ERRAIETATIK vol. XLI | Ghettoaren sustraiak

ERRAIETATIK vol. XLI | Ghettoaren sustraiak

Aste honetan, ‘The Harder They Come’ (Perry Henzel, 1972) izan dugu hizpide: Jimmy Cliff protagonista izanik, 70. hamarkadako Jamaikaren erretratua eta reggaea mundura zabaldu zuen pelikula.  Eta nola ez, bere soinu-banda entzuteko aukera ere izan dugu.

1972. urtea izan zen gakoa. Urte honetan, reggaearen aitzindaria eta errekonozimendu handiko artista zen Jimmy Cliff ume basatiak, pelikula honetan parte hartu zuen, protagonista gisa, Ivanhoe ‘Ivan’ Martinen paperean. Exploitation, edo blaxploitation korronte zinematografikoan kokatu dezakegu, eta ‘The Harder They Come’ filmak modu paregabean islatu zuen Jamaikako errealitate bat: etorkizun hobe baten bila, Jamaikako landa eremuetatik hirietara alde egiten zuten gazteen errealitate konplexua, alegia.

1973ko otsailean, nazioarteko merkatura jauzi egingo zuen, New Yorkeko zinemetan proiektatzen hasi zenean. Hasiera batean, ez zuen arreta deitu, baina apirilean, benetako fenomenoa bihurtu zen nazioarteko espazio kontrakulturaletan. Pixkanaka, pelikula honi esker, musika eta kultura jamaikarrak AEBetan eta Europan barrena hedatzen joan ziren.

Soinu-bandaren eragina ere azpimarratzekoa da. Irratsaio honetan zehar entzun ditugun kantuak ereserki bihurtu ditu historiak, eta urteek aurrera egin ahala, oraindik ere entzuten dira reggae musikaren klasikoak bezala.


TRACKLIST

01 Jimmy Cliff – You Can Get It If You Really Want
02 Scotty – Draw Your Brakes
03 The Melodians – Rivers Of Babylon
04 Jimmy Cliff – Many Rivers To Cross
05 Toots and The Maytals – Sweet and Dandy
06 Jimmy Cliff – The Harder They Come
07 The Slickers – Johnny Too Bad
08 Desmond Dekker – 007 Shanty Town
09 Toots & The Maytals – Pressure Drop
10 Jimmy Cliff – Sitting in Limbo

ERRAIETATIK vol. XL | Oihu gorria, iraultza morea

ERRAIETATIK vol. XL | Oihu gorria, iraultza morea

Martxoak 3 eta Martxoak 8 bitarteko irratsaioan, ERRAIETATIKeko uhinetara ekarri genituen bi data historiko hauek. Izan ere, Alitxu Martínez del Campo izan dugu gurean: gaztea zelarik, 1976ko Martxoaren 3a hurbiletik bizi eta 2018ko Martxoaren 8ko Greba Feministan buru belarri aritu den emakume gasteiztarra, ume basatia. Honekin batera, Jean-Luc Godard zinegile frantsesaren harribitxietako batera hurbildu gara, ‘La Chinoise’ (1967).

1976ko Martxoaren 3tik, 2018ko Martxoaren 8ko Greba Feministara

1976ko Martxoaren 3tik, 2018ko Martxoaren 8ko Greba Feministara. Langileen iraultza eta borroka feminista uztartzen dituen ibilbidearen erakuslea da Alitxu Martínez del Campo. 76ko greba mugimendua zein Martxoaren 3ko sarraskia bizi zituen emakume askoren artean dago. Gazte militante komunista zen garai hartan, eta urteak aurrera egin ahala, besteak beste, eta gaur egun ere, Euskal Herriko eta Gasteizko mugimendu feministaren militante nekaezina izan da.

Alitxu Martínez del Campo

Berarekin solasean, 42 urte hauen inguruko testigantza jaso nahi izan dugu. Alde batetik, 1976ko Martxoaren 3a nola bizi zuen ezagutzeko, eta bestalde, urte luze hauetan herri mugimenduaren zein mugimendu feministaren bilakaera ulertzeko, gaur egun arte iristen den ibilbidea eginez.

‘La Chinoise’ (Jean-Luc Godard, 1967)

Bestalde, ‘La Chinoise’, 1967. urtean Jean-Luc Godardek zuzendutako pelikulara hurbildu gara. Garaiko manifestu maoistatzat zein 68ko Maiatzaren aurrekaritzat hartu ohi da, urtebete beranduago Frantzian eztanda egingo zuen iraultzaren sinbolo bat. Godard-en obra osoa bezala, Nouvelle Vague mugimenduaren baitan kokatu genezake, eta inoiz baino kutsu esperimentalagoa du lan bitxi honetan. Izan ere, pelikulan zehar etengabe gogorarazten digun bezala ‘Prestakuntzan dagoen pelikula’ bat da.

ERRAIETATIK vol. XXXIX | Hildako hiriaren begi-kolpea

ERRAIETATIK vol. XXXIX | Hildako hiriaren begi-kolpea

Aste honetako ERRAIETATIK irratsaioan, ikusentzunezko bi proiekturi begira jarri gara. Alde batetik, Metromuster ekoiztetxe-kooperatiba katalanari buruz hitz egin dugu, Xavier Artigas kide eta sortzailearekin. Bestalde, serieen urrezko aroaren aitzindaria den ‘The Wire’ maisulanaren inguruko monografikoa osatu dugu.


Izan ere, otsailetik apirilera, Metromuster ekoiztetxe-kooperatiba katalanaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizko ZAS Kultur Espazioan. Aitzaki horrekin, irratsaiora ekarri dugu Xavier Artigas, ‘Cultures Audiovisuals Emancipadores’ leloa oinarri hartuta, ikusentzunezko kultur emanzipatzailea praktikara eraman duen proiektu independente hau hurbiletik ezagutzeko.

Eta aspalditik egin nahi genuen monografikoaren ordua iritsi da, irratsaioaren bigarren erdian. ‘The Wire’ (David Simon, 2002-2008) Baltimore, Maryland, AEBetan girotutako telebista serie bat da. Istorioa polizia talde bati enkargatutako entzute telefonikoek gidatzen dute, eta hiri honetako sistema osoaren ustelkeria agerian uzten du, ustelkeria horren arlo ezberdinak lantzen dituzten bost denboraldietan zehar. Sistema kapitalista neoliberalaren miseriak agerian utzi zituen ikusentzunezkoen historiara pasatu den serie honek. Nahiz eta Baltimore hirian girotuta egon, unibertsala bihurtu da ‘The Wire’, maisutasunez egindako ikusentzunezko lanagatik, baina baita sistemari egindako kritika zorrotzagatik.


Xavier Artigasekin elkarrizketa osoa:

“Tenemos la gran responsabilidad de hacer frente al relato hegemónico con inteligencia”

ERRAIETATIK vol. XXXVIII | Kontra egitearen poetika

ERRAIETATIK vol. XXXVIII | Kontra egitearen poetika

Poesiak norbera biziberritzen badu, munduari kontra egiteak are gehiago. Akaso horregatik 103 urte zituela hil da Nicanor Parra, bere antipoetiak biziberritzen zuelako. Hala ere, hil da Nicanor eta ERRAIETATIKeko ume basatiok berari eta bere ibilbide artistikoari eskieni diogu aste honetako saioa. Parrak sortu eta garatu zuen antipoesia; herri kulturari lotu eta XX. mendeko olerkigintza txiletarrari kontra egin zion paradigma poetikoak. Irratsaioari amaiera emateko, nobedade musikal batzuk ekarri ditugu gurera; mass-media delakoei kritika egiten dieten kantak, hain zuzen.

Nicanor Parra antipoeta.


Hilezkorra zirudien arren, pasa den urtarrilaren 23an hil zen Nicanor Parra antipoeta txiletarra. 103 urterekin hil zen Parra baina hil arren, hilezkorra den obra utzi digu. Ezbairik gabe, XX. mendeko Txileko, Amerikako eta Munduko poeta esanguratsuenetakoa da Nicanor Parra. Azken finean, berak sortu zuen antipoesia delakoa. Honekin batera, matematiko eta fisikoa izan zen ere Nicanor.

Nicanor Parraren “artefakto” bat.

Baina zer dira antipoemak? Zer da antipoesia? Antipoesiaren helburua modu edo era poetiko tradizionalak zalantzan jarri eta deuseztatzea da. Olerkiaren mezua da benetan garrantzia duena, es forma, ez lirika. Balorean jartzen da behar-beharrezkoa dena, egunerokoa. Hortaz, erabiltzen den hizkera egunerokoa da, burlesko eta ironikoa, ohiko esamolde eta hitzekin. Olerkigintzan erabiltzen zen goi-hizkera polit horrekin apurtu nahi du. Pertsona normalen bizipenak ditu hizpide.

Saioaren bigarren zatian, esan bezala, azken asteetan hainabt talde musikalek kaleratutako kanta berriak izango ditugu. Hala nola, Riot Propagandaren “Mass mierda” edo D-Tox gasteiztarren azkenengo diskaren aurrerapena: “Correo español”.

D-Toxeko kideak estudioan

 

ERRAIETATIK vol. XXXVII | La Rage du Peuple

ERRAIETATIK vol. XXXVII | La Rage du Peuple

Azken asteotako elkarrizketa mamitsuen ostean, Frantziar estatuko banlieuei begira jarri gara gaurkoan ERRAIETATIK irratsaioan. 1995an zuzendu zuen Mathieu Kassovitz-ek ‘La Haine’ (‘Gorrotoa’), bazterretako gazteriaren matxinadaren inguruko kultuzko filma. Historian zehar gertatu den bezala, bere garaiko testuinguruaren irakurketa ezinhobea egin zuen pelikula honek: «Garrantzitsuena ez da erorialdia, baizik eta lurreratzea», klaseen arteko gerra isilak eztanda egiten duenean. Eta argi geratu zen hori, 2005. urtean Banlieuetako Istiluak Parisetik Frantzia eta Europa osora hedatu zirenean.

‘La Haine’ (Mathieu Kassovitz, 1995)

Istiluak banlieuetan. 2005.

Nicolas Sarkozyk, orduko presidenteak, berehala asmatu zuen istiluetan parte hartzen zuten gazteak identifikatzeko izena: ‘Racaille’ (txusma, jendaila, zaborra). Eta hain zuzen ere, hori da gaurko irratsaioan ezagutu nahi duguna. Nola bizi dira Frantziar estatuko hiri handietako behe-auzoetako gazteak? Zer suposatzen du azal txuria ez izateagatik bigarren mailako herritar izatera kondenatzen zaituen herrialde batean bizitzea? Zergatik pizten dira aldian-aldian matxinadak eta istiluak bere burua giza eskubideen jaioterri gisa duen herrialde honetako banlieuetan? Nondik dator hainbeste amorru?

Keny Arkana

Testuingurua osatu eta ibilbide historikoa egiteaz gain, banlieuetatik sortutako rap eszena frantsesera hurbildu gara. 1981an iritsi zen hip hop kultura Frantziara, eta berehala handituz joan zen musika estilo honen ospea, bertan bizi zen komunitate afrikar zabalari esker. Mezu antirrazistak oinarri, molotov koktelak ziren kantuak sortzen hasi ziren. Laister agertu ziren rap musikaren inguruko lehenengo irratiak eta kontzertuak, betiere polemikaz inguratuta, polizien hilketak zein beste krimen batzuk goraipatzea leporatuta. 90. hamarkadan zehar, hazkunde ikaragarria bizi zuen eszenak eta mundu osoko erreferentea bihurtu zen: Ministère AMER, IAM, NTM, Assassin… XXI. mende hasieran (banlieuetako istiluen zein ‘terrorismoaren kontrako gerra’-ren testuinguruan), mainstream-a atzean utzi nahi zuen korronte berri bat agertu zen, mezu subertsibo, iraultzaile eta politizatuei garrantzi handiagoa emanez: Médine, Mafia K1 Fry, Kery James, Keny Arkana…


TRACKLIST

01 – Keny ArkanaLa rage
02 – Cut KillerNique La Police
03 – Kery JamesRacailles
04 – Kery JamesBanlieusards
05 – Ministère AMERSacrifice de poulets
06 – IAML’École du Micro dArgent
07 – MédineDon’t Panik
08 – Mafia K1 FryGuerre
09 – Keny ArkanaJ’me barre

ERRAIETATIK vol. XXXVI | Zokoratuen boza

ERRAIETATIK vol. XXXVI | Zokoratuen boza

Bi gertakari garrantzitsuen inguruan biratu du aste honetako ERRAIETATIKeko irratsaioa: «Freedom Waves: Giving People a Voice and Turning It Up! Tuning into the Free Radio Network in the Basque Country» artikuluaren agerpena Westmintser unibertsitateko Westminster Papers’-en eta Rosa Luxenburgo eta Karl Liebknecht espartakisten erailketaren 99. urteurrena. Biak a la biak, irrati libreak eta espartakistak zokoratuen boza ziren, dira eta izango dira.


Jason Diaux, Ion Andoni del Amo eta Arkaitz Letamendiak ‘Westminster Papers’-en 35 orrialdeko artikulua argitarau dute, Hala Bedi eta Eguzki Irratien inguruko historia eta antolakuntza jasoz. Komunikazioa eta kulturaren inguruko argitalpen esanguratsu hau ere gurera ekarri dugu: Jason, Ion Andoni eta Arkaitzekin solasaldi interesgarria izan dugu, hain zuzen ere. Irrati libreen izaera, iragana, oraina eta etorkizuneko erronkak izan ditugu mintzagai.

«Herri mugimenduaren indarra mantentzen bada, irrati libreak osasuntsuak izango dira»

Espartakistak Berlinen 1919. urteko hasiean

Saioaren bigarren zatian, ordea, Alemaniako espartakisten inguruan arituko gara Rosa Luxenburgo eta Karl Liebknechten erailketaren 99. urteurrena probestuz. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren zatiketa batetik sortu ziren espartakistak. Luxenburgo eta Liebknecht buru zituen mugimendu iraultzaile honek sortu zuen Alemaniako Alderdi Komunista 1918an. 1919. urte hasieran, herrialde osoan hedatzen ari zen matxinadaren buruan jarri eta saiakera iraultze bat gidatu zuten. Porrot egin eta errepresio gogorra pairatu zuten: espartakisten buruzagiak hil zituzten.

 

 

ERRAIETATIK vol. XXXV | Gautxori zoroen dantza

ERRAIETATIK vol. XXXV | Gautxori zoroen dantza

Gabonetatik bueltan, indarberrituta itzuli da ERRAIETATIK Hala Bediko uhin askeak kutsatzeko asmoz. Aste honetako irratsaioan, musika eszena lokaleko harribitxi bati begira jarri gara, Bidelapurrak taldeko Ander Solozabal ume basatiarekin solasean. Bestalde, historiari erreparatu diogu ere, ’60 eta ’70ko hamarkadan sortutako Northern Soul mugimendu kontrakulturala hurbiletik ezagutzeko.


Izan ere, ‘Gorriak eta bi’ diska kaleratuko du laster Bidelapurrak taldeak, folk tabernazale eta country doinuak oinarri eta jatorrizko bikotea seikote bihurtuz. Eta urtarrilaren 20an aurkeztuko dute Moonshine Wagon taldearekin batera Hell Doradon eskainiko duten kontzertuan. Diskatzar berri honetako kanta batzuk entzuteko aukera izan dugu, eta Ander Solozabal taldekide eta ume basatiarekin hitz egin dugu: Bidelapurrak taldearen bilakaera, diska berriaren nondik norakoak, autoekoizpena, panorama musikala… izan ditugu hizpide.

Irratsaioaren bigarren erdian, Northern Soul mugimendu kontrakulturalera hurbildu gara. Altxatutako ukabil beltz bat eta ‘Keep the Faith’. Fedea Gorde. Hauxe izan zen Northern Soul-aren lelo nagusia. 60ko hamarkada amaieran, Erresuma Batuan, bereziki Ingalaterrako iparraldean sortutako musika eta dantza korronte bat izan zen: birak, bueltak, karateko ostikadak, itzulipurdiak… Bere oinarria: soul beltzaren soinu berezia, erritmo nabarmendu eta tempo altuarekin. 

Eszena hau eta honekin lotutako moda zein dantza-estiloa bat-batean zabaldu ziren Erresuma Batuko areto eta gaueko clubetan, gero eta tempo arinagoa eta frenetikoagoa bultzatuz. Gazte hauek gau osoak ematen zituzten dantzan, eta askotan, kilometroak eta kilometroak ematen zituzten errepidean, gustokoen zituzten clubetara joateko. All-nighters edo ‘gaupaseroak’ ziren.


TRACKLIST

01 – Bidelapurrak – Alferrik
02 – Bidelapurrak – Arabaman
03 – Bidelapurrak – Lepagorri
04 – Al Wilson – The Snake
05 – Chuck Wood – Seven Days Too Long
06 – Dobie Gray – Out On The Floor
07 – Billy Butler – Right Track
08 – Tami Lynn – Im Gonna Run Away From You
09 – Gloria Jones – Tainted Love

ERRAIETATIK vol. XXXIV | Txakur gorrien zaunka polifonikoa

ERRAIETATIK vol. XXXIV | Txakur gorrien zaunka polifonikoa

Txakurrak bazterretara daude kondenatuta. Bakarrik, goseti eta gaixo bizirautera kondenatuta aspaldi bizkarra eman zien mundu batean. Baina batzutan, etsipenak behartuta,  txakur hauek antolatzen dira eta bere zaunka ahulak batera intonatzen dituzte. Txakur gorriak dira hauek eta zeruraino goratzen diten zaunka polifonikoak mundu petral hau dardarka uzten du.


2017ko azken saio honetan, Erraietatikeko ume basatiok txakur gorri hauetara gerturatu gara. Horretarako, lehenik eta behin, Txakur Gorria sortzaileen kolektiboko Ane Labakarekin solastu gara. Txakur Gorria lau neska gaztek 2016. urtean sortu zuten eta orain arte ibilbide oparoa izan dute: bost tramankulu kultural atera dituzte, horien artean ikus-entzuneskoak, ikuskizunak eta literatura lanak. Anek kolektiboaren nondik-norakoak kontatu dizkigu: noiz, nola eta zergatik sortu ziren, zein oinarri dituzten, etorkizuneko erronkak…

Ane Labaka (Txakur Gorria): «Sormena era kolektiboan bizi nahi dugu»

Liuberiak Sobietar Batasuneko prentsako protagonistak

Irratsaioaren bigarren atalean, berriro ere, Sobietar Batasunera hurbildu gara. Iraultzaren hasiera alde batera utzita , 70. eta 80. hamarkadako urte arriskutsuetara bidaiatu dugu. Urte horietan Moskuko eta ia Sobietar Batasun guztiko kaleetan gazteen arteko borrokak zeuden. Alde batetik, mendebaldeko mugimendu kontrakulturalak imitatzen zituzten gazteak zeuden, bestetik sozialismoa eta Sobietar Batasuna defendatzen zuten liuberiak. Liuberiak Moskuko kanpoaldeko Liubertsy auzoko gazteak ziren. Orduak pasatzen zituzten gimnasioetan eta Moskuko erdigunera joatean zirenean Sobietar Batasuneko etsaiak ziren punky, heavy eta rockerrak jipoitzen zituzten. Sobietar Batasuneko txakur gorriak ziren.

ERRAIETATIK vol. XXXIII | Atari Nerabeen Matxinada

ERRAIETATIK vol. XXXIII | Atari Nerabeen Matxinada

Makinek pentsatzen dutenean, izua zabaltzen da gobernuen artean. Atari Teenage Riot taldearen ekintza zaratatsuak sistema alemaniarra estutasunean jarri zuen 90. hamarkadaren hasieratik. Soinu digitala eta aktibismo politikoa uztartzen dituen martxa erradikala abiatu zutenetik. 1992. urtean Berlinen sortu zirenetik. ERRAIETATIK irratsaioko ume basatiok omenaldi xumea egin nahi izan diogu Atari Nerabeen Matxinadari.


Establishmentaren kontrako matxinada hau politikoa gainditu eta arlo artistikoan ere islatu da: Alemanian jaio zen Atari Teenage Riot, musika elektronikoaren jaioterrian, hain zuzen ere; talde honi esker, huts egite eta artista solte batzuen gainetik, technoa ideologiaz blaitu zen diskoteka eta neon argien azalkeria atzean uzteko. Gainera, Alemaniako techno eszenan neo-nazismoaren eragina areagotzen ari zen testuinguruan iritsi ziren.

Sakonki politizatuta, anarkismoa eta antifaxismoa uztartzen dituzte. Punk hitzak eta techno musikaren erritmo zein soinuak uztartuz, digital hardcore izeneko generoa asmatu zuten. Euren burua “disc jockeyen konspirazio” gisa aurkeztuz, ATReko kideak inor baino lehenago iritsi ziren 3. milurtekora, mezu argi batekin: «Ez bozkatu! Istiluak sortu! Poliziaren kotxeak erre! Emakumeak onartu! Terroristak errespetatu! Telebistak suntsitu! Espetxeak apurtu! Moral kristaua desegin! Sexua! Graffiti gehiago! Drogak eta Focault sustatu! Biziraun! Zeren zain zaudete? Egin ezazue. Mundua aldatu dezagun!».


TRACKLIST

01 – ATARI TEENAGE RIOT – Start The Riot
02 – ATARI TEENAGE RIOT – Kids Are United
03 – ATARI TEENAGE RIOT – Speed
04 – ATARI TEENAGE RIOT – Deutschland (Has Gotta Die)
05 – ATARI TEENAGE RIOT – Hetzjagd Auf Nazis (Live in Berlin 1993)
06 – ATARI TEENAGE RIOT – Destroy 2000 Years of Culture
07 – ATARI TEENAGE RIOT – Revolution Action
08 – ATARI TEENAGE RIOT – Collapse of History
09 – ATARI TEENAGE RIOT – J1M1

ERRAIETATIK vol. XXXII | Memoria iraultzaren bizigarri

ERRAIETATIK vol. XXXII | Memoria iraultzaren bizigarri

Estudioetan sufritutako sabotaiei aurre eginez, Erraietatikeko saio berri bat osatu dugu memoria ardatza izanik. Horretarako Bastidan 1933. urtean burututako matxinada komunista libertarioaren berri emango dugu. Honekin batera, Pedro baigorri iraultzaile eta internazionalistaren bizitza hizpide izango dugu. Azkenik, Erraietatikeko ume basation belarriak urratu dituen musikarekin blaituko dugu irratsaioa.

«Labastida 1933» proiektu memoralista baliatuz, Bastidan 1933. urtean burututako matxinada iraultzailea izango dugu mintzagai irratsaioaren lehengo zatian. Garai horietan, Espainako II. errepublikan, 1933. urteko haustekundeetan CEDA eskuineko koalizioak garaipenarekin egin zen. Honen aurrean, altxamenduak burutu zituzten Espainako Estatuko leku desberdinetan, tartean Arabako Bastida herrian. Bertan CNT sindikatuak gidaturik matxinada burutu zuten ezkertiarrek. Gertakari hauek errepesatuko ditugu.

Ondoren Pedro Baigorri iraultzaile eta internazionalista nafarraren bizitza ekarriko dugu gurera. Laister Txalapartak bere biografia kaleratuko du eta hau probestuz, bere bizitza interesgarriaren berri eman nahi izan dugu. Pedro Baigorri sukaldaria bezala hasi zen Iruñan eta Donostian baina bere ideia iraultzaileek behartuta lehenik Parisera eta gero Kubraa eta Kolonbiara abiatu zen garaiko mugimendu iraultzailean parte hartzeko. Kuban Fidel eta Raul Castroren laguna, laguntzailea eta sukaldaria izan zen. Baina bere sen iraultzaileak Kolonbiara eraman zuen. Bertan hainbat matxinada eta gerriletan parte hartu eta gero 1972. urtean Kolonbiako mendietan bizitza utzi zuen.

TRACKLIST

01 – Blitzkrieg Bop – Ramones

02 – Walk Like a Panther – Algiers

03 – Unites States of Horror – Ho99o9

04 – Street Power – Ho99o9

05 – Hail to the Chief – Prophets of Rage

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies