“Errolda eskubide eta betebehar bat dela” aldarrikatu zuten atzo Gasteizko kaleetan
Korda espazioan asteazkenean bizitako polizia bortizkeria salatuz hasi zuten mobilizazio amaierako hitzartzea. Txalo zaparrada batek jarraitu zuen “Korda auzotik eta auzoarentzat!” leloa.
Duela 2 urte jarri zuten martxan Erroldarik ez izaterik ez! plataformaren baitan antolatutako Gasteizko hainbat kolektibok “erroldarik gabe, izaterik ez!” kanpaina. 2022. urtean jada Udaletxeak Gasteizko auzokide askori erroldatzea ukatzen ari bai zitzaien. Plataformatik “Errolda eskubide eta betebehar bat dela” aldarrikatu zuten, “udalerri batean bizi diren pertsona guztiak inskribatzen diren erregistro bat” besterik ez dela argituz. “Oinarrizko baliabideak” eskuratzeko errolda ezinbestekoa dela gogoratu zuten amaierako hitzartzean, “hala nola gizarte-babeseko, osasuneko eta lan-eskubideetako” sistemetan.
Errolda ukatzearen atzean, Gasteizko Udalaren, etxe-agentzien eta etxe jabeen filtro eta politika arrazistak daudela salatu zuten baita ere. Plataformaren erranetan “atzerritarrei buruzko Lege kriminalaren ondorioz egoera administratibo irregularrean eta lan-baimenik gabe” daudenei eragiten die gehien errolda ukatzeak.
Modu honetan, errolda ukatuz “ehunka bizilagunei oinarrizko baliabideak eskuratzeko” eskubidea eragozten dutela salatu zuten. Osasun arloko hainbat kasu jarri zituzten adibide gisa: “Alde Zaharreko bizilagun batek ezin izan zuen abortatu, Gasteizko Udalak erroldatzea ukatu ziolako, edo gure Errotako bizilagun batek, gaixotasun diagnostikatu batekin, behar zuen tratamendu medikoa jasotzeko aukerarik gabe dago Udaletxearen erruz.”
Plataformaren arabera “Zapalkuntza eta esplotazio-egoera handienean dauden pertsonak dira bidegabekeria hori zuzenean jasaten dutenak.” Beste kasu askotan bizilagun askok Gasteizen bizitako urteak justifikatu ezinik, horren adibide da Adurtzako lagun bati gertatutakoa, erroldaren faltan, ” behar baino urte gehiago” itxaron behar baitzituen bere administrazio-egoera erregularizatu ahal izateko. Pertsona askorentzat “errolda existentzia kontua” dela azpimaratu zuten.
“Txiroen aurkako gerra bertan behera utzi” eta jabe eta errentarien inpunitatearen aurka borrokatzeko deia zabalduz itxi zuten amaierako hitzartzea, “inolako baldintzarik gabe erroldatzeko eskubidea” aldarrikatuz, errolda eta eskubideak lortzearen bidean antolatzeko beharra helaraziz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!