El relato y las victimas (Berria)
BERRIA 2012-05-15
Bi aldeetako samina aitortzearen alde egin dute Galdeanok eta Roderok
Biktimez eta gatazkaren kontakizunaz aritu dira ETAren biktima bat eta GALen beste bat mahai inguru batean Gasteizen
Edurne Begiristain Gasteiz
Euskal gatazkak eragindako sufrimenduak alde asko ditu. Atsekabeak eta saminak askotariko aurpegiak dituzte. Biktimak adina kontakizun daude. Errealitate hori islatu zen atzo Gasteizen, ETAren biktima bat eta GALen beste bat mahai berean eseri baitzituen Hala Bedi irratiak, Biktimak eta gatazkaren kontakizuna lelopean antolatutako hitzaldian. Carmen Galdeano Xabier Galdeano GALek hildako kazetariaren alaba eta Rosa Rodero ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna elkarren ondoan izan ziren, eta biek ala biek beste aldekoaren samina eta dolua aitortzearen alde egin zuten. Biktimekin batera sufrimendua gertutik pairatu duten beste bi lagun ere izan ziren atzoko hitzaldian: Joxean Agirre preso ohi eta Euskal Memoria fundazioko kidea eta Jexux Mari Mujika, Jose Mari Korta Bidetik fundazioko kidea.
Jasandako samina ahaztu gabe, etorkizunari itxaropenez begiratzeko beharra nabarmendu zuten lau hizlariek mahai inguruan. Etorkizunean Euskal Herrian elkarrekin bizi ahal izateko, beharrezkotzat jo zuten alde denen samina aitortzea.
Elkarrekin «gorrotorik eta mendekurik gabe» bizitzearen alde egin zuen Galdeanok, eta estatuaren biktimek norabide horretan egiten diren urratsak babestuko dituztela ziurtatu zuen: «Modu eraikitzailean eta elkarren arteko errespetua sustatuz jardungo dugu». Haren ustetan, alde batera utzi behar da «garaileen eta garaituen» arteko diskurtsoa, eta biktima guztien aitortza eta errespetua gauzatzeari ekin behar zaio.
Hala, orain artean estatuak eragindako biktimak ahaztuak izan direla salatu zuen, eta ETAk ez ezik estatuak ere eragindako samina aitortu behar duela esan zuen. «Etorkizunean atsekaberik berriro izan ez dadin, egia guztiak mahai gainean jarri behar ditugu».
Roderok aitortu zuen ETAk senarra hil izanak «sufrimendu izugarria» eragin diola, baina aurrera begiratzea ezinbestekotzat jo zuen. Izan ere, gatazkaren bi aldeak ezagutu izanak —bere senarra torturatua izan zen frankismo garaian eta handik urte askotara ETAk hil egin zuen— biktimen sufrimenduari buruzko ikuspegi zabalagoa eman diola azaldu zuen: «Herri honetan sufrimendu asko egon da, eta min ematen dit biktima batzuk ahaztuta egoteak».
Beste aldearen sufrimendua ulertzen duelako, etorkizuna denen artean eraiki beharko dela esan zuen. Jarrera hori izateagatik «iraindu» egin duten arren, sufritzen duen edozein biktimaren ondoan egoteko prest egongo dela ziurtatu zuen.
Mailaketarik ez
Euskal Memoria fundazioko kideak, bestalde, ETArenak ez diren 475 biktima «ezkutatu» nahia nabarmendu zuen. «Oraindik ere ezkutatu nahi diren biktima horiek argitara ateratzea» ezinbestekotzat jo zuen Agirrek, eta biktimen arteko mailaketa gaitzetsi zuen. Haren ustez, giza eskubideen urraketa berberek aitortza eta erreparazio berbera merezi dute biktimek.
Jexux Mari Mujikarentzat, berriz, elkarbizitza posible egiteko aniztasuna eta tolerantzia ezinbestekoak dira. Haren iritziz, Euskal Herrian azken 50 urteotan gizartea ez da gai izan bestearen sufrimendua aitortzeko, eta horrek zaildu egingo du adiskidetzeko bidea. Hala ere, ziur agertu zen hezkuntzaren bidetik belaunaldi berrietan ikuspegi aldaketa etorriko dela. Haren ustez, biktimek ere badute zer esanik bake bidean, «unibertsalizatu» daitekeen diskurtso bat erabiltzen badute eta kutsu politikoa duten diskurtsoetatik aldentzen badira. Presoek ere adiskidetzean lagundu beharko luketela gaineratu zuen.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!