Jendetza mobilizatu da Palestinaren alde, Israelek ontzidiari eraso egin ostean
Palestinaren aldeko mobilizazio eguna izan da gaurkoa. Goizean greba egin dute ikastetxe eta unibertsitateetan, eta arratsaldean manifestazio jendetsua Gazarako Mugimendu Globalak eta Palestinarekin Elkartasunak deituta.
70.000tik gora dira dagoeneko Israelek hildako palestinarrak. Bitartean, Gaza aire zabaleko kontzentrazio esparru bihurtu dute, eta bizirik jarraitzen dutenei etengabeko mehatxua, gosetea, apartheida, Gaza hiriaren inbasioa eta ofentsiba orokorra. Gainera, laguntza humanitarioa sartzeko korridore bat irekitzen saiatu den Global Sumud Flotillari eraso egin dio bart estatu sionistak. Gaur itsasontziak atzeman dituzte eta legez kanpo bahitu dute tripulazioa.
Gaur arratsaldeko 19.00retan, Gazarako Mugimendu Globalak deituta, milaka lagun atera dira Gasteizko Bilbo Plazatik. Bake kalea bete egin dute manifestariek, eta oihu artean egin du aurrera Andra Mari Zuriaren plazaraino. Palestinar erresistentziaren aldeko aldarriak entzun dira batez ere, eta “ez da gerra, genozidioa da” ziotenak. Ontzidiaren aldeko mobilizazioan Palestinaren askatasunaren aldeko leloak izan dira nagusi.
Mugimenduak gogor salatu du “Israelgo okupazio indarrek nazioarteko uretan, nazio itsas-eskubidea urratuz” egindako erasoa. Ontzidiak “laguntza humanitario ezinbestekoa” zeramala gogorarazi dute eta Gazako Zerrendan ezarritako “blokeo” kriminala haustea” zuela helburu.
Horrelako misio humanitario bati eraso egitea krimena dela baieztatu dute, nazioarteko legedia urratzen duela. Zigorgabetasuna eta nazioarteko instituzioen konplizitatea gaitzetsi dute.
AEBko presidente Donald Trump-en bake plana ere gogor kritikatu dute: “Ez da bake plana, okupazioa sendotzeko eta palestinar herriaren sufrimendua betikotzeko saiakera da”.
Ontzidiaren aurkako erasoa herri palestinarraren aurkako genozidioaren testuinguruan kokatu dute: “Ofentsiba sistemakoa da eta herri oso baten existentzia ezabatu nahi du”. Palestinar herriarekin “hautsi ezin den konpromisoa” berretsi dute.
Ehunka ikaslek greba egin dute goizean
Gaur goizean goizetik hasi da mugimendua, baina. Ikasle Abertzaleak-ek deituta, eskola eta unibertsitateetan greba egin dute Euskal Herri osoan, eta Gasteizen ere ehunka ikasle atera dira kalera.
Mugimendu Sozialistako ikasle antolakundeak ere Ontzidiaren aurkako erasoak gaitzetsi ditu, eta iruzurtzat jo dute Trumpen ustezko bake plana.
Arka Plazan egindako elkarretaratzean Israelgo Estatuaren Mendebaldeko konplizeen hipokrisia salatu dute Palestinar Estatua “sinbolikoki” aitortu bai, baina “Estatu Batuen plana babesten dutelako, Gaza guztiz okupatzeko plana, alegia”. Zuzenean seinalatu dituzte CAF, EHU, Eusko Jaurlaritza eta BBVA ere, besteak beste.
Adierazi dute, halaber, Israelen suntsipena dela alternatiba bakarra “Palestinar herriak bizirauteko”. Ezinbestekotzat jo dute, bide horretan, “Isaelen aurka mobilizatzea” eta “palestinar erresistentzia babestea”.

Tranbiaren bidea moztu dute ekintzaile batzuek
Bestalde, goizeko 12.30ak aldera, Halaber, 12:30ak aldera Palestinaren alde eta Israelen erasoaren kontra Gasteizko tranbiaren ibilbidea gelditu dute hainbat aktibistek Alava Jeneralaren kalean. ARABAKO ALEAk jaso duenez, minutu batzuk izan dira geldirik tranbia eta hiriko autobusak.

Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
