Musukotik mozalera
Ione San Ildefonso eta Joseba Alvarez-en iritzia, ELEAK Libre mugimenduaren izenean.
Covid pandemiak jota pasa ditugun azken bi urte hauetan izugarri eztabaidatu da norberaren askatasunaz, eskubide pertsonalen garapenaz, poliziaren gehiegikeriaz, manipulazio informatiboaz, administrazioaren kudeaketa txarraz, osasun zerbitzu publikoen beharraz, txertaketaz, osasun paseaz… eta, nola ez, musukoaz. Eztabaida erraldoi horrek beste mila eztabaida estali ditu. Horietako bat eta garrantzitsua, zalantzarik gabe, gure eskubide sozial, zibil eta politikoak izugarri murritzen dituen Mozal Legearena da, hain zuzen.
Duela ia zazpi urte, 2015ean, PPren gehiengo osoaz baliaturik, Mariano Rajoyk Mozal Legea indarrean ezarri zuenetik 766.416 herritar zigortu dira Lege honen bidez Estatu espainiarrean, Covid Pandemia iritsi aurretik. Hego Euskal Herri osoan emaitza ere izugarria izan da, Hego Euskal Herrian gehiengo sindikalak, politikoak eta baita instituzionalak ere Mozal Legearen aurkako iritzia eman duen arren. Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak, Ertzaintzak, Foralak eta Udaltzaingoak gutxienez, 28.000 espediente zabaldu dituzte, eta hauetatik 8.000 inguru eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako zigorrak dira.
2019an, PSOE eta Podemosek osaturiko Madrilgo Gobernu berria martxan jarri zutenean, Mozal Legea ahalik eta lasterren indargabetuko zutela iragarri zuten, baina ez da horrelakorik gertatu. Hori bai, 2020ko martxotik aurrera sortu zen Covid Pandemia garaian etekin ederra atera dio Espainiako Gobernuak Mozal Legeari, mota guztietako protesta sozial, zibil eta politikoak irmoki erasotzeko, oztopatzeko eta zigortzeko, baita Lege irizpideen aurka ere, gero ikusi denez… Covid garaian hamarnaka mila aldiz erabili dute Mozal Legea, inolako mugarik gabe.
Baina Madrilgo Gobernuak Mozal Legea indargabetzeko edota sakonki eraldatzeko nahiko babesa du Espainiako Parlamentoan, Pedro Sanchez presidenteari babesa eman zioten ezkerreko indar politiko parlamentario katalan, galiziar eta euskaldunak Mozal Legearen aurkakoak dira eta. Gauzak aldatzeko aukera egon badago, beraz.
Egun hauetan jakin dugu datorren otsailaren erdialdean martxan jarriko dela berriro Mozal Legearen inguruko eztabaida. Dirudienez, datozen hilabeteetan Parlamentuko Osoko Bilkuran bozkatuko den proposamena idazteaz arduratzen den Lan Taldeak bere lehen bileran, araudi berriaren 40 artikuluetatik lehen 19ak landu eta adostu omen ditu. Esaten denez, PSOEk eta Unidas Podemosek joan den azaroan adostutako Gobernuaren lehen zirriborroari talde parlamentario euskaldun, katalan eta gailegoek eginiko zuzenketa gehienak onartu omen ditu Gobernu espainiarrak.
Talde parlamentari horiek Polizia jardueren gaineko kontrol handiagoa eskatu dute eta gomazko pilotak debekatzea, esate baterako. Dirudienez, komisaldegietako identifikazioak bi ordutik gorakoak ez izatea ere adostu omen dute, salbuespenak salbuespen. Bide beretik, badirudi gertakari zehatz baten ondoren espontaneoki manifestatzen direnei zigorrak kentzea edota polizia jardueren irudiak hartzeko mugak ezabatzea ere onartu dutela. Hizkuntzen tratamenduei dagokienez, NAN eta pasaporteetan hizkuntza koofizialak erabiltzea ere adostu omen dute.
Aldiz, ez dago batere garbi zer pasako den desobedientziatzat jotzen diren jarduerekin. Zer pasako da milaka eta milaka herritarren zigorraren oinarrian dauden 36.6 eta 37.4 artikulu famatuekin? Desobedientzia, erresistentzia, identifikatzeari uko egitea edota ustezko errespetu faltak delitu izaten jarraituko dute? Eta gehiegikeriak egiten dituzten polizien zigorrak gogortuko al dira? Eta migranteen itzulera “beroak” baimenduko dituzte? Eta Poliziaren testigantzak egiazkoak eta lege baliozkoak izaten jarraituko dute? Gauza asko dago oraindik argitzeko.
Bitartean, eskuina dantzan hasi da Madrilen. Mozal Legearen erreformaren iragarpen hutsak milaka polizia, guardia zibil eta baita ertzain zein foral ere, kaleratu zituen Madrilen joan den azaroaren 27an, PP, Vox eta Ciudadanoseko buruzagien babesarekin. Polizien sindikatuek eta eskuinak azaldu dutenez, Mozal Legearen erreformak segurtasun indarretako kideak babesik gabe utziko omen ditu.
Pedro Sanchez presidentearentzat ez da egoera berria. Bere Gobernuak egiten dituen proposamenek askotan eskuinaren gaitzespen osoa jasotzen dute, eta Kongresura eramaten dituztenean, Gobernu espainiarraren aliatu parlamentarioek gutxiegitzat jotzen dituzte. Lan Erreformarekin halaxe gertatu berri da. Mozal Legearen erreformarekin ere gauza bera gerta daiteke. Beste zirku bat eskainiko ahal digute oraingoan ere?
Ez dago garbi zein izango den eztabaidaren azken emaitza; baina adituek, legelariek eta baita jendarte mugimenduko ordezkariek ere argi adierazi dute Gobernuaren proposamenaren inguruan gaur arte eginiko zuzenketek ez dituztela indargabetzen Mozal Legearen alderdirik kaltegarrienak. Hala bada, Mozal Legearen indargabetzetik oso urruti dago oraindik Pedro Sanchezen Gobernua.
Badirudi Lan Erreformaren kasuan bezala, Mozal Legearen inguruan Pedro Sanchezen Gobernuak ez duela PPren Mozal Legea indargabetzeko emandako hitza beteko. Gauzak horrela, Madrilgo Legebiltzarrean dauden euskal indar politikoei Mozal Legearen erreformari ere EZ esan diezaioten eskatzen diegu, Lan Erreformarekin egin duten moduan, hori baita euskaldun gehiengo oso zabalaren nahia.
Dena dela, zein nahi delarik bozketaren emaitza, euskal herritarrei dei egiten diegu gure eskubide sozial, zibil eta politikoen defentsan, desobedientziaren bideari eutsi diezaioten. Gure laguntza osoa izango dute.
IONE SAN ILDEFONSO eta JOSEBA ALVAREZ
ELEAK Libre mugimenduaren izenean
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!