Patxi Bezares, Juan Calvo artatu zuen Santiago Ospitaleko langilea: “Gorpu hura masakratua zegoen”
1993ko abuztuaren 19ko arratsaldean Ertzaintzak Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuen Juan Calvo, atxilotze unean eginiko zauriak artatzeko. Patxi Bezares Díaz de Tejada erizain laguntzaileak (egun zeladorea da) sendatu zizkion zauri arinak. Bera izan zen Calvo bizirik ikusi zuen azken pertsonetako bat. Hurrengo egunean lanera bueltatzean lankideek kontatu zioten Calvo goizaldean eraman zuela berriz Ertzaintzak, hila eta biolentzia arrasto nabarmenekin gorputz osoan. Gorputegira joan zen eta han ikusi zuenak inpaktu handia sortu zion, Calvori alferrikako biziberritze ariketak egin zizkioten medikuei sortu bezala. 30 urte eta gero, estreinakoz kontatu du egun hartan eta hurrengo hilabeteetan berak eta Calvorekin kontaktua izan zuten beste osasun profesional batzuek ikusi eta pairatu zituztenak. Tartean, Poliziaren jazarpena.