Emakume ahobizia eta 31-45 urte tartekoa: Gasteizko Euskaraldia datuetan
Euskaraldia era kuantitatiboan baino, era kualitatiboan ulertu den arren, zenbakien bitartez neurtzeak ere garrantzia dauka antolatzaileen ustez. Hori dela eta, azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatutako ariketa sozial honen datuak agitaratu ditu Euskaraldia Gasteizek.
Gasteizen 12.975 pertsonek eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko, horietatik 8.337k Ahobizi rola aukeratu dute eta 4.638k Belarriprest rola.
Generoari erreparatuta, 8.156 emakume izan dira, 4.520 gizonezko eta 299 ez binario.
Adinari begiratuz gero 31-45 urte bitartean pilatzen dira parte hartzaile gehienak (5.422); 16-30 eta 46-60 urte bitartean pilatzen dira ia beste parte hartzaileen erdia (3.532); eta 3.333 partaide horietako bakoitzean. 61 urtetik gorakoen parte hartzea oso txikia izan da, izan ere, 658 lagunek baino ez dute izena eman.
Auzoei begiratuta, Erdigunea izan da parte hartzaile gehien batu dituena (1.409) eta beste aldean Errekaleor dago, auzo txikiena, 22 partaiderekin.
Ahobizi, 31-45 urte bitartekoa eta emakumea
Datu hauei erreparatuta, Euskaraldiak 31-45 adin tartean presentzia handiagoa izan duela azpimarratu behar da, eta emakumeen artean izandako harrera ere nabarmentzekoa da. Esan dezakegu Euskaraldiaren parte hartzailearen perfila Ahobizi rola hautatu duen emakumearena dela, 31-45 urte bitartekoa.
Auzoen irakurketa egitea ere interesgarria suertatu daiteke. Salburua eta Zabalgana auzoetan izandako presentzia nabarmentzekoa da, adin tarte horri erantzuten dioten auzoak dira hauek, soziologikoki, euskalduna den populazio handiagoa baitute. Erdigunean, hainbeste herritarrek izena eman izana ere zeharo nabarmentzekoa da.
Gasteizko datu soziolinguistikoei erreparatuta, Ahobizi eta Belarriprest rola hartu zezaketen herritarren artean, hau da, 16 urtetik gorako euskaldun eta ia euskaldunen (81.000 inguru) %16ak parte hartu duela esan daiteke.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!