19 atxilotu Falangearen aurka protesta egiteagatik
Ehunka lagun atera dira kalera arratsaldean atxiloketak salatzeko. Adierazpenak egin dituzte zenbait alderdi eta kargu publikok. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak "faxista" deitu die Falangearen aurka protestatu dutenei.
Argazkia: Arratsaldeko mobilizazioa, atxilotuak askatzeko. Gedar-en irudia
Eguneraketa: Askatu dituzte atzoko hemeretzi atxilotuak. Desordena publikoko delituak egotzi dizkiete. Ikerketa oraindik irekita dagoela esan du Segurtasun Sailak.
Falange Espainolaren elkarretaratze baimenduak erreakziok piztu ditu, eta haren aurkako protestak ere bai. Ertzaintzak 19 lagun atxilotu zituen atzo eta hainbat zauritu ere eragin zituen, alderdi faxistaren presentziaren aurka protesta egiteagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak adierazpenak egin ditu ekitaldi falangistaren kontra protestatu zuten antifaxistak “faxistak” direla esanez. Ertzaintza “hiritarren ordena eta segurtasuna zaintzen” ari zela ere esan du, zenbait bideotan ikusten denaren arabera elkarretaratze falangista babesten ari zirela dirudien arren.
Maider Etxebarria Gasteizko Alkatea sare sozialetan mintzatu da atzoko gertakariez: istiluak eta “diskurtso erradikalak” gaitzetsi ditu, “gorrotoa eta indarkeria” zabaltzeagatik. Ez du zehaztu nori buruz ari zen. Bien bitartean, Sansomendiko Guardia Zibilen kuartelean “ospatu” du alkateak urriaren 12a.
Sare sozialetan erantzun ugari jaso dituzte bi ordezkariek, Falangearen mobilizazioa baimendu izanagatik eta antifaxismoa kriminalizatzeagatik.
EH Bilduk ohar bat kaleratu du Falangeak egin duen “kontzentrazio faxista” eta “horren ondorioz gertatu diren istiluak” gaitzetsiz. “Probokazioa elikatzea eragotzi” behar dela adierazi du koalizioak, eta atxilotuen askatasuna eskatu du.
Atxiloketak salatzeko mobilizazioak
Aske antolakundeak deituta manifestazioa egin zen urriaren 12ko arratsaldean atxiloketak eta “polizia indarren funtzioa” salatzeko. Ondoren Lakuako polizia-etxean batu zen jendea.
Beste alde batetik, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratze jendetsua egin zen Probintzia Plazan “Faxismoari aurre egin, atxilotuak askatu” lelopean, goiko argazkian ikusten denez.

Irudia: Jardun Koordinadora
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
