Sei hilabeteko borrokaren ostean, CARMEko langileek murrizketarik ez egotea lortu dute
Pasa den igandean argitaratu zuen plegu berria aldundiak. Kontratazio agiri berrian, langileen aldarrikapen gehienak jaso dira, eta indarkeria matxistaren biktimak artatzeko baliabideak handituko dira aurrerantzean.
Aurreko maiatzean hasi ziren borrokan CARMEko langileak, Arabako Foru Aldundiak zazpi langile kaleratzea eta genero indarkeriaren biktimentzako harrera zentroaren aurrekontuan %30eko murrizketak proposatu zituenean. Langileek hasieratik salatu zuten aldundiak eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak indarkeria matxistaren biktimentzako arreta prekarizatu nahi zutela. Azaldu dutenez, borrokak iraun duen bitartean, erakundeek uko egin diote langileekin elkartzeari.
Sei hilabeteko protesta ziklo ostean, aldundiak kontratazio agiri berri bat aurkeztu du, zeinak langileen aldarrikapen gehienak jaso dituen. Alde batetik, bi emakume gehiago artatuko ditu zentroak, beraz, guztira zortzi emakume eta haien ardurapeko pertsonentzako eskaintza egongo da. Horretaz aparte, zentrotik atera ondorengo jarraipena ere egingo du zerbitzuak. Bestetik, CARMEk orain arte izan duena baino aurrekontu handiagoa lortu du, zehazki 25.000 euro gehiago urtean, maiatzean proposatzen zena baino 400.000 euro gehiago. Modu horretan, arriskuan zeuden lanpostuak mantenduko direla bermatuko da.
Borrokak merezi du
Langileek eta ESK sindikatuak adierazi dutenez, «salaketa publikoa, kaleetako mobilizazioa, mugimendu feministarekin egindako sareak, beste erakunde sindikal eta mugimendu sozial batzuk eta ekintza juridikoa eraginkorrak izan dira» aldundiak ezarri nahi zituzten murrizketen kontra egiteko. Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko zerbitzuak hobetzeko bidea «hasi baino ez dela egin» azaldu dute, eta bere borrokak jaso duen babes guztia eskertu dute langileek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
