Printzesa Transformer | “Bonbek izena dute”

Printzesa Transformer | “Bonbek izena dute”

Bonbek izena dute, Nagasaki eta Hiroshima suntsitu zutenek bezala: Little boy eta Fat Man. 1945. urtea zen eta erasoek gizaki deformatuak utzi zituzten kalean. Handik bost urtera, basakeria horren mina sendatzeko beharrak jota, Katsuo Ono eta Tatsumi Hijikata gorputz berri baten bilaketan aritu ziren eta Butoh dantza sortu zuten, ilunpeko dantza ere deitua.

Butoh gorputza eta honek kosmosean okupatzen duen lekuarekiko hausnarketa da. Inprobisatua da, asmoa ez baita pentsatzea, sentitzea baizik. “Gorputzaren bitartez hitz egitea baino, funtsa, gorputzari hitz egiten uztea da.”Gorputzaren barne bulkadak jarraitzea inkontzientea aktibatzen du eta mundu horretan gauzek ez dute izenik.

Duela gutxi Butoh ikastaro bat egin nuen eta azkenengo egunean kalera irten ginen dantza egitera. Barne-barneko mundu horretan ezezagunak diren gauzak gordetzen dira eta, agian, gauza horien forma ez da espero genuena bezain… ederra? Mota askotariko komentarioak entzuten genituen eta, nola ez, jendea erraz hasi zen mugikorrarekin grabatzen. Baina ez genbiltzan inorentzat dantzan eta aldi berean, jende guztiarentzat egiten genuen dantza. Paradoxikoa bezain arraroa. Handia bezain sakona.

Horietako egun batean, lagun batek gauzek izateko arrazoi bat behar dutela komentatu zuen. Nire galdera: Arrazoiek ulergarriak izan behar al dute? Kalean dantza egingo genuela esan zigutenean izutu egin nintzen, lotsa eta beldurra bizkarretik igotzen zitzaizkidan. – Lasai, ez daukazu zertan egin beharrik, begira geratu, soilik.- esaten nion nire buruari.

Plazarako bidea isilik egin genuen; hiria aztertuz espiak bagina bezala eta bat-batean nire azazkal batek aho baten forma hartu zuen, isilean sekretu bat oihukatuz. Imajinatzen duzu orkestra mutu bat zure burmuinean? Asia zure bularrean, udaberria genitaletan, hortzak dituen ukondoa, lastozko lepo bat. Sare baten puntatik tiraka hasi eta bertan harrapaturik dauden arrain, plastiko, lata eta hondakin guztiak agertuko dira, ederra da ez jakitea zer den barrukoa. Hala gertatu zen. Plazara iritsi eta plaza ginen.

Beste lagun batek zera esan zuen: <<Ezagutzen ez ditudan barneko gauzekin topo egiteak beldurra ematen dit>>. Beste batek erantzun: <<Niri ezezagunak diren barneko gauzekin topo ez egiteak ematen dit beldur>>.

Ez dakit zenbat denbora egon ginen kalean disolbaturik. Ez dakit nola heldu ginen heldu ginen lekuetara, elkarren arteko dantza indibidual ero batean. Hogei ginen. Hogei bonba, bakoitza bere izena eta historiarekin, munduaren historia osoa gu inguratuz, harekin korapilaturik. Eta han, korapilo horiekin dantzan, bat-batean gauzek zentzua hartu zuten. Oraindik ez dut egun horren arrazoia hitzetan topatu, ziur aski, denbora laburrean horrek ez baitauka betebeharrik, ez du gizartea eraldatuko. Baina liluragarria da ispilu bihurtzea eta gizartearen erretratu bat islatzea.

Denborarekin gauza guztiak punturen batetan gelditzen dira: Little boy eta Fat Man, kalean egindako dantza, Miguel Angel, Maddalena, Natalia, Ana, Ainhoa, haien arbasoak, haien hiriak, hirien zuhaitzak, logelak, telebistak, posterrak, zauriak, hitzak, eroritako hortzak, hildako inurriak, denak. Eta informazio guzti horren artean dantza, izenik gabekoa, deformatzen duena. Eta deformazio horretatik, espero gabe, aldaketa bat, zauri sendatu bat. Ez al da ederra zentzugabekeria hori?

Printzesa Trasnformer | Askatu tragoa eta egin dantza

Printzesa Trasnformer | Askatu tragoa eta egin dantza

Duela gutxi maisu batek hala esan zigun: Aktibatu dezagun emagin burua, uso hankekin zapaltzen duena, edozein gauzarekin liluratzen den burua… Esaldi horrek pentsatzeko era ezberdina eskaini zidan. Liluragarria.

Gasteizen jaio nintzen eta zertxobait badakit hiri honi buruz. Hiri bakoitzak bere idiosinkrasia dauka eta definizio zehatz baterako hitz zuzenak ezin aurkituz, esan dezaket erraz identifikatzen ditudala Gasteiztar jokamolde asko. Beste askok ihes egiten didate. Duela gutxi taberna batean, antzaz gazteleraz gutxi edo ezer ez zekien tipo bat agertu zen. Zigarro bat eskuan, ondoan zeuden bi tipori sua eskatu zien: “Sorry, do you have a lighter?” Bi tipo horiek, harresi bat aurrean jarri izan balute bezala, galdera ikurra galdu duen “Que” zuzen batekin erantzun zuten. “Lighter”, errepikatu zuen atzerritarrak eta gestuekin agerikoa zena irudikatu zuen. Tipo horrek sua nahi zuen eta hasieratik argi zegoen. “Si me dices mechero, pues a lo mejor….” Eta begitarteko ximurrak bor-bor egiten zuen bitartean, harresi eraikitzaileek sua eman zioten. 

Leku baten esentzia galtzen ikustea tristea da. Ez dut imajinatu nahi mundua aireportu bat bezala izango balitz. Aireportuetan bertako produktu ugari aurki ditzakegu, baina souvenir horiek kenduz gero edozein hiriko aireportua izan daiteke. Askotan esentzia zer den galdetzen diot nire buruari. Esentzia hori ez galtzeko, geure burua babestu behar al dugu? Harresiak eraiki behar al ditugu arrotza denak gurea kutsa ez dezan?

Lurralde inbaditu batek identitate baten beharra dauka eta horrezkero haren kultura eta hizkuntza sendo babestuko du. Baina mundu globalak aurrera darrai, jendea lekuz leku gero eta gehiago eta gero eta azkarrago mugituz. Zenbat artalde bezalako turista multzo ikusi ditugu inoiz barneratuko ez duten informazioa entzuten, inoiz ikusiko ez duten argazkiak ateratzen? Hau mugikortasun horren karikatura besterik ez da, mutur bat. Hona hemen kontrastea, etxekoa eta arrotzaren artekoa. Eta tartekoa? Agian, oreka kontraste oso markatuen arteko harremanetik sortzen da, agian oreka kontraesanen linboan mugitzen da.

Edozein jarrera akzio baten erreakzioa izaten da beraz, kanpokoari harresi bat jartzea naturala bihurtzen da. Baina idiosinkrasiek ematen dizkiguten identitateak batzuetan gehiegizkoak dira eta errealitatea bera sentitzeko gaitasuna deuseztatzen digute. Euskalduna naiz eta harro nago. Bai, ni ere harro nago baina, zerk harrotzen nau? Eta, zer da arrotza izatea? 

Lainotzen gaituzten jarrerek ez digute emagin buru batekin jokatzen uzten. Bizitzan aurrera egin ahala, inozentzia eskuetatik erortzen zaigu hondarrezko tontor bat eskuen artean desegiten den moduan. Eta liluratzeko gaitasuna gero eta urriagoa da, gero eta urrunagoa. Zenbat harresi jartzen diogu buruari garena defenditzeko, mugak babesteko? 

Gasteiz, ciudad de curas y militares. Orainean nola jokatu historiak gure gainean jarri duen pisuarekin batera? Noiz arte heldu behar diogu mentalitate ustel bati? Gurea al da? Ezinezkoa da iragana ukatzea baina oso posiblea da burua irekitzea. Begitartera eraman atentzioa eta lasaitu, ximur zuzen hori askatu eta ea zer etorriko den ikusteko prest egon, adi. Iradokizun bat: askatu tragoa eta egin dantza.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies