Polizia jarduerak eta El Correoren artikulua salatu du Errekaleor Bizirikek
Errekaleor Bizirikek komunikatu bat plazaratu du El Correo egunkarian David Gonzalezek idatzitako artikulu bati erantzun eta azken asteetako operatibo polizialak salatzeko. Auzoan egiten ari diren polizia jardueren eta David Gonzalezek idatzitako artikuluaren atzean Errekaleor auzoa kriminalizatzeko eta auzoa Gasteizko herritarrengandik urruntzeko saiakera dagoela adierazi du kolektiboak. Jarraian Errekaleor Bizirikek kaleratu duen komunikatua:

Argazkia: Errekaleor Bizirik
Orain dela egun batzuk, El Correo egunkariak Errekaleorri buruzko albistea argitaratu zuen. Artikulu honetan, D. González kazetariak, pasaden Abenduaren 1ean, astelehenarekin, gertatuakoaz idatzi zuen. Albistearen hasierak auzoan ohikoa ez den poliziaren presentzia bizi izan zela kontatzen du, eta bukatzeko, artikulu berak iturri polizialetan oinarrituz hurrengoa baieztatzen du: «azken asteetan Errekaleorreko profilarekin bat ez datozen pertsona batzuk bizi dira, ohiko profila ezker erradikalari lotuta egonik».
Errekaleor Bizirik!! proiektutik, auzoa eta bertan garatzen dugun proiektu politiko eta komunitarioa kriminalizatzeko saiakera berri baten aurrean gaudela salatu nahi dugu. Egoera zehatz honetan, gehiegizko presentzia polizialari, Errekaleorreko irudia manipulatzeko helburua duen prentsako narratibak lagundu dio. D. González-ek idatzitako artikulua auzoa kriminalizatzeko eta isolatzeko saiakera delakoan gaude, honen bitartez Errekaleor Gasteizko biztanleriarengandik aldentzeko. 12 urteetan hemen garatu dugun proeiktuaren kontrako iritzi publikoa sortzeko argudiaketa eratzen ari dira. Ez da lehenego aldia El Correo egunkariak holakorik egiten duenik, poliziaren edota Errekaleor Bizirik!! erasotzen dutenen esanak errepikatuz, hauek gezurra badira ere.
Errekaleor Bizirik!!-ek, 2013ko irailetik auzo honetako kaleak hamabi urtez bizitzaz bete izan dituen proiektuak bere horretan dirau. Autogestioan eta okupazioan sustraituta, oinarri kapitalistetatik at elkarbizitzarako eta bizitzarako espazioa sortu nahi duen proiektua da. Zentzu berean, auzolana, asanblada eta autogestioaren bitartez, partekatzen ditugun espazioak zein etxebizitzak eraberritu ditugu. 12 urte hauetan, 500 pertsonek baino gehiago izan dute Errekaleorren haien etxea. Haietako bakoitzak, bere nortasunari esker, proiektu komunitario hau elikatu du, gaur egungo errealitatea denon artean eraiki baitugu. Hemen bizi garenok proiektuarekiko konpromisoa hartzen dugu, eta bere bizitza politiko zein komunitarioan parte hartzen dugu. Honetaz gain, hona heltzerakoan, gure arteko harremanak zaintzan eta elkarrekiko errespetuan oinarritu behar direla onartzen dugu, hau bideratzeko, denon artean adostutako elkarbizitza arauak izanik.
Orain dela 8 urtetik irla energetikoa bihurtu ginela azpimarratu behar dugu ere. 2017ko argi-mozketaren ostean, ehundaka pertsonek emandako elkartasun ekarpen ekonomikoari esker eraikitako eguzki plaka sistemak hornitzen gaitu. Hori dela eta, gezurra da albisteak esaten duena, gezurra da «legez kanpo argindarrari engantxatuta» gaudenik. Honen jakitun bada D. González, “Errekaleorren aditua” den polizia eta auzoa zein proiektua ezagutzen duen edonor.
Hedatutako informazio honen bitartez, polizia eta El Correo Gasteizko biztanleria auzoaren kontra kokatzen saiatzen ari da. Hemen bizi dugun errealitatea ukatu edota manipulatu egiten dute, herritarrok gure bizitzak eskuetan har ditzakegula izkutatzeko. Etxebizitza gutxi batzuk aberasteko merkantzia ez balitz izango, beraiek lan asalariatua eta hipotekaren artean itota biziko ez liratekeela ikus ez dezaten. Parekoen artean egunerokotasunari dagozkion aferak erabaki ahal dituztela beste batzuek haien bizitzen norabidea zehaztu beharrean konturatu ez daitezen. Hemen gure kultura, gure aisialdia, gure kirola, gure energia kudeatzen dugunaren berri ez izateko, ondorioz eredu honetaz ez kutsatzeko… bestela errez ulertuko dute pausuz pausu autogestiorako bidea eraiki dezaketeela beste batzuk haien bizitzak kontrolatu beharrean.
Eraso berri hau Gasteiz eta Errekaleorren arteko harresia izatea nahi dute. Baina iraganean ez zuten lortu eta oraingoan ere ez dute egingo. Auzoa zabalik dago ezagutu nahi duen ororentzat, ortua bertan jarri nahi duenarentzat, dohako kultura autogestionatuaz gozatu nahi duenarentzat, Herri gimnasiora entrenatzera etorri nahi duenarentzat…
Errekaleor Bizirik!! beti egongo da Gasteizko herritarrentzat zabalik. Lehengo eta oraingo auzokideek amestutako mundu hobearen utopia izan da eta izango da, eta haien gezurren aurrean ez dugu etsiko.
Berreskuratutako espazio honetan autoantolatutako eta autogestionatutako auzoa eraikitzen jarraitzen dugu. Eta gure bizitzak defendatzen dituen eta kapitala kolokan jartzen duen Errekaleor Bizirik!! proiektuak zutik jarrai dezan autodefentsa gauzatzeko hautu irmoa dugu.
GORA AUZODEFENTSA!!!
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
