Euskarabentura 2020
EUSKARABENTURA 2020
2020ko uztailaren 1etik 31ra bitarte, EuskarAbentura oinezko espedizioaren hirugarren ekitaldiak Euskal Herria zeharkatuko du. 2003-2004 urteetan jaioa bazara, euskararen lurraldearen historiaz, gure
kulturaz eta natur altxorrez gehiago jakin nahi baduzu, hau da zure abentura! Eman izena!
Hitz horiekin aurkezten zaigu ekimen txalogarri hori bere webgune propioan. Eta txalogarri deritzot
ekimenari, besteak beste euskarari egiten dion ekarpenaren ikuspuntutik. Nagusiki erdara hutsean
funtzionatzen duen gure gizarte honetan, leiho argitsua irekitzen zaio gure hizkuntzari. Ez da hutsala 16-
17 urteko 120 bat neska-mutil euskal geografian, kulturan eta historian murgiltzea, abentura kutsua
duen euskarazko espedizio horren bitartez. Lagunarteko giroan hilabete bat ondo pasatzea eta, gainera,
euskaraz ez da makala!
Abentura hezitzaile horretan euskara hezkuntza sistematik atera eta eremu ludikora igarotzen da.
Ehunka kilometro oinez eginda, eguneroko eginkizunetan ardurak hartuz, ibilbide horretan hainbat
txoko, elkarte eta ekintza kilikagarri ezagutuz, eta lagun berriak eginez, euskara barru-barruraino
sartuko zaie parte hartuko duten neska-mutilei. Bihotzaren erdi-erdian sendo txertatuko zaizkie euskara
eta euskararen mundua.
Euskal Herriko zein euskal diasporako gazteei zuzentzen zaie EuskarAbentura, eta espero izatekoa da
Arabatik ere multzo politak emango duela izena. Oso pozgarria litzateke hori. Beraz, animo gazte
arabarrok EuskarAbentura zain duzue eta!
Iñaki Martínez de Luna
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!