Alokabideko etxeetan bizi diren bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Auzoan Bizik
Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuko kideak Alokabideko Gasteizko bulegoetara bertaratu dira bi familiaren etxegabetze prozesuak salatu eta hauek kalean gera ez daitezen konponbidea exijitzeko. Samira eta Hamiden familietan guztira lau adin txikiko daudela gaineratu dute. Alde batetik, Alokabidek Hamid eta bere familia etxegabetu nahi ditu, eta bestetik, berralokatzaileak Samirarena.
Etxegabetze arriskuan dauden familiek argi-mozketa eta argindar arazoak izan dituztela nabarmendu dute. Hamiden eta bere familiaren kasuan argi-mozketak behin eta berriro gertatu direla salatu dute. Iberdrolaren jokabidea gaitzetsi dute Auzoan Bizitik, «urte honen lehen bederatzi hilabeteetan 5.307 milloi euroko irabaziak» izan dituen enpresak, Hamiden familiari ez diolako «argindarra berrezarri eta haien izenean jartzeko aukerarik eman». Gauzak horrela, berogailu gabe dago familia Gasteizen tenperatura minimoak gradu bat eta bi artean daudenean.
Egoera honen aurrean Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuko kideek familiekin batera antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela aldarrikatu dute. Exijitu dute «etxegabetze guztiak bertan behera gelditzea» eta familiak kalean gera ez daitezen alternatiba «duin eta iraunkorrak» martxan jartzea.
Alokabide jopuntu
Etxebizitza sindikatutik Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Alokabide sozietatearen diskurtsoa eta ekintzak bat ez datozela azpimarratu nahi izan dute. Alokabideren web orrian hurrengoa irakur daiteke: «hutsik dauden etxebizitzak, pribatuak eta publikoak mobilizatzea bultzatzen dugu, alokairuaren parkea handitzeko apustu gisa, etxebizitzaren funtzio sozialari erantzuteko».
Errealitatea, ordea, hitz horietatik urrun dago Auzoan Biziko kideen arabera. Etxebizitza sindikatuko kideek diote Alokabideren esku dauden etxebizitzak «hutsik eta abandonatuta» mantentzen dituela eta «alarma eta okupen kontrako ateetan xahutzen dutela dirua». Aurtengo urrian Alokabidek bloke bakar batean hamabost etxebizitza huts zituela salatu dute. Auzoan Bizitik gaineratu dute «iruzurra jasan izan duten familiek inolako alternatibarik gabe etxegabetzen dituela Alokabidek eta pobreen arteko gerra hauspotzen duela».
Errolda eskubide urraketak
Familiek beraien etxebizitzetan erroldatzeko izan dituzten arazoez ere mintzatu dira Auzoan Biziko kideak bidali duten prentsa oharrean. Gasteizko Udalak errolda eskubidea urratzen duela salatu dute etxebizitza sindikatutik. Samira eta Hamiden familiei gertatu zaiena ez da kontu berria ordea, Gasteizko Udalaren jarrera oztopatzaileari aurre egiteko «Erroldarik gabe, izaterik ez!» kanpaina abiatu zuten Gasteizko kolektibo ezberdinek 2023ko apirilean.

Testuinguru honetan, Samiraren familia denbora luzez egon da errolda gabe, baina, «antolakuntza eta borrokaren bitartez» lortu zuten errolda soziala, eta ondoren etxebizitzan erroldatzea. Hamid eta bere familiaren kasuan ordea, nahiz eta errolda soziala lortu zuten, jabeak ez die etxean erroldatzeko baimenik eman.
Etxebizitza sindikatutik gaineratu dute gizarte zerbitzuek ere ez dietela inolako alternatibarik eskaini. Auzoan Biziko kideen iritziz horrek erakusten du «egoera zaurgarrian dauden familien oinarrizko eskubideak babesteko mekanismo minimorik ere ez dagoela».
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
