Neolitikoak al gara eta izaten jarraitu nahi al dugu?

Neolito Aroa (‘Harrizko aro berria’) historialariek “iraultza” gisa izendatutako gertaera multzo bat elkartzean hasi zen, gure kasuan, Ekialde Hurbilean duela 9.000 urte inguru eta handik etorri zen Euskal Herrira duela 6000 urte inguru.
Neolito Aroan ehizan eta fruituak eta landareak jasotzeaz gain, gizakiek animaliak eta landareak kudeatzen eta etxekotzen ikasi zuten eta, horregatik, abereak izaten eta soroak lantzen hasi ziren eta beraiek produzitutako janaria jaten. Ondorioz, leku batean era egonkorragoan bizitzen hasi ziren: landatutako lur horiek zaintzeko eta uzta jaso ahal izateko, besteak beste. Horregatik, lurraldea norberarena zela markatu beharra zegoen, hildako arbasoentzako hilobi kolektiboak diren trikuharriak eraikiz, gure kasuan. Teknologia aldetik, harrizko tresnak egiten jarraitu zuten, baina lan jarduera berrietara egokitu zituzten (errotak, adibidez). Bestalde, saskiak eta animali larruz egindako ontziak izateaz gain, zeramikazko ontziak egiten hasi ziren, eskuz forma emanez buztinari eta gehiago iraun zezan eta likidoak barruan gordetzeko, egosiz eta leunduz (ezagutzen diren zaharrenetakoak Euskal Herrian, berberetxoaren oskolarekin apaindutakoak dira, Araban Peña Largan agertu direnak eta Bizkaian Arenazan, esate baterako).
Euskal Herrian oraindik ere, lehen sektorea deitzen dugun nekazaritza eta abeltzaintza bidez produzitutako produktuak janez bizi gara. Beraz, janaria produzitzeko ekonomia aldetik neolitikoak garela esan genezake.
Dena den, zein osasun dauka gure lehen sektoreak Euskal Herrian? Nongo janaria erosten dugu supermerkatuetan? Milaka kilometrotatik ekarritako janariak ze ondorio ditu gure planetan, gure osasunean eta gure lehen sektorearen ekonomian? Sortzen dugun kutsadurarekin zein da gure osasunean horrek duen eragina eta janariaren produkzioan? Eta energiaren erabilerak? Konturatu gabe zegoenarentzat ere, argi geratu da duela gutxi ez garela ezer argindarrik gabe, baina zein eredu nahi dugu? Gure janaria produzitzeko lurren eta naturaren kontrako eredu bat?
Zeramikagintza eta beste artisautza eta objektuen konpontzeko gaitasuna ere galduaz goaz, zenbait teknika betirako. Artisautza batzuk berreskuratzen ari gara, bizi dugun mundu digitalizatu eta estresatu honetan, eskuz lan egiteak sendatu egiten duela konturatu garelako. Badirudi ere konturatzen hasi garela, zaborraren “aroan” sartuta gaudela, berrerabiltzeko eta birziklatzeko ohiturak berreskuratu behar ditugula.
Iragana ulertuz, ikas dezagun gure orainerako eta etorkizunerako ona dena aurkitzen. Gai hauetaz hausnartzen jarrai dezagun!
Jaione Agirre
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!