“Estokolmo sindromea” -Oier Azkarraga-

“Estokolmo sindromea” -Oier Azkarraga-

 

Izen hau entzunda, askori, burura Estatu Batuetako pelikula mitiko horiek etorriko zaizkigu. Tiro hotzez betetako horiek, bahitzaile bat gobernadorearen alaba bahitu du eta poliziari ez deitzeko agintzen dio honi. Erretiratutako polizia korrupto batek hartuko du lana ordea eta hainbat dei, tiro eta hilketaren ostean, denak poz pozik amaituko dute.

Estokolmoko sindromearen funtsa bahitutakoa bahitzailearen alde lerrokatzean datza, gertatutakoa justifikatu, bahitzailearen defendatzaile bihurtu… konturatu gabe, bahiketa bat ez balitz bezala jokatzean, hain zuzen.

Eta nago, gu guztiok bahiketa horretan justifikatzaile bihurtzen ari garelakoan. Bahiketa bera existitzen ez dela pentsatzen dugulakoan. eta bai, bahituta gaude, zeharo bahituta ere. Faxismoak gure bizitzak bahitu dizkigu, etxeko sukalderaino sartu zaigu eta gure egunerokoa baldintzatzen ari da.

Munduan zehar faxismoak hartzen ari den itxura indartsuari erreparatu ahalko genioke, Brasilen hartu duenari, Ukraniakoari, Andaluziakoari, Europako hainbat herrietan ematen ari den gorakadari, Katalunian gertatzen ari denari, edo Espainiar estatuan, inoiz hil ez den faxismo horren gorakadari.

“Faxismoa esnatu duzue” bota zuten inongo lotsarik gabe Podemoseko arduradun ezberdinek, katalunian 155. artikulua aplikatu zutenean, esnatu, hitz hori erabili zuten, konszienteak zirelako faxismoa bizirik zegoela, lo agian, baina akabatu gabe. Faxismoa esnatu, nor eta faxismoari aurre egi nahi ziotenek, bide libre uzten zaionean, faxismoak ez baitu erasotzeko, esnatzeko, beharrik.

Euskal herrian ere, gaurdaino faxismo horren berri izan dugu, demokraziaren mozorropean izkutaturik. Batzuk faxista oheratu eta bizitza osoko demokrata esnatu baitziren duela orain 40 urte. Erasoak, jipoiak, markatzeak, lazo urdinak, atxiloketak, torturak… urte luzeetan zehar hamaika eraso, faxismo gogorra gure herriaren aurka, eta orduan ere, geu ginen faxismoa esnatu genuenak.

Gizartearen gehiengoak beste alde batetara begiratzen du, alarmatzen da bozkalekuetan faxismoak indarra hartzen duenean, hori posible nola den galdetuz, baina ez die, benetako arrazoiei erreparatzen. Inozoen, paletoen kontua omen da faxismoa, edo abstentzioaren errua, eta horrela burua zuritzen dugu, guk geuk faxismo horretaz bete beteak gaudela onartu gabe.

Gure debateak, gure argudioak, faxismoarenak dira. Manzanares Cortes familiaren aurkako erasoak eragiten dituztenak ez ditugu faxistatzat hartzen, auzokide kezkatutzat baizik. Unibertsitateko ikasle faxistak koittadutzat; dirulaguntzei gehiago erreparatu behar zaiela uste dugu, denak kanpotarrek eraman ez ditzaten, edo kartera ondo gorde alde zaharreko kale estuetatik igarotzean.

Eta bitartean, antifaxistak biolentotzat hartzen ditugu. Barbarotzat, faxista moko bati aurpegi berria oparitu diotenak, faxisten aldeko kontzentra eta gaitzespenetan ditugu gure ordezkariak. Andaluziako emaitzak onartzen ez dituztenak, antidemokratikotzat. Faxismoaren aurrean intolerantzia aldarrikatzen dutenak erotzat.

Bahituak gaude, buru kolonizatuak, faxismoa sutilki sartu da gure artera, batzuetan zarata pixka bat eginez, baina gehienetan, isilpean, alarmarik jo gabe. Gure anaia da, koinatua, laguna edo auzokidea. Gu geu gara. Eta konturatzerako berandu izango da, zeharo inguratuak egongo gara.

Ezkerrari armatzeko ordua heldu zaio, kalea berreskuratzearen ordua, diskurtsoa zabaltzearen ordua, alternatiba erreal eta praktiko bat argitaratzearena. Egingarria den programa politikoa behar dugu, langile klasea berriro ere gure ideietara erakartzeko. Fronte zabala behar dugu, borroka honetan ezinbestekoa den inor kalean utzi gabe, gure arteko liskarrak ahaztu eta kaleetara, gurea, bide guztietatik, defendatzera eramango gaituen programa iraultzailea.

Bestela, konturatzerako, ez da egongo bahiketa honetatik salbatuko gaituenik, bestela pelikuletan bezala, tiro hotsak sentituko ditugu beste behin, baita tiro hots horiek gure gorputzetan sentitu ere. Bahitzailea ez dago jolasean, hau oso serioa da, hartu dezagun serio geuk ere.

Oier Azkarraga

Zigor Oleaga: “Bizitza absolutizatu egiten dugu, baina edukiz hustuta”

Zigor Oleaga: “Bizitza absolutizatu egiten dugu, baina edukiz hustuta”

Suizidioaren hautuaz idazti du Zigor Oleagak Argia aldizkarirako bere azken erreportaia. Suizidioaz pentsatzen dugunean, muturreko egoerak etortzen zaizkigu burura (Gaixotasun sendaezinak, gaitz mentalak, sufrimendu jasanezinak), baina bada egoera hauetatik harago nork bere burua amaitzeko eskubidea aldarrikatzen duenik.

Heriotza duinaren hautua landuta, bizitzaren balioari buruz hausnartzeko bidea zabaltzen da. Bizitza bera defendatzen dugu? Ala bizitzea merezi duen bizitza bat?

Zigor Oleaga bera izan dugu gaur Hizpidean, eta sakonago ezagutu ahal izan dugu duintasunez hiltzeko eskubidearen inguruan lanean dabiltzan eragile ezberdinen testigantza, eta hautu hori hartu duten pertsona batzuen istorioa.

Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

Hartzea Lopez Arana (G7 EZ!): “Gailurra blokatzea da helburua”

Hartzea Lopez Arana (G7 EZ!): “Gailurra blokatzea da helburua”

Datorren urtean Biarritzen ospatuko da G7 gailurra, munduko “potentzia handienak” bilduko dituena. G7 goi-bilerari eta honek irudikatzen duen munduari aurkakotasuna erakusteko plataforma bat sortu dute hainbat eragileren artean: G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen!

Hilabete batzuk falta dira oraindik gailurrerako, eta prestaketa lanetan ari dira buru belarri. Amankomunak sareko Hartzea Lopez Arana izan dugu gaur Hizpidean, eta berak azaldu dizkigu G7aren gailurra oztopatzeko dauden proiektu ezberdinak. 

“Ez zaie errexa izango halako gailur bat Biarritzen egitea”

Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

Leire San Migel (Feministaldia): “Okertasuna aldarrikatu nahi dugu aurtengoan”

Leire San Migel (Feministaldia): “Okertasuna aldarrikatu nahi dugu aurtengoan”

 

 

 

Astelehenean hasi zen Feministaldiko XIII. edizioa, Donostiako Tabakaleran. Larunbatera arte kultura feministari lotuta dauden ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargunea izanen da, aurtengoan, “Okerrak” lelopean. 

Urtero bezala, Plazandreok plataforma politikoak antolatu du eta edizio hontan foku berezia jarri nahi izan diote euskal artista eta sortzaile lanei. 

Honen inguruan mintzatzeko, Leire San Migel, Feministaldiko koordinatzailea, gurean izan dugu. 

“Txirrindulari desobedientearen manifestu baterako oharrak” -Koldo Alzola-

“Txirrindulari desobedientearen manifestu baterako oharrak” -Koldo Alzola-

Begiak ireki ditut eta izu-keinuz begira dudan aurpegi bat izan da ikusi dudan lehenengo gauza. Lasaitu egin naiz, ikusmena, behintzat, ez dut galdu. Eskuetako hatzak mugitzen saiatu naiz, ongi. Behatzak mugitzeko ariketa ere bikain gainditu dut, osorik nago. Berehala ohartu naiz ikara aurpegia bidegurutzean gelditu ez eta bete-betean harrapatu nauen gidariarena dela. Bizikletaren erabilerarako udal ordenantzak ezarritako arauak zintzo betetzeak ez nau libratu gidari despistatuaren oldarralditik, edo beharbada, arauak betetzea izan da, hain zuzen ere, asfalto gainean etzatera eraman nauena. Izan ere, legediak dioen bezala, eta dagokidan bezala, errepidean pintatutako marretatik ibili beharrean, paso egin eta espaloi gainetik ibili izan banintz, ez nindukeen zorigaiztoko autoak harrapatuko.

Gasteizko Udalak bizikleten zirkulazioa arautzeko ordenantza kaleratu zuenean, hiri txirrindulari antolatuen elkarteek aho batez txalotu zuten neurria, araudi berriak bizikletak bestelako ibilgailuen pare kokatzen zituelakoan. Baina nekez izango da bizikleta bestelako ibilgailuen pare, gainontzekoek parekotzat ez badute. Nago araudi horren benetako motibazioa, txirringazko mugikortasuna erraztea eta sustatzea baino, bestelakoa dela: Bizikletek pentsaera zuzeneko hiritar boto emaile zintzoei eragin diezaieketen balizko enbarazua saihestea. Horretarako, bi gurpilen gaineko ibilgailuak espaloietatik eta erdiguneko kaleetatik desagertarazi eta, marra ziztrin batzuk pintatuz, errepideetara mugiarazi zituzten, pinturazko marra desagerkor horiek naturaz gaindiko botereak balituzte bezala, eta bizikletak motordun ibilgailuen oldarretatik salbuetsiko balituzte bezala. Baina ez da horrela. Eskarmentuak ondo erakutsi dit ez dela horrela.

Baina, zer dela eta hainbesteko egoskorkeria bizikleten kontra? Zer du bizikletak oinezkoen, auto gidarien eta agintarien suminaren jomugan etengabe izateko?

Bizikleta deabruaren asmakeria madarikatua da. Bizikleta denik eta garraiobiderik anarkikoena da; noranahi, nolanahi eta musutruk eramaten zaituena; eta horrek sistema kapitalistaren logikaren kontra egiten du talka. Erregai fosilen neurrigabeko ustiaketan oinarritutako ekonomia sistema batean gasolina bidezko ibilgailua bazter uztea hautu iraultzailea da; areago; hirigunean bezala, motorrik gabeko ibilgailua motorduna baino eraginkorragoa eta azkarragoa denean. Etengabeko kontsumoaz elikatutako egitura ekonomiko baten baitan iraingarria da kontsumitzen ez duen musutrukeko garraio bide bat, logika guztiaren kontrakoa. Horrexek bihurtzen du bizikleta ibilgailu maradikatua. Horrexegatik hainbesteko setakeria bizikletak esparru publikotik ezabatu eta asfalto gainera mugiarazteko, inongo babes fisikorik ez duten eremura, kristauak lehoien aurrean jartzen zituzten bezala.

Baina ni ez naiz kristaua, eta ez dut martirirako inolako bokaziorik. Ez ditut nire hezurrak asfaltoaren gainean botata berriro ikusi nahi. Larru zaharra baina bakarra dut eta nire esku dagoen guztia eta senak agintzen didana egingo dut osorik iraun dezan. Horretarako ditxosozko araudia urratu behar badut ere. Nire segurtasuna lehenetsiko dut. Arriskua somatzen dudanetan espaloi gainean ibiliko naiz, pentsaera oneko hiritar boto emaile zintzoen madarikazioak jasan behar baditut ere. Semaforo gorrien gainean ere pasako naiz, atzetik datorkidan eta ikusi ezin dudan autoak eskuinera jotzeko asmorik balu harrapatu ez nazan, gidari amorratuen irainei aurre egin behar badiet ere. Eta hori guztia udaltzainen begirada zelataria saihestuz egingo dut. Bizirauteko zenak gidatuko nau hemendik aurrera, bizitzako beste arlo askotan bezala, bizirauteko desobeditu behar badut ere… edo, akaso, bizitzako beste arlo askotan bezala, bizirauteko desobeditu behar dugulako.

Koldo Alzola

Jokin Urain (Amaren Etxea): “Presoen senideen konstantzia eta itxaropena liburuaren erdigune”

Jokin Urain (Amaren Etxea): “Presoen senideen konstantzia eta itxaropena liburuaren erdigune”

Abenduaren 7an, Jokin Urain idazle eta preso ohiak “Amaren Etxea. Euskal preso politikoen senideen historia bat” liburua aurkeztu zuen Mendaroko Gaztetxean.

Honek presoen senideen 100 testigantza inguru bildu ditu, hauen bizipenak argitara emateko helburuaz. Dioenez, sarri idatzi izan da presoen egoerez eta bizipenez, baina senideei protagonismoa eman zaien lehen aldia izan da hau.

Honen inguruan mintzatzeko, Jokin Urain eduki dugu gurean.

 

Olatz Talabera (Artea Proiektua): “Herri gisa garatu ahal izateko ezinbestekoa da elkartasuna”

Olatz Talabera (Artea Proiektua): “Herri gisa garatu ahal izateko ezinbestekoa da elkartasuna”

Arteako herrian askotariko errefuxiatuak daude bizitzen, Artea Proiektua hartzen duten bi etxeetan. Olatz Talabera proiektuko kidea izan dugu gaur Hizpidean, errefuxiatuen errealitatea eta Artean sortzen ari diren elkarbizitza proiektua gertuagotik ezagutzeko.

Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

Naiara Santo: “Alde Zaharraren zati bat eskaparate bihurtzen ari dira, eta bestea abandonatzen”

Naiara Santo: “Alde Zaharraren zati bat eskaparate bihurtzen ari dira, eta bestea abandonatzen”

Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitzek mota askotako arazoak dituzte. Etxeen egoera kaxkarra, konponketei ekonomikoki aurre egiteko ezintasuna, espekulazioa, gentrifikazioa… Arazo guzti hauei aurre egiteko moduaren bila, auzoko asanblada bat deitu dute gaur, abenduaren 11, arratsaldeko 19.30tan Gasteiz Txiki Elkartean.

Naiara Santo izan dugu gaur Hizpidean, Alde Zaharrak dituen arazoen inguruan sakonago hitz egiteko.

“Soilik auzoak salba dezake auzoa.”

Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

“Araba, mundu mailako eredua ote?” -Iñaki Martinez de Luna-

“Araba, mundu mailako eredua ote?” -Iñaki Martinez de Luna-

Galdera hori egin zion Txerra Rodriguezek bere buruari. Zehatzago esanda, hauxe idatzi zuen: Arabako euskararen biziberritzea: mundu mailako eredua?

Galderari zuzenean erantzun ez bazion ere, Araba mundu mailako eredu izatearen aldeko hamasei argudio plazaratu zituen. Kasu horietako batzuk aipatzen zituen, euskaldunen proportzioa igotzeko edo erabilera bultzatzeko ekimen garrantzitsuak abiatu dituztelako. Beste batzuk, ordea, euskaldunen zerbitzurako hedabideak edo bestelako ekimenak abian jarri dituztelako. Inolaz ere ahaztu gabe utziz, euskararen mesedetan alor sozioekonomikoa, gazteria edo zenbait eskualde aktibatzea jomuga duten proiektu eta ekimenak. Guztira, Arabako hamasei harribitxi.

Ez dakit ekimen horiek guztiak nahikoa ote diren Arabako ibilbidea munduaren aurrean eredu gisa jartzeko. Hala ere, jakin badakit arabarrok harro egoteko motiboak baditugula, euskara gurean gero eta presenteago dagoelako.

Hortaz, Txerrak arrazoi? Arabako euskararen berpizkundea esportatzeko moduko eredua? Zergatik ez? Demostratu dezagun baietz!

Iñaki Martínez de Luna

Aitor Lacasta (Skolae): “Generoa gizartearen konstrukto bat da, genero desberdintasunik ez egotea lortu nahi dugu”

Aitor Lacasta (Skolae): “Generoa gizartearen konstrukto bat da, genero desberdintasunik ez egotea lortu nahi dugu”

Skolae Hezkidetza programak polemika asko piztu du Nafarroako eskuinaren artean. Haurrak berdintasunean hezteko programa Nafarroako eskola guztietara zabaldu du Gobernuak Skolae programarekin, irakasleen hautua izateari utzi eta haur guztiek beharrezko heziketa hori jaso dezaten.

Aitor Lacasta, Nafarroako Bizikidetza Zerbitzuko Zuzendaria izan dugu gaur Hizpidean, Skolae programaren edukiez eta helburuez hitz egiteko. Bestalde, Nafarroan sortutako polemikaren puntu batzuk ere landu ditugu, komunikabideetan zabaldutako gezur batzuei aurre egiteko asmoarekin.

Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies