Jesus Maria Markiegi “Motriko”, 50 urte
Gaur duela 50 urte Guardia Zibilak Jesus Maria Markiegi Aiastui Motriko hil zuen. 20 urte besterik ez zituen, baina arrasto sakona utzi zuen Gasteizko bizitza politiko zein kulturalean.
Jon Martinez Larrea
Markiegi Arrasateko Arttubi baserrian jaio arren, umea zenean bere familiarekin Zaramagara lekualdatu zen eta bertan hezi zen. Nerabezaroan Jesus Obreron ikasi zuen eta garatzen ari zen oposizio antifrankistarekin bat egin zuen. Klaseko delegatua zenez, 1972ko Michelingo grebarekin elkartasunez egindako mobilizazioak sustatu zituen, eta horrek bere kanporaketa ekarri zuen. Bertan ere Enrique Gomez Korta ezagutu zuen, lagun banaezin bihurtuz.
Euskalduna izanik, Gasteizko giro euskaltzalean murgildu zen. Bere eragina nabaritu zen musikagintzan, esaterako, Patxi Villamor kantautore laguntzeko Egia boskote eratu zuen hainbat lagunekin, tartean, Hertzainakeko sortzailea izango zen Josu Zabalarekin.
Abesti batzuk ere konposatu zituen, geroago argitaratu zirenak, ezagunena Gontzal Mendibil eta Xeberrik grabatutako “Kapitalismoak”, bertan sistema kapitalistaren zapalketa salatzen zuen: “Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa izan dadila guretzat indar askatzailea”. Ezezagunagoa da “Gabean amets egin dut”, Patxi Villamorrek “Nora zoaz” diskoan sartu zuena. Euskal Herri libre baten ametsa kontatzen zuen, baina egi bihurtzeko borrokaren beharra azpimarratzen zuen. Bestetik, bere omenez, Amets taldeak “Bai, bihar” abestia egin zuen.
https://www.youtube.com/watch?v=f1tDiLeYQ9g
1974an, Kortarekin batera, Arrasatera lekualdatu ziren lan egiteko, baina laster ihes egin zuten, ordurako ETAko kideak zirela eta. Guardia Zibilaren arabera, Araban izandako hainbat ekintzetan parte hartu zuen Markiegik, besteak beste, Aguraingo Curtidos Lopez de Heredia enpresa eta Gasteizko Banco de Bilbaoren bulegoaren atrakuak, edo Armentiako Bentetan izandako tiroketa bat. (Norte Expres, 1975eko maiatzak 15).
1975eko apirilaren 25ean ezarri zen Salbuespen Egoera Bizkaian eta Gipuzkoan, eta oro har, errepresioa gogortu zen Euskal Herri osoan. Errepresioa bereziki gogorra izan zen eskualde batzuetan Busturialdea bezala; bertako Guardia Zibilaren kuartelaren burua Manuel Hidalgo kapitaina zen, Jose Angel Etxaniz historialariaren ustez, zen “un peligroso psicópata con licencia infinita y con innumerables medios humanos y materiales…”. Eskualdean atxiloketak, torturak eta gerra zikinaren atentatuak ugaritu ziren, terrorearen klima bat ezarriz.
Orduan Motriko eta beste kide bat Gernikako etxe batean babestuta zeuden, baina maiatzaren 14aren lehenengo orduetan Guardia Zibilak etxea inguratu zuen eta tiroketa bat egon zen. Etxeko jabeak, Iñaki Garai eta Blanca Salegi, metrailatuak izan ziren gupidarik gabe. Markiegi eta beste kide batek, aldiz, leihotik jauzi egin zuten, baina ateratzerakoan Guardia Zibilaren teniente Domingo Sanchez Muñozekin topo egin zuten, eta tiroketa bat izan zen, tenientea hilda gertatuz. Markiegik zauritua ihes egin zuen, eta Ajangizeko Mendieta baserriko bizilagunen laguntza jaso ostean, ondoko etxola batean ezkutatu zen. Bertsio ofizialaren arabera beste tiroketa bat izan zen. Hipolito Bustinza baserritarrak, ordea, gertatukoa azaldu zuen Noticias del País Vasco durante el Estado de Excepción agerkari klandestinoan, adierazi zuenez:
Por razones humanitarias ayudé a curar la herida de un muchacho que se acercó al caserío sangrando por la rodilla. Seguidamente llegaron más de 200 guardias civiles, y pese a que el muchacho no disparó, pues no iba armado, le mataron a tiros, allí mismo. Yo no sabía ni que el muchacho fuese de ETA, ni nada de lo ocurrido en Gernika. Nos llevaron a la vecina –viuda de 51 años-, a la cuñada de 47 años, a su marido Valentín Inchausti, y a mí, al cuartelillo de la Guardia Civil de Gernika. Sin más explicaciones nos empezaron a maltratar, primero, lamentándose de no habernos matado también a todos los del caserío; luego con patadas y puñetazos. Me pusieron el cañón de fusiles y pistolas apuntando en el estómago y a las costillas, pinchando y amenazando con disparar y darme muerte…
Motrikoren gorpua hainbat ordu egon zen plastiko batean bilduta sastraken artean kuartelaren ondoan. Bestetik, bere heriotzaren berri laster zabaldu zen Gasteizen, Amparo Lasherasek gogoratzen duenez, “La indignación corrió rápida en el boca a boca de la clandestinidad. “La Guardia Civil ha matado a Motriko”, se repitió una y otra vez. El primer impulso de los que le conocieron fue subir a la Kutxi, buscar a su hermano y entregarle en un abrazo toda la solidaridad política y humana”.
Bere hileta maiatzaren 16an ospatu zuten 5 apaizek leporaino beteta zegoen Zaramagako Belen elizan. Poliziaren arabera, 1.500 pertsona inguru bildu ziren. Ez zen bere omenez egindako azken ekitaldia, maiatzaren 25ean beste meza bat egin zen Estibalizen. Hala ere, aurreko egunetan atentatu bat izan zen monasterioko dendaren aurka. Azpimarragarria da informazio zerbitzuen txostenean ez zegoelako apenas informaziorik susmagarriei buruz, aitzitik, monasterioko monjeei buruzko informazio ugari agertzen zen. Beren ideologia abertzalea azpimarratzeaz gain, Ixidor Baztarrika prioreak Motrikoren hiletan parte hartu zuela nabarmentzen zen.
Atentatua gorabehera, 500 pertsona inguru bildu ziren, eta homilian apaizak Markiegiren borroka talde parapolizialarekin kontrajarri zuen: “la violencia es comprensible e incluso recomendable si la lucha es justa. No hay que confundir al que lucha por la justicia (se refiere a “Marqui”) con esos guerrilleros de pacotilla y de salón” (se refiere al “terrorismo blanco”)”. (541a Comandancia de la Guardia Civil, “Informe sobre el estado de excepción. 26 de abril–26 de julio 1975”. Bizkaiko Gobernu Zibilaren Artxiboa)
Errepresioak errepresio, Motrikoren omenez egindako mezetan islatu zen Arabako oposizioaren garrantzia gero eta handiagoa zela. Erregimenaren krudelkeriak ezin zuen oposizioa garaitu eta gizartearen sektore askotan hausturaren beharra zabaldu zen.
Iturria: Euskal Memoria Digitala
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!