IRITZIA | Arkillos 10: “Bizilagun ohi batzuek publiko egoin duten irakurketaren asanbladaren erantzuna”
Astearte honetan Arkillos 10eko bizilagun ohi batzuek publiko egin duten irakurketa dela eta, erantzuteko beharrean aurkitu dugu gure burua. Gure etxeko asanbladan emandako eztabaida bat izanik, gure partetik ez geneukan hautsak arrotzeko asmorik. Baina, argitaratu den errelatoa eta bertatik ateratako ondorioak interesatuak direla uste dugunez, beharrezkoa ikusi dugu testuaren edukia gezurtatu eta errelatoaren intentzioak seinalatzea. Ez daukagu asmorik talka honekin gehiago luzatzeko.
Astearte honetan Arkillos 10eko bizilagun ohi batzuek publiko egin duten irakurketa dela eta, erantzuteko beharrean aurkitu dugu gure burua. Gure etxeko asanbladan emandako eztabaida bat izanik, gure partetik ez geneukan hautsak arrotzeko asmorik. Baina, argitaratu den errelatoa eta bertatik ateratako ondorioak interesatuak direla uste dugunez, beharrezkoa ikusi dugu testuaren edukia gezurtatu eta errelatoaren intentzioak seinalatzea. Ez daukagu asmorik talka honekin gehiago luzatzeko.
Gure ustez, eztabaida politikoa bi gairen bueltan zentratu beharko litzateke: espazio okupatuen defentsa eraginkor bat antolatzea eta erabakien inguruko prozedura demokratikoak sistematizatzea. Aipaturiko terminoetan neurtuko da proposamen baten ala bestearen eraginkortasuna eta justizia maila, proposamena egiten duena edonor izanda ere. Behin hau esanda, ez zaigu egokia iruditu etxekoak vs. Ildo sozialista dikotomiaren arabera ardaztu izana Maite eta Rubenen testua. Maniobra diskurtsibo horren bidez, gu Arkillosekiko zerbait arrotza bagina bezala aurkeztu gaituzte, bien bitartean Arkilloseko bizilagunen gehiengoa osatzen dugunean eta urte hauetan espazioaren mantenuaz arduratu garenean. Gainera, ustezko posizio neutral eta distantziakidea mantentzea posible delako ideia ez da zuzena, ez baitago zertan afiliazio politiko zehatz bat eduki beharrik premisa ideologikoen arabera jarduteko. Haatik, testuaren egileek hasieratik “Ildo sozialistakoak” bezala izenpetu gaituzte, baina zintzoak izateko egileei euren burua aurkeztea falta zitzaien. Izan ere, bi sinatzaileetako bat Ezker Abertzale Ofizialistako kide ezagun bat da. Bestalde, Arkilloseko kide ohi horietako batzuk ere Ezker Abertzale Ofizialistaren gertukoak dira, eta aspaldi honetan Gasteizko ofizialismoa tamalez zerbaitek bereizgarri bihurtu badu, hori “disidentziaren” -bereziki mugimendu sozialistaren- aurkako difamazio kanpaina iraunkor eta nekaezina aurrera eramatea izan da.
Arkillos 10 etxetik norbanako eta kolektibo ugari pasatu dira okupatu zenetik eta nola ez, aitortza bat zor diegu guztiek egindako lanari. Alabaina, urte hauetan zehar etxeko asanbladak izan du uneoro espazioaren gainean erabakitzeko eskumena. Kezkagarria deritzogu erantzuten gabiltzan testuko idazleen gertukoen zati batek nola kondenatu gaituen etxeko asanbladaren gehiengoaren ikuspuntua ezagutu aurretik.
Beraz, kaleratutako iritzi artikuluaren xedea argia da: mugimendu politiko bat, honek sortzen dituen tresnak eta bertako militanteak kosta ala kosta kolpatzea. Azkenengo egunotan hamaika kasu ikusi ditugu intentzio hori berresten dutena.
Gertakariak
Publiko egin duten bezala, urria amaieran ITEa pasatzeko exijentzia heldu zitzaigun udalaren partetik. Eraikina egoera onean egonik ere, denbora gutxian lan handia egiteko beharra azaleratu zuen Arkillosek aurrera jarrai zezan. Horretarako, etxearen gehiengoak Errakiren sarearen parte izateko proposamena egin genuen, arrisku egoerari aurre egiteko aukerarik onena zelakoan.
Irakurketa atera duten bi pertsonek bai ala bai ekidin nahi izan zuten Errakiren parte hartzea Arkillosen. Are gehiago, beraien aliatu politikotzat zituzten eragileak mobilizatu zituzten honako mezu hau zabalduz:
“Kaixo majikxs!
Arkillosen ataka batean gaude. Udalak ITE bat pasatu nahi du etxean. Hori dela eta, hainbat lan egin beharrrean gaude, eta auzolanen batean parte hartu dezazuen idazten dizuet: margoketa, iheltsoa, pladurra ate bat jarri…
Horrez gain badira gauza gehiagorik. Ataka honen aurrean etxeko kide batzuek proposamena jarri dute mahaigainean: ERRAKIk lagunduko luke ekonomiko zein giza baliabidez, etxea ERRAKIren parte bilatzearen truke.
Arkillos jende, erakunde, eta talde askoren bilera leku, antzeleku, tailer eta bilegune izan da. Une honetan konplizitate horiek aktibatu behar ditugu.
Zure laguntza beharrezkoa da!!”
Aurrez aipaturiko mezu “formal” honetaz gain, “Errakiren mehatxua” ekiditeko mezua ahoz aho zabaltzen ari ziren. Ikusten den bezala, bi bizilagun ohiek bi helburu bilatzen zituzten: Arkillosek ITEa pasatzea eta Errakiren ustezko mehatxuetatik “urruntzea”.
Hala, idazleek testuan bi proposamen zeudela mahaigaineratzen duten arren, bi proposamenek ez zuten elaborazio bera.
Haien proposamena asteburu batean auzolan ireki batzuk deitzea zen, eta horretarako (eta Errakira ez binkulatzeko) 40 pertsona lotu zituzten. Gurea, ordea, hau zen: Errakira saretzea eta horrek berekin dakartzan obra plan, material prestaketa eta astebeteko auzolanetako txanda guztiak beterik egongo zirela bermatzea. Lanen nolakotasuna ikusita, 7 egunetan goiz eta arratsalde talde txikietan gauzatu behar ziren halabeharrez, eta ez asteburu bakar batean. Gure proposamenak berme gehiago ematen zituen, are gehiago, beraien proposamena konpromiso informalean oinarritutakoa izanik, ez zuen hain tarte txikian obra egiteko bermerik ematen, ez zen egingarria. Gainera, esanguratsua deritzogu etxetik ospa egitea erabaki zuten horien jarrera; Errakin saretu ostean, eta obretan geunden bitartean, ITEa gainditzeko auzolanetarako behar genituen erreminta eta materialak eramatera etorri baitziren. Horrez gain, Errakira saretu eta gero 40 pertsona horietatik inor ez da agertu antolatuta genituen auzolanetara, eta horrek agerian uzten du ITEa pasatzea baino, garrantzitsuagoa zela eurentzako Errakira saretzea ekiditea.
Bi proposamenen artean erabakitzea urgentziazkoa zen arren hiru asanblada eskaini genizkion erabakia hartzeari. Asanblada eta asanblada artean giroa gaiztotu eta kontrakotasuna handitu besterik ez zen egin etxekoen artean. Giro horretan, behin eta berriz saiatu ginen azaltzen Errakirekin saretzeak ez zuela Arkillosen autonomia inondik inora urratzen eta ez zegoela pisuzko arrazoirik horrelako erreminta bati uko egiteko.
Zintzoak izanda, horrek guztiak bi aukeraren aurrean uzten gintuen: batetik, Errakira saretzearen bozketa aurrera eramatea eta espazioaren mantenuan bermeak irabaztea, erabaki hori hartu izanagatik aipaturiko bi kideak gure aurka oldartuko zirela jakitearen arriskuak gure eginda, edo bestetik, bi kide hauen xantaien aurrean amore ematea. Bigarren aukera babestearen kasuan, bi elementu hartzen genituen kontuan batez ere: lehenik, argudio irrazionaletan eta Errakirekiko aurkakotasun negoziaezinean (euren marra gorria Errakira saretzea zen, hori frogatu dute ekintzek) oinarritzen ziren beto eta presioen aurrean etsitzen ari ginen; bigarrenik, auzolanek beharrezko lanak ez betetzearen arriskua biderkatzen zen. Horrela, argi gelditu zen eztabaidari denbora gehiago eskainita ere, honek ez lukeela egoera desblokeatuko. Egoera kontsentsu bidez askatzea ezinezkoa zela jakinda, erabakia hartzeko gehiengoaren iritzia gauzatuko zela adostu genuen etxeko kide guztion artean. Behin erabakia hartuta, etxetik alde egitea erabaki zuten gelditzeko gonbita luzatu bagenien ere.
Honekin jarraituz, erabakiaren zergatia azaltzeko, Erraki zertan datzan azaltzea beharrezko ikusten dugu:
Errakirekin saretzeko ez dago mugimendu sozialistaren parte izan beharrik, Errakik ez baitu gune binkulatuen politikan eta erabakietan esku hartzerik. Parte hartzeko baldintza bakarra, printzipio orokor ez baztertzaileen arabera jardutea da; inolako genero zapalkuntzarik, klasismorik, arrazismorik… ez onartzea, alegia. Beraz, Errakik ez du gune binkulatuen eguneroko jarduna baldintzatzen eta guk dakigula, gaur- gaurkoz inork ez du kontrakorik frogatu. Erraki espazioen defentsari begira, lanaren banaketa eraginkor bat egiten duen eragilea da. Errakik ez du ildo politiko batekiko “subordinazio eta diziplina” exijitzen, arriskuan dauden gainerako gune binkulatuen defentsarako lan banaketan parte hartzeko konpromisoa baizik: elkartasun pankartak egin, lan egunak…
Hortaz, Errakirekin binkulatzea, sarearen parte diren beste kolektiboen laguntza jasotzeko baldintza da. Hau da, 70 pertsona gure etxera lanera etorri badira, beste gune batzuetara gu ere joatea da eskatu zaigun minimoa. Hots, elkartasun antolatuaren printzipioaren bitartez funtzionatzen du. Horrek, ez du kanpoan uzten beste jende batek eskaini dezakeen laguntza eta Errakirekin binkulazioak ez du beste kolektiboekin elkarlana inolaz ere ukatzen.
Langileen Kontrolpeko Espazio izendapenari dagokionez, Errakik errealitatea ulertzeko erabiltzen duen kontzeptu analitikoa da. Saretzeak ez gaitu LKE bihurtzen, ez dio gure etxeari beste abizen bat gehitzen. Errakirentzako Euskal Herriko gune okupatu guztiak dira LKE (gaztetxeak, etxebizitza okupatuak, gune autogestionatuak, auzoetxeak, etab.), binkulatuta egon zein ez. Arkillosek Arkillos izaten jarraitzen du, eta gainerako kolektiboentzat irekita dago. Eta argi diogu: etxeko ateek orain arte bezala zabalik jarraitzen dute.
Laburbilduz, beraien iritzi artikuluaren oinarrizko ideiak hauek dira: Arkillos Errakiren diziplina eta subordinazio pean geratu dela batetik, eta kontsentsua ez eraiki izanaren ardura gurea dela bestetik. Orain arte esandakoarekin frogatua gelditzen da beraien akusazioak ez datozela gertatu denarekin bat.
Ondorio politikoak
Erabakitze markoaren inguruan, Arkillosen gaineko erabakigunea etxeko asanblada da. Hala zegoen adostuta aurretik eta hala izan da uneoro. Arkillos erabili nahi duten eragileek- beren burua herri mugimendutzat dutenek zein bestelakoek- ez dute arazorik izango horretarako. Bide horretatik, erantzuten gabiltzan irakurketa Arkillos herri mugimendutik isolatzeko saiakera bezala ikusten dugu.
Erabakiak hartzeko prozedurari begira, kontsentsu eza zen sortu zen egoera. Horren aurrean bi aukera zeuden: gutxiengoak nahi zuena onartzea etxearen gehiengoak, edota, gehiengoak nahi zuena onartzea gutxiengoak. Beraz, kontsentsua sortu ez izanaren ardura ezin dute gure gain jarri aurretik azaldutakoarengatik. Behin puntu horretara helduta, non erabakiak hartzeko beste mekanismorik ez dagoen, egokiena gehiengoaren borondatearen arabera jardutea dela uste dugu.
Behin erabakiaren inplikazioak azalduta, binkulazioaren erabakia zilegia da, ez binkulatzea bezain beste. Neurriz kanpokoa izan dena batzuek modu interesatuan sortutako dramatismoa izan da. Kontrakoa gertatu izan balitz, hau da, gehiengoak Errakira ez binkulatzea erabaki izan balu, etxeko bi pertsonak alde egin eta egoera publikoki salatzea erridikulutzat joko genuke.
Noski, gehiengoak gehiengo izate hutsagatik ez du beti arrazoirik. Hortaz, erabakiak hartzeko modua egokia izanda ere, harturiko erabakiarekin ados ez dagoen jendeak espazio bat uztea zilegi dela iruditzen zaigu. Are gehiago, zilegi deritzogu espazio bat utzi eta kritika politiko bat egiteari. Alabaina, kritika horrek, proposamenak hobetzeko elementuak eskaini beharko lituzke. Kasu honetan, ez dugu horrelakorik ikusten, aurreiritzi eta txutxumutxuetan oinarritzen den ideia multzoa baizik. Ezin dugu onartu kontzienteki egindako arerio politikoaren ekiteko arrazoi eta moduen gaineko manipulaziorik.
Etxean lortu dituzten emaitzekin gustura gelditu ez direnez, kanpo gatazka bat proiektatu nahi izan dute asanbladaren beraren zilegitasuna ukatu eta eztabaida beraien alde egon zitekeen esparru batera desplazatuz. Horretarako, aniztasunaren izenean hitz egiten dute, hori bera ukatzen duten bitartean. Guk, gure aniztasunaren printzipioaren baitan onartzen ditugu printzipio politiko baztertzaileak- klasistak, sexistak, arrazistak…- ukatzen dituzten eragile guztiak. Kontrara, haien aniztasunean komunistok tokirik ez dugula dirudi.
Gure aldetik, diziplina militantea berresten dugu: interes berekoietatik harago, konpromiso desinteresatua gizartea eraldatzeko antolakuntza efektibo bihurtzean. Ezin aipatu gabe utzi, 70 txanda baino gehiago egin ditugula azken astean eta zentzu honetan, lanean jo ta ke aritu zaretenoi eskerrak ematen amaitu nahi dugu idatzi hau.
ARKILLOS 10eko ASANBLADA
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
2 thoughts on “IRITZIA | Arkillos 10: “Bizilagun ohi batzuek publiko egoin duten irakurketaren asanbladaren erantzuna””