Boliviako estatu kolpea salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo
Boliviak bizi duen estatu kolpea salatu zuen atzo Askapenak Andra Mari Zuriaren plazan, ostiralean mobilizazio gehiago izango dira Hego Euskal herriko hiriburuetan, baita Gasteizen ere
Askapenak elkarretaratzea deitu zuen atzo Boliviako estatu kolpea salatzeko. Dozenaka lagun elkartu ziren Andra Mari Zuriaren plazan “Boliviako prozesu eraldatzailea” babesteko. “Aitorpen eta elkartasun mezu bat bidali nahi diegu Evo Morales, Alvaro García Linera baita MAS eta erakunde politiko, sozial eta sindikalei, azken urte hauetan justizian eta herri apalaren protagonismoan aurrera egiteko egin duten borrokagatik” azaldu zuten atzo Askapenako kideek
Rene Behoteguyren hitzak elkarretaratzea amaitzerakoan (1. zatia): pic.twitter.com/xqehRNJZvN
— Gasteizko Askapena (@askapenagasteiz) November 12, 2019
Kargua uztera behartua izan ostean, atzo aurkeztu zuen Evo Moralesek bere dimisioa, Boliviako “bake soziala” bermatze aldera, eta estatu kolpeak aurrera egin du. Boliviako presidentearen hitzetan “Kolpe zibiko, politiko eta poliziala izan da”. Azken egunetako protesta bortitzek, Morales presidentearen etxearen eta MAS alderdiaren egoitzen aurkako erasoei eman diete bide, Boliviako presidenteak berak sare sozialetan salatu duen bezala.
Ostiral honetarako, azaroak 15, mobilizazio gehiago daude iragarrita Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Euskal Herriko hainbat eragile politiko eta sozialek deituta. Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan egingo dute elkarretaratzea, arratsaldeko 19:30etan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!