Amesten duguna gorpuztuz
Joan ziren urteak lau urtaro zituen garaiak, uda eta negua geratu zaizkigu soilik, ohartarazten digute lurrari lotuta bizi diren gizakiek. Mendetan pilatutakoa segundotan xahutu duzue, ekozida handiustekoak, aurpegiratzen digu lurrak. Gero eta gosetuago nago, kexatzen dira gure patrikak. Eta gerra hau, eta etorriko direnak, inperioen arteko lehiagatik?, oihukatzen dute Errusia eta Ukrainako hilek. “Europa lorategia da eta munduaren gainerakoa oihana”, dio Europako diplomazia buru Borrellek, mediterraneoko hobi komunetik kilometro batzuetara. Imponer el vascuence es discriminatorio, leporatzen digute harro epaile eta politikari elebakarrek herritar halabeharrez elebidunoi. Feminismoa gizonen aurkako ideologia da, dio alfa arrak potroak mahai gainean jarrita; eta abortatzea bekatu, gaurko fetuen biharko bortxatzaileak. Estatuz gaindiko botereek eta neoliberalismoak sortutako miseria kudeatzera kondenatuta nago, zintzotzen da legebiltzarra. Handian amesteko eta agendan eragiteko gure gaitasuna oso mugatua da, esaten diogu elkarri herri mugimenduetako kideok.
Hori guztia onartzen, normaltzen jarraitu dezakegu, salbazio indibidualaren ameskerian sakontzen. Baina gu sinetsita gaude mundu hau bizigarri egingo dugula herri iraultzei esker, eta hori herri mugimenduen eta herrigintzaren bultzadarekin izango dela, edo ez dela izango. Ez gaur garenetik, badakigu, baina bai egunero eraikiz bihar izango garenetik: herri mugimendu indartsuak, auzo, herri, eskualde zein Euskal Herri mailan eragiteko gaitasuna dutenak, beren arteko elkarlana eta artikulazioa koipeztatuta dutenak. Hori bultzatuko duten guneen garrantzia aldarrikatu du Iraultza Txikien Akanpadak, ITAk, bere lehen ediziotik, eta herri iraultzak hauspotzen jarraituko dugu hirugarren honetan.
Estreinako ITA 2018an ospatu zen, Gipuzkoako Zubietan. Ondorengoko balorazio baikorrean erabaki zen bi urtean behin antolatzea akanpada, eta bakoitzean toki berri batean. Pandemiak urte betez atzeratu zuen bigarren edizioa, baina 2021ean Artea eta Basoako lagunek hartu zuten lekukoa Bizkaian. 2023 honetan Arabako Izarran antolatu dugu hirugarrenez herri mugimenduen, militanteen eta herrigintzan sinesten dutenenen topalekua. Edizio guztietan tokian tokiko eragile eta lagunek hartu dute antolaketaren zama nagusia, bakoitzean aurreko ITAn parte hartu duten zenbait pertsonen transmisio lanak lagunduta.
Amesten duguna gorpuztu nahi dugu Izarran uztailaren 19tik 23ra, ohi bezala bertaratzen garen guztion artean aterako dugu aurrera akanpada. Txikitik eragiteko eta handitzeko erremintak zorroztu nahi ditugu. Elkar ezagutu eta zaindu nahi dugu, baina gordin eta konfiantzaz eztabaidatu ere. Elkarrengandik ikasi eta desikasi nahi dugu. Eraldaketen motorra kalean sustraitutako herrigintza eta herri mugimenduak direla aldarrikatuko dugu.
Ez gatoz denbora pasa, gure eragiteko gaitasuna handitzea dugu helburu. Galderak beti bezain ezinbestekoak dira, baina garaiotan inoiz baino gehiago behar ditugu erantzunak ere. Nola eragin, nondik, nola artikulatu elkarren artean, nola uztartu txikia eta handia, nola unean unekoa eta begirada estrategikoa, nola egin bidea gaurko amesgaiztotik biharko herri iraultzetara. Konfiantza emango diguten erantzunak behar ditugu, beti auzitan egongo direnak baina helduleku sendo sentituko ditugunak. Hitzez ere osatutako erantzunak, baina batez ere desio iraultzaileez, borrokarako grinez, antolakuntzaz, proiektu eta egitura sendoez gorpuztutakoak. Helduleku kolektibo sendoen faltan, beldur, gerra eta ziurgabetasun garai honi indibidualki eta eskuinerago eginez erantzuten jarraituko dugu; helduleku horiek eraikiz gero, herri iraultzen hazi izan daitezke. Hauspotu ditzagun.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!