Gamarra 1982, krimen polizial baten zuriketa
1982ko urriaren 16an Victoriano Agiriano eta Maria Angeles Barandiaran bikote bergararra tirokatua hil zen polizia-kontrol batean Gamarran. Horren ostean, Gobernu Zibila saiatu zen senar-emazteen izena zikintzea krimena leuntzeko.
Jon Martinez Larrea
Garai horretan kontrol polizialak ohikoak ziren euskal errepideetan, Punto y Hora aldizkariaren arabera “Euskal paisajea definitzen duten konponenteen artean aurkitzen dira jadanik” (Punto y Hora 282, 1982ko urriak 22-29). Izan ere, Gobernu Zibilaren iturriei jarraituz, Polizia Nazionalak 27 egiten zituen egunero Gasteizen. Horietan hamaika ezbehar gertatu ziren, esate baterako, Victoriano eta Maria Angeles hil zuten egun berean, Marcelo Garziandia larri zauritua izan zen Lasarten, eta hiru egun geroago hil zen.
Bertsio ofizialaren arabera, urriaren 16an, 21:30 aldera, bikotearen autoak Gamarrako Ataria zeharkatu zuenean ez zizkion kasurik egin agenteen seinaleei, eta “uno de los integrantes del equipo policial efectuó varios disparos con su Cetme que alcanzaron a los ocupantes del vehículo y resultaron muertos en el acto” (El País, 1979-10-18). Gobernu Zibilak ez zuen albistea zabaldu komunikabideetara gaueko ordu bata arte, eta gainera Victoriano ohiko gaizkile bezala aurkeztua izan zen, El Correoren arabera “era un delincuente habitual, según han informado fuentes oficiales” (El Correo, 1982-10-17). Hurrengo egunetan zabaldu zen tabakoaren kontrabandoarekin lotura zuela, eta autoan 3.500 tabako-kutxa aurkitu zutela.
Familiak, ordea, ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Jose Melchor Barandiaran, Maria Angelesen nebaren aburuz: “disparando a las ruedas los proyectiles no entran por la luna trasera del coche”. Horri gehitu zion polizia-etxean bizitakoa, “le dije al inspector que habían cometido dos asesinatos, a lo que me respondió que eran dos muertes y le volví a repetir que no, que eran dos asesinatos, por lo que él me amenazo con encarcelarme” (Egin, 1982-10-19).
Kontrabandoari dagokionez, Victoriano Tabacalerako banatzailea zen, eta familiak aitortu zuten behin atxilotua izan zela, baina kontrabandoa orduan ez zen delitua, falta bat besterik ez, eta beren semea Iñakik aitortzen duenez, “Guk ez dugu sekula ukatu aitak tabako-paketeak mugitzen zituenik bere soldataren osagarri. Kamioiko lana asko jaitsia zen azken bolada hartan, eta diru estra bat eskuratzeko modu bat zen. Hortik kontrabadista deitzera puska handia dago. Uste dut gurasoen gainean bota zuten zabor guztia haien heriotza zuritzeko bota zutela, nolabait leporatu nahian zerbait gaiztoa egina zutela, krimena leuntze aldera, alegia, delitugileak zirela eta merezi zutela”. Horrekin batera, zalantzan jartzen du autoan tabakoa aurkitu izana, eta azpimarratzen du Polizia Nazionalak ez zion utzi udaltzaingoaren garabiari autoa eramaten laguntzen, hortaz, galdetzen du “ez ote zuen berek, poliziek, jarri hura guztia aitaren autoan” (Joseba ZABALZA, Gogoan hartzeko izenak, Andoain, Euskal Memoria, 2017, 367-368 or.).
Orain badakigu informazio horren zabalpena ez zela izan kasualitatea bat, hilketen ostean ospatutako Orden Publikoaren Batzarraren aktan jasotzen duenez, gobernadoreak aipatu zuen: “deberá agradecerse al Delegado de Hacienda su colaboración al facilitar la información sobre la Sentencia del Tribunal de Contrabando en la que se condenaba a uno de los fallecidos…”, horrez gain, defendatu zuen “los controles deben continuar como hasta la fecha, pero extremando la prudencia”. Era berean, uste zuen “…la prensa ha dado un tratamiento muy prudente, excepto el P.N.V. de Vergara y el Obispo de San Sebastián” (Arabako Artxiboa, Subd. 693.1.18 1). Horrela, bikotearen izena zikintzeaz gain, aitzakia bat aurkitu zuen krimena justifikatzeko.
Beste alde batetik, metrailaketa baino ordu batzuk lehenago ETA (p-m VIII)-k granada bat bota zuen Gobernuaren delegatuaren egoitzaren aurka, hortaz, Punto y Horak uste zuen gertakariak zirela: “una parte de la reacción de histeria de las fuerzas de ocupación, quienes en su ánimo de arrasar todo lo que ponga ante sus narices no dudan en disparar contra cualquier persona “sospechosa””. Izan ere, atentatua goizeko 12:20 aldera izan zela eta komandoko kideek berehala ihes egin zuten.
Oihartzuna
Hurrengo egunetan kontrolak mantendu ziren hirian, baita Victoriano eta Maria Angeles hil zuten leku berean ere. Dena dela, gertakariek oihartzun handia eduki zuten Deba Goienan eta Gasteizen. Bergaran greba orokor masibo bat izan zen eta udalbatzak bertsio ofiziala zuzendua izan zedila eskatzeaz aparte, baieztatu zuen: “Victoriano Aguiriano Cortázar no era ningún delincuente, sino un honrado trabajador y vecino de Vergara, de conducta intachable y muy estimado en la localidad” (El Correo, 1982-10-19). Gasteizko udaletxean, aldiz, HBko zinegotziek itxialdi bat egin zuten alkateak ez-ohiko udalbatza bat ez zuelako deitu nahi, ets geldialdiak egon ziren hainbat institututan ere.
Bide judiziala, ordea, laster itxi zen, semearen arabera: “Nos dijeron que, por lo visto, hubo testigos, pero se debieron de echar atrás por amenazas. La vía penal se cerró y el caso se quedó en el más absoluto de los olvidos. Un montón de años después nos dieron una mísera indemnización, una especie de limosna para que nos calláramos” (Diario Noticias de Álava, 2016-7-31).
Instituzioen aldetik, familia guztiz babesgabetua geratu zen urte askotan, lehenengo aitorpena 2008an izan zen Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeriak eragindako urraketen biktimak bezala izendatu zituenean, eta 2016an Gasteizko Udalak omenaldi bat egin zien senitartekoei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!