Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Hala Bedin zuzenean
Bertxoko irratsaioak programa berezia egingo du larunbatean Printzipal antzokitik 16:30etatik aurrera. Xabi Igoa, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea eta Aroa Arrizubieta egongo dira oholtzaren gainean.
- Xabi Igoa: 1992. urtean jaiotako aramaioarra. Hirugarren aldia da finalean parte hartuko duela.
- Manex Agirre: 1982. urtean jaiotako aramaioarra. 2015eko txapelduna da. Bi aldiz eskuratu du txapela, 2011n ere txapeldun izan zen. 2013ko Txapelketa Nagusian kantatu zuen.
- Peru Abarrategi: 1997an jaiotako aramaioarra. Lehen aldia da finalean parte hartuko duela.
- Iñaki Viñaspre: Abetxukukoa, 1984an jaioa. 2004tik edizio guztietan finalista izan da. 2017eko edizioan bosgarrena geratu zen.
- Oihane Perea: 1977an Gasteizen jaiotakoa. 2017ko txapelduna. 2007an, 2009an eta 2013an ere txapela jantzi zuen. Txapelketa Nagusian ere kantatu du.
- Aroa Arrizubieta: 2001ean jaiotako gasteiztarra. Lehen aldia da finalean parte hartuko duela. Finalista gazteena.
Finalistek hainbatetan aipatu dute egindako ibilbidearen fruitu dela finala, belaunaldien arteko loturak goraipatuz, transmisioa, irakasle eta ikasle izandako uneak. Finalerako emango dutenaz eta helburu dutenaz ere aritu dira, esandakoen artean goraipatuz euretako edonork txapela jarrita ere pozik hartuko dutela, denek bere buru gainean gustura hartuko badute ere.
Arabako Bertsozale Elkarteak bistarazi nahi du Arabako bertsogintzak azken hamarkadetan egin duen bidea. Hori dela eta, txapela Lierni Altuna Ugartek jantziko dio aurtengo txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbide handia du Altunak, 1997an hasi baitzen bertso-eskolan, gerora eta egun arte antolatzaile moduan lan handia egin duen arren. Urte askoan egindako “lan isila” eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak. Beste sari banatzaileak Arabako bertsogintzan bidea egindako kideak izango dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!