68ko gazte eroak

68ko gazte eroak

1968a urte nahasia izan zen munduko hainbat txokotan, baita Euskal Herrian ere. Gurean, segur aski, ez zen urte bat, belaunaldi baten sorrera baizik. Garai horretan Ez Dok Amairu taldeak euskal musika irauli zuen, esate baterako, Lurdes Iriondoren ahoan entzun zen gaztedi berriaren ezinegona: “Mundu garbiago bat bizi nahi genduke, gezurraren kontra, injustiziarik ez, Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme”.

Halaber, Rikardo Arregik sozialismoaren inguruko eztabaida plazaratzeaz aparte, euskaltzaleen Jainkoaren heriotza aldarrikatu zuen. Bere ustez, Jainko horrek euskal kultura eta kontserbadurismoaren arteko harremana sinbolizatzen zuen; hots, nekazaritza eta erlijioarekin lotutako mundua. Berak argi zeukan: “Euskaltzaletasuna ankaz gora jarri behar baldin badugu, atzera begiratu erazitzen ziguten lokarriak hautsi behar ditugu eta lokarri horiekin loturik erabili genuen Jainkoa ere hautsi behar dugu.”

Finean, euskal munduan benetako ekaitza jazo zen 1960eko hamarkadaren bukaeran, “Euskal fededun” binomio banaezina hausten joan zen, eta belaunaldi berriak kolokan jarri zuen euskal mundu zaharra. Joxe Azurmendik, “Oraingo gazte eroak” liburuan, ondo baino hobeto islatzen du orduko giroa eta belaunaldi horren gorabeherak. Bere aburuz: “Etorri ziren denok dakigun gazte zoro batzuk eta mundu baketsu, dena txukun-txukun atondu hura, hankaz gora jarri zuten”. Hainbat eztabaida azaleratu ziren, besteak beste, euskararen batasuna, erlijioa, sozialismo, eta nola ez, borroka armatua: “Fedegabea da (…) belaunaldi berria, borrokan jarraitzen duen artean (…) Bestelako gorritasun batez (…) helduko dio belaunaldi honek orain politikari (…) bizitzaren sentidoari, etikari, gizarte arazoari, euskarari eta literaturari, batasunaren borrokari, larre-kultura baserritarra gainditzeari”.

Izan ere, 1968an Euskaltzaindiak euskara batua sortu zuen Arantzazuko bilkuran, ez istilurik gabe. Belaunaldi zaharreko askok ez zuten gustuko hizkuntzaren batasuna, eta H hizkia ikur marxista zela esatera ailegatu ziren. Hala ere, pausu hori erabakigarria izan zen hizkuntzaren berreskuratzeko bidea abiarazteko.

Bukatzeko, borroka armatua ekuazioaren erdian sartu zen, teoria eta praktika nahastu ziren, eta “Benta Aundi erdian, Xabier Anaia hil zuten”. Urte bat lehenago, berak gidatutako ETAko V. Biltzarrak ekintza-errepresio-ekintza estrategia martxan ipintzeaz gain, klase eta nazio borroka txanpon beraren bi aldeak zirela egiaztatu zuen. Bere heriotza, askoren iritziz, etapa baten hasiera izan zen, eta Oteizak betirako hilezkortu zuen Arantzazuko talaian: “7 de junio, sacrificado en Benta Aundi, el primero de nuestra Resistencia última… cuando subo el 1 de noviembre ya he decidido que pondré en lo alto del Muro. El Hijo muerto, a los pies de la madre, que estará mirando, clamando al cielo, hablando, no sé…”

Errelatoarekin endredaturik

Errelatoarekin endredaturik

ETAren behin betiko su-etenaren ostean hasi zen errelatoaren inguruko bataila. Orduan, Jorge Fernandez Diazek argi eta garbi azpimarratu zuen: “Hay que vencer a ETA la batalla del relato sin equidistancias”. Horretarako, adierazpenez gain, diru ugari bideratu zuen, besteak beste, Gasteizen bukatzen ari den Terrorismoaren Biktimen Memorialaren eraikuntzan, edota berarekin batera idazten ari den “benetako kontakizunean”.

Hasier Etxeberria zenak testuingurua ondo islatu zuen: “Ematen du ez baduzu ETAren aurka hitz egiten edo idazten, ezin duzula beste ezer egin. Ez zara demokrata, ez zara giza eskubideen aldeko, ez zaituzte biktimek hunkitzen, hiltzaileen aldekoa zara… Conditio sine qua non da zernahitarako, edozertan hasi aitzinetik eskatzen den pasaporte etiko/moral bat.”

Ordutik hona, hainbat liburu eta artikulu argitaratu dira, eta egia esan, ez dute berritasun handirik ekarri. Duela urte batzuk “Basta Ya” plataformaren inguruan sortutako diskurtsoa errepikatzen dute behin eta berriro. Hots, ez da existitu inoiz inolako euskal gatazkarik, terrorista mitomano batzuk Estatu demokratiko baten aurkako lehia besterik ez da izan; eta bien bitartean euskal gizarte gaixoak beste aldera begiratu zuen. Mozorro ezberdinekin jantzi da mezua, historiografiatik literaturaraino, eta hedabide handiek lau haizetara zabaldu egin dute.

Kontakizun hori defendatzen dutenek antinazionalistatzat hartzen dute beraien burua, nazionalismo guztiak txarrak baitira. Era berean, badirudi nazionalismo espainola ez dela existitzen. Badakigu nazio guztiak asmatuak izan direla; espainola, aldiz, espiritu santuak sortu omen zuen.

Bestalde, Estatuko indarrek erabilitako bortizkeria anekdota hutsa besterik ez da izan; alegia, Martin Villaren teoria mantentzen da: “Lo nuestro son errores, lo suyo son crímenes. Paco Etxeberriak torturaren inguruan zuzendutako lanak hankaz gora jarri du tesi hori. Izan ere, Joxe Azurmendik nabarmentzen duen bezala: “tortura onartzea da onartzea Estatua ez dela Zuzenbide Estatua. Eta inola ere ez dugu sinetsi nahi Basaestatu batean bizi garela”. Are zailagoa da onartzea Estatuak hil egin duela; ez zen funtzionario isolatu batzuen kontua, Estatu baten estrategia bat baizik. Horregatik, biktima batzuk bigarren mailakoak dira, eta beste batzuek ez dute ezta inolako onarpenik.

1978ko erregimenaren sakralizazioa ez da berria, hori dela eta, are kezkagarriagoa da Frankismoaren zuriketa. Pau Casanellasek eta Daniel Escribanok horretaz ohartu ziguten: “Euskal Herriko sektore politikoren batek borroka armatuari eutsi izana estakuru moduan erabili izan dute frankismoaren izaera errepresiboa leuntzea helburu duten diskurtsoa eta politikak taxutzeko. Eginkizun horretan, historia itxuragabetzea, zapalkuntza frankistaren adierazle nabarmenak aintzatestea eta borrokalari antifrankistak gutxiestea batera etorri dira”.

Zilegi da edozein kontakizun defendatzea, zilegi ez dena errelato hori inposatzea da, eta benetan kezkagarria da edozein kritika isiltzea edo terroristatzat hartzea. Ez da kasualitatea egia ofiziala zalantzan jartzen duten raperoak zein twiteroak espetxeratuak izaten ari direla. Nire ustez, errelato bakarra pentsamendu bakarraren adierazlea besterik ez da. Finean, batzuek neutraltasunaren eta objektibotasunaren bandera zabaltzen dutenean, niri Ruperren bertsoak etortzen zaizkit burura: “Nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki, baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi”.

Memoriaren Arrakalak | Feminismoaren irakaspenak

Memoriaren Arrakalak | Feminismoaren irakaspenak

Martxoaren 8an mugimendu feministak irakaspen ederra eman zigun, milaka pertsona biltzeaz gain, mundua gelditzeko kapaz zela erakutsi baitzuen. Egia da heteropatriarkatuaren aurkako borroka luzea izango dela, baina mugimendua indartsu dator eta ikuspegi hegemonikoa bereganatzeko gai izan da.

Abortuaren aurkako borroka pizgarria izan zen mugimendua berritzeko eta, modu berean, belaunaldien arteko topagune bihurtu zen. Borroka hori behin irabazita, mugimenduak aurrera jarraitu zuen, emakumeen zapalkuntzaren hamaika aurpegi azaleratuz: soldata-arrakala, bortxaketak, erailketa matxistak…Ezkerrak, eta, oro har, gizarte mugimenduek asko dute ikasteko. Mugimendu feministaren gakoetariko bat izan da bizitza erdigunean jartzea, horrela, eguneroko zapalketak zein erresistentziak agerian geratu dira. Bidenabar, borrokatzeko erak berritzeko beharra eta aniztasunaren balioa erakutsi ditu. Urte gehiegi daramagu prozesio zibikoak antolatzen eta betiko leloak behin eta berriro errepikatzen.

Eta gizonok, zer? Ondo dago martxoaren 8ko manifestazioetara joatea, halere, ez du ezertarako balio gure pribilegioei muzin egiteko prest ez bagaude. Ez da erraza onartzea, baina zapaltzaileak gara, eta bada garaia gizontasun eredu hegemonikoa deseraikitzen hasteko. Kontraesanak kontraesan, eguneroko rolak aldatu behar ditugu, besteak beste, jarrera matxistak alboratu eta salatu, edo zaintza-lanak gure gain hartu. Finean, pertsonala politikoa da, eta ezinezkoa da gizartea aldatzea gure bizitzak aldatzeko borondatea ez badugu.

Memoriaren Arrakalak | Sugeak eta poltsa hutsak

Memoriaren Arrakalak | Sugeak eta poltsa hutsak

Juan Kruz Lakastak duela gutxi buelta bat eman zion “Historia irabazleek idazten dute” esaldiari, izan ere, bere ustez: “historia zakildunek idazten (ohi) dute”. Hori dela eta, historiako gertakari eta prozesu askotan emakumeen parte hartzea, ezkutatua geratzen ez denean, bigarren mailan kokatzen da.

Hori gertatu da Martxoaren 3ko sarraskia eragin zuen grebarekin. Hutsune hori betetzeko asmoz, ikerketa baten bidez, Zuriñe Rodriguez, Itziar Mujika eta Nora Miralles emakume horien memoria berreskuratzen hasi dira. Horretaz gain, aurtengo urtemugan emakumeen papera azpimarratuko dute.

Izan ere, zaila da azaltzea Gasteizen 1976an gertatutakoa emakumeen borroka kontuan hartu gabe. Gertakari horietan izandako parte hartzea bi arlotan nabarmendu dezakegu: alde batetik, Areitioko kremailera-lantegiko langileak eta; beste alde batetik, etxeko andreak.

Sugeak

Areition 685 langilek egiten zuten lan, gehiengoa emakumeak ziren, eta, lanpostuei dagokienez, gizonak baino postu eta soldata baxuagoak zituzten. Lan itunaren inguruko desadostasunak zirela medio, eta asanblada batzuen ostean, urtarrilaren 22an “suge” bat egin zuten lantegian eta grebara batu ziren.

Asanbladen aktetan orduko egoera zein borrokaren gogortasuna islatu zituzten:

“Esta lucha actual, aunque dura y dolorosa, para los trabajadores: nos mentaliza, nos une y nos ayuda a descubrir las explotaciones en que vivimos. Los capitalistas se sirven del Sindicato Oficial que no nos sirve a nosotros y de la policía que nos golpea sin consideración y de la prensa que miente y nos amenaza. Ellos se unen para explotarnos, nosotros unidos para defendernos. Sus leyes son injustas, las hacen ellos para defender sus intereses. No tenemos porque obedecerlas.”

Lantegiko emakume gehienek grebarekin bat egin zuten; gizonen kasuan, aitzitik, gehiengoak lanean jarraitu zuen. Testuinguru horretan, langile zapalketaz gain, emakume gisa ere zapalduak zirela jabetu ziren:

“La empresa empezó por tener más hombres que mujeres. Ahora somos muchas más las mujeres. Razón: la mano de obra de la mujer les sale más barata. Esto no deja de ser una explotación. A igual trabajo y rendimiento, el mismo salario, pero vemos que no es así, sino que las diferencias son de 4.000 a 6.000 pesetas.”

Poltsa hutsak

Etxeko andreek ere greban parte hartu zuten, lehenengo beraien senarrei laguntzeko asmoz, baina, pixkanaka, aldarrikapen propioak plazaratzen hasi ziren. Diru-bilketa antolatzeaz aparte, aldarrikapenak gizarteratu zituzten poltsa hutsekin egindako martxetan.

Halaber, lan esparrutik kanpoko eskaerak zabaldu zituzten, hala nola: haurtzaindegien falta, Gizarte Segurantzaren gabeziak edo auzoen eskasiak. Horrela, lan erreproduktiboa islatzeaz gain, Gasteizko sektore zabalak bereganatzea lortu zuten. Horixe izan zen martxoaren 3ko grebaren arrakastaren gako bat.

Emakume ugarirentzat greba benetako ahalduntzea izan zen, langile eta genero zapalketaz konturatzeaz aparte, askok hainbat gizarte mugimendutan parte hartu zuten ondorengo urteetan. Ez da kasualitatea hilabete batzuk geroago gertatu zen Arabako Emakumeen Asanbladaren sorrera.

42 urte eta gero gauza batzuk aldatu dira, baina emakumeen zapalketak arlo askotan dirau, besteak beste: soldata arrakala, zaintza lanen aitortza eza, edo emakumeen aurkako bortizkeria. Horregatik, langile mugimenduaren praktikak birmoldatuz, martxoaren 8an emakumeek greba egingo dute.

Memoriaren Arrakalak | Ezker Independentista katalana, periferiatik erdigunera

Memoriaren Arrakalak | Ezker Independentista katalana, periferiatik erdigunera

Kataluniako prozesu independentistaren harira, CUP aktore garrantzitsu bihurtu da; hala ere, mugimendua ez da berria, ia mende erdiko kultura politikoaren azken erakuslea baizik. Izan ere, ezker independentistaren sorrera 1969an datatzen da, PSAN (Partit Socialista d’Alliberament Nacional) alderdiaren jaiotzarekin batera. Orduan, esteladaren izarra gorriz margotzeaz aparte, mugimenduaren oinarriak finkatu ziren: independentismoa eta sozialismoa batzeaz gain, Herrialde Katalanetako marko nazionalaren aldarrikapena eta antolakuntza ere praktikan jarri zuten.

1974an PSAN bi zatitan banatu zen eta Trantsizioan independentismoak ez zuen indarrik aldaketa politikoan eragiteko. 1980ko hamarkadan Terra Lliure talde armatuaren sorrerarekin batera, lehenik, Comitès de Solidaritat amb els Patriotes Catalans errepresioaren aurkako taldean, eta gero Moviment de la Defensa de la Terra (MDT) alderdiaren inguruan. MDTk, ezker abertzalearen ispilua hartuta, kaleko aktibismoa zein adarreko erakundeak sustatzea lehenetsi zuen, baina berriro, desadostasun estrategikoak zirela medio, mugimendua 1987an bi zatitan banatu zen.

1990eko hamarkadaren hasieran, banaketa eta errepresioaren eraginez, independentismo historikoa akituta zegoen eta militante askok ERCko bidea hartu zuten. Giro horretan, belaunaldi berri batek protagonismoa hartu zuen: Maulets gazte erakundeak, Plataforma per la Unitat d’Acció-k (PUA) (2000tik aurrera Endavant) edo geografia katalanean zehar sakabanatutako casalek. Bide batez, gizarte mugimenduekiko harremanari esker asanblearismoaren praktika eta feminismoaren garrantzia txertatu ziren ezker independentistaren barruan.

2003an ezker independentistako erakunde ezberdinek batzeko prozesua abiatu zuten. Prozesuak ez zuen arrakastarik lortu, baina udal hauteskundeen aurrean estrategia komun bat hartzeko balio izan zuen. Orduan, kaleetan zein gizarte mugimenduetan hezitako belaunaldia CUP zabaltzen hasi zen herriz herri, parlamenturaino ailegatu arte. Jauzi horretan, lehentasuna izan da mugimendua kalearekin lotzen zuen zilbor-hesteari eustea. Udaletxeetako hautagaitzez gain, estrategia nazional bateratua eratzen joan da, eta, era berean, erakunde ezberdinetan sakabanatutako mugimendua egituratu da.

Hortik aurrera, kontraesanak kontraesan, mugimendua hazten joan da. Erabaki zailak hartzeko garaia izan da, barruko tentsioak agerian geratu dira maiz, baina ezker independentistak heldutasuna eta kohesioa erakusteaz gain, ezinbesteko akuilu lana egin du prozesu independentistan.

Abenduaren 21eko emaitzak ahuleziak erakusten ditu maila elektoralean. Hala ere, Kataluniako gizartearen sektore zabal batek ezker independentistaren aldarrikapenak (independentzia) zein praktikak (desobedientzia zibila, CDRen zabalkundea) bere gain hartu ditu. Egia esan, oso zaila da azaltzea Katalunian gertatzen ari dena ezker independentistak urteetan zehar egindako inurri-lana kontuan hartu gabe. Hemendik aurrera, Xavier Diez-ek esaten duen bezala, CUPen bidea “iraganekoa bezain zaila eta kontraesankorra izango da”, baina, gaur egun, ezker independentista Kataluniako mapa politikoaren erdigunean kokatua dago eta hurrengo urratsetan eragiteko gaitasuna izango du.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies