Ustelkeriaren uzta eta arrantzura larrera joatea
Elhuyar hiztegian “Pedir peras al olmo”-ren esaeraren itzulpena honako hau izango litzateke: “Arrantzura larrera joan”. Nik, behintzat, ez nuen ezagutzen, baina ustelkeria eta klientelismo kasuen aurrean ezinbestean erabili beharreko terminoa da.
Izan ere, Arabako EAJko bigarren arduraduna izan zen De Miguel auziaren kondenak konfirmatu direnean, berriz entzun dugu halakoetan entzun beharrekoak. Hobeto esanda, jasan beharrekoak…
Halako kasuak agertzen direnean, zalaparta mediatikoak bultzatuta, gaitzespenak eta dimisio eskaerak ohikoak dira, baita arduren ikerketa azken muturreraino eramateko exijentziak. Gaiak daukan larritasunaz ez balitz izango, barregarriak izan zitekeen politikari zein tertuliakideen ahoetan entzun beharrekoak (tertulietan aritzen direnak iritzia sortzeko eragile politikoak direla ahaztu gabe). Barregarriak hain aurreikusteko modukoak izateagatik. Beste behin ere entzun behar dugu halako kasuak joera politiko guztietako pertsonekin gerta daitezkeela. Azken finean, tentaldian erortzen dena edonor izan daitekeela eta ustelkeria eta abantailaz baliatzea zeharkakoa dela… Auskalo genetikoa omen den…
Sagar ustelaren irudikapena oso ohikoa da kasu hauetan. Zenbatetan ez dugu entzun poliziaren gehiegikeria eta bortizkeriaren kasu zehatzak guztion begietara agertzen direnean, leku guztietan sagar ustel batzuk daudela, baina honek ezin duela zikindu multzoaren izena?; izan polizia, instituzio edo alderdiarena…
Baina, mezu guztien gainetik, kezka bat gailentzen da, era zuzenean edo ez hain zuzenean adierazita: sistema bera kolokan ez geratzea. Ardura politikoak dauzkaten ustelkeria aireratzen denean, politikari eta boterearen menpeko tertuliakide zerrenda luze bat izaten dugu kasua ikertzeko eskatzeko eta erori behar dena erortzeko exijitzeko. Honekin batera, beste mezu bat azpimarratuko dute: populazioak erakundeetan eta agintariengan konfiantza galtzea oso arriskutsua da, elkarbizitza sistema hau kolokan jartzen duelako eta ultraeskuinari atea irekitzen diolako.
Adierazpen hauek guztiek alde didaktiko oso nabarmena daukate. Honelako egoeretan oso erraz igartzen zaie batzuei zer ari dira defendatzen kritika sumindutik: sistema elitista eta desorekatu hau. Izan ere, ustelkeria eta klientelismoa sistemaren osagai intrintsekoa da, kapitalismoaren DNAn dago. Ez da salbuespena, baizik eta araua, ondo ezkutatuta badago ere. Kasu isolatuak ez dira ustelkeria kasuak. Kasu isolatuak dira, egoera batzuk tartean, kontrolpetik atera eta argitara ateratzen diren kasuak, De Miguel auzian gertatu den bezala. Enpresari askok esleipenak jasotzeko komisioak ordaintzea onartu ostean, norbait ausartu da hori salatzera. Ohikoa ez dena. Oso gutxi aitortu zaio pertsona horri egin zuen ekarpena…
Elite ekonomikoek diseinatutako eta kudeatutako sistema elitista honen kontra ez bada ezkerretik argi egiten, orduan bai, ultraeskuinaren populismoa etorriko da hutsune hori betetzera, eta formazio politikorik gabeko herritar askoren haserrea bideratuko du mezu sinplistekin. Horregatik, ezkerretik ustelkeria kasuen salaketa hutsetik askoz haratago joan behar da, eliteen probetxurako eraikitako eredu sozioekonomikoa salatzera eta borrokatzera, hain zuzen ere. Ustelkeria sistema kapitalistaren berezko fruitu oparoa da. Erakunde zein erakundeetatik kanpoko harreman sozioekonomikoetan ugalkorki ereinda. Kontua ez da sagar ustelez garbitzea, gutxi edo asko izanda, baizik eta beste landaketa-eremu eta eredu bat behar dugula. Izan ere, sagar-saski osoari sua eman behar zaio, gaitzaz ondo desinfektatzeko. Halakoetan ongarri bakarrak errautsak dira. Bitartean, ustelkeria sistema kudeatzen dutenei, klientelismo sistemikoaren emaitza diren agintari politikoei halakoekin bukatzeko eskatzea arrantzura larrera joatea bezala da.
¿Quieres apoyar a Hala Bedi?
En Hala Bedi construimos un proyecto comunicativo libre, comunitario y transformador. En el día a día, cientos de personas participamos en este proyecto, observando la realidad que nos afecta y tratando de transformarla junto a los movimientos populares.
Nuestros contenidos son libres porque nadie nos dicta qué podemos publicar y qué no. Y porque difundimos estos contenidos de forma libre y gratuita, con el objetivo de difundir, compartir y transformar.
Sin halabelarris, las socias y socios que apoyan económicamente a Hala Bedi, esto no sería posible. ¡Hazte halabelarri y apoya a Hala Bedi!