eskoletan nahiz sukaldari eta garbitzaileen sektorean akordioak sinatzera pasa zen, halako abiaduran ze, sektore bi horietan ez baita greba gehiagoren beharrik izan: proposamen onargarria jasota, sindikatuek berehala sinatu zuten ituna sailarekin.
Adostasunok lortuta, baina, saila segituan agertu zen hedabideen aurrean: «akordioak ixteko gauza garela erakutsi dugu». Harrapazank, txiribitonk! Bere buruarekin itxi al ditu akordioak Hezkuntza Sailak? Ez al ditu sindikatuekin sinatu? Meritu partekatua izango da, bada, akordioa sinatzea.
Gauzak horrela, sektore bakarra geratu zen greban, irakasleona. Zergatik? Bada, sailak sindikatuei egindako proposamena ez zelako onargarria. Bestela, proposamen onargarria egin izan balie, akordio bi ez, sindikatuek hiru sektoreetako itunak sinatuko zituzten.
Baina, akordiorik ez zegoenez, greba egun gehiago deitu behar. Normala ere bada: haur-eskoletako nahiz sukaldari eta garbitzaileen sektoreetako akordioa greba egunen ondoren ailegatu zen, ez lehenago. Kausa-ondorio erlazioa, ukaezina.
Hala eta guztiz ere, sailaren hurrengo mugimendua ez zen izan irakasleon sektorerako ere proposamen egokia egitea; eskaini beharrean eskatu, grebak bertan behera uzteko exijitu zien sindikatuei, zer eta «Euskadiko hezkuntza-sistema» jokoan dagoela argudiatuta.
Ondotxo dakigu hori. Besteak beste, horregatik joan ginen grebara urtarrilean, gure erkidegoko hezkuntza publikoaren etorkizuna dagoelako jokoan.
Hori gutxi ez, eta «ardura eta koherentzia» ere eskatu zizkien sindikatuei, haien helburu bakarra diru gehiago irabaztea dela esan eta minutu batera. Norbaitek ezagutzen al du soldata-igoera eskatzen ez duen sindikaturik? Nik ez. Norbaitek ezagutzen al du ikasturte honetan bertan kontzertatuko irakasleen soldatak handitzeko 68 milioi gehiago jarri dituen hezkuntza sailik? Nik bai. Eta zuk. Eta denok. Publikoko irakasleok soldata-igoera eskatzea lotsagarritzat jotzen duen Hezkuntza Sail berberak arazo barik igo berri ditu kontzertatuko irakasleen soldatak, azaro honetan bertan.
Baina, nonbait, elkarbizitza-konpetentzian ere gabeziak dituzte Hezkuntza Sailean. Badakizue curriculumak konpetentzia horretaz zer dioen: «Gainerako pertsonei aitortu nork bere buruari aitortzen dizkion eskubideak eta betebeharrak, eta, horrela, ekarpen bat egin norberaren eta guztion onari».
Hezkuntza Sailak ondotxo daki zer ekarpen egitea dagokion, maiatzaren 12ko astean irakasle-grebarik izan ez dadin: proposamen egokia aurkeztu gure ordezkariei. Urtarrilean grebara joandako beste sektore bietan balio izan zuen, gurean ere balioko du.
Mikel Basabe
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!