Arabar Errioxako Gaztetxe berriko kideek presio ezberdinak salatu dituzte
Udalaren (EAJ) eta Ertzaintzaren aldetik gaztetxearen aurka egiteko saiakerak egon direla salatu dute.
Duela egun batzuk aurreratzen genuen bezala, Eskuernagan Gaztetxe bat okupatu dute, eta asteazkenerako zein ostegunerako auzolana deituta dago. Astearte gauean, ordea, herriko alkateak (EAJ) komunikatu bat atera zuen; Gaztetxeko kideen arabera, “Gaztetxearen okupazioaren aurka agertuz eta ertzainei deitzeko mehatxuak eginez” .
Eskuernagako Gaztetxeak ere salatu du gauean Ertzaintzaren presioak jasan ondoren, asteazken goizean bi lagun identifikatu dituztela.
Gaztetxeko kideen aurka jotzeaz gain, ondoko upategiko langile batzuk ere identifikatu dituzte. Gaztetxeko kideen bertsioaren arabera, Ertzaintza upategira sartzen saiatu da, bertatik Gaztetxera sartzeko asmotan, baina jabearen ezetza jaso dutenean, erregistro agindu bat jartzearekin mehatxatu dute hau.
Hamar egun, eta auzolanak aurrera
Ostegunean hamar egun beteko ditu Gaztetxeak, eta bertako kideek adierazi dutenez, oztopoak oztopo, auzolanak aurrera darrai. Sorgailu-elektrikoekin lan egin dute orain arte, asteazkenean ura eta argia moztu baitzieten.
Okupatutako eraikinak bost urte zeramatzan hutsik eta, gaur egun, ez zuen erabilerarik. Gaztetxe berria martxan jarri duten gazteen arabera, gaur egun La Caixa aurrezki kutxaren jabetza da eraikina. Aurretik, ordea, upategia izandakoa da eraikina.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!