Urriaren 12an mobilizatzeko deia egin dute, Falangearen ekitaldiaren harira
Ohar baten bidez zabaldu dute deialdia. Falangeak "ideia arrazista, matxista, klasista eta espainolistak" zabaltzen dituela adierazi dute, eta faxismoari ezin zaiola "kalean" tokirik utzi.
Espainiako Falangea alderdi faxistak ekitaldia egingo du Gasteizen urriaren 12an, “Hispanitatearen eguna” deitzen dutenean, Espainiaren batasuna goraipatzeko. Sare sozialetan zabaldu dutenez, 12:00etan elkartuko dira Probintzia Plazan.
Deialdi horri erantzuteko mobilizazio baten berri izan du Hala Bedi irratiak. “Faxismoaren aurrean klase batasuna. Falangea suntsitu” lelopean, 11.30etan Marqués de la Alameda plazan elkartzeko deia luzatu dute, hedabide honek jaso duen ohar batean.
Hiru ideia jaso dituzte ohar horretan. Lehena, “faxismoaren gorakada nabarmena” ematen ari dela azken urteetan, eta gorakada horri “kalean erantzun” behar zaiola, “faxismoari tokirik ez uzteko”.
Bigarrena, Falangeak “ideia arrazista, matxista, klasista eta espainolistak” zabaltzen dituela.
Eta, azkenik, “faxismoari klase batasunez erantzun” behar zaiola, “bere ideiak kaleetatik ateratzeko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!


