Poeta madarikatuak | Heroiak, binetak eta onomatopeiak [1×08]

Poeta madarikatuak | Heroiak, binetak eta onomatopeiak [1×08]

                

Irudiak: Paper Girls #1 – Brian K. Vaughan, Cliff Chiang eta Monstress – Marjorie Liu, Sana Takeda.

Ongi etorri berriz ere Poeta madarikatuak irratsaiora! Jada zortzigarren saioa! Hona hemen gaurkoan landuko duguna: Tintin bezalako pertsonaia ezaguna gurean edukiko dugu, edo gaurko arora hurbilduz, Paper Girls izeneko obra landuko dugu, eta Argentinatik eratorria den Liniersen lana ezagutuko dugu. Bueno, Tintin aipatuta, uste dut erraza dela gaurko mintzagaia asmatzea, ezta? Bai, ba! Komikigintzaz jardungo dugu igande honetan, izan ere, narratiba aski landu dugu, azpigenero askotan murgildu gara, baina beste generoak ere landu nahi ditugu, eta horrenbestez, ezin zaizkigu komikiak ahaztu.

Beno, gai hau gertuagokoa izango da entzule askorentzat, niretzat ere bai, izan ere, nork ez du bere bizitzan komikiren bat irakurri? Nire oroimenean beti geldituko dira txikitan irakurritako Mortadelo eta Filemón, Odio, 13 del Rue del Percebe, Tintinen abenturak edota Batmanen abenturak. Geroago, nerabezaroan eta helduagoa nintzela bestelako komikiak irakurtzen hasi eta gogoangarrienak Sandman, Maus, Persepolis, Ghost World, Transmetropolitan, Paper Girls, Saga edota Akira izan ziren.

Ba gaurkoan, horietako asko landuko ditugu, sarrera honetan sortu ziren lehenengo komikiak aipatuko ditugu, baita generoaren klasikotzat hartzen direnak ere. Atzerriko literatura sekzioan, Alan Mooreren V Vendetta eta Warren Ellisen Transmetropolitan lanak landuko ditugu, obra aski ezagunak generoaren maitale ororentzat. Ostean, euskal literatura atalean, Iñaki Martiarenaren Zarrakamalda eta Javier de Isasiren Baleak ikusi ditut lanak jorratuko ditugu.

Literatura feministan, esan beharra dago komikigintza ia gaur egun arte gizonen mundua izan dela baina, beti bezala emakumeen presentzia aldarrikatzera gatoz, hortaz, Marjane Satrapiren Persepolis, Brian K. Vaughanen Saga eta Paper Girls eta Marjorie Liu eta Sana Takedaren Monstress landuko ditugu. Azkenik, gomendio gehigarri batzuk emango dizkizuegu, haien artean Maus, Ms Marvel, Ghost World eta Liniersen obra daudelarik.

Abestien zerrenda:

  • Sonic reducer – Dead Boys (Young, Loud and Snotty, 1977).
  • Zu atrapatu arte – Kortatu (Kortatu, 1985).
  • Deceptacon – Le Tigre (Le Tigre, 1999).

Liburuen/pelikulen zerrenda:

  • Histoire de Monsieur Cryptogame -Rodolphe Töpffer (1830).
  • The Yellow Kid – R. F. Outcault (1898).
  • Tintinen abenturak – Georges Remi Hergé (1930-1970).
  • Watchmen – Allam Moore, Dave Gibbons (1986-87).
  • Akira – Katsuhiro Otomo (1982-1990).
  • V Vendetta – Allam Moore, David Lloyd (1982-88).
  • Transmetropolitan – Warren Ellis, Darick Robertson (1997-2000).
  • Zarrakamalda – Iñaki Martiarena (2016).
  • Baleak ikusi ditut – Javier de Isusi (2014).
  • Persepolis – Marjane Satrapi (2000).
  • Paper Girls, Saga (abian) – Brian K. Vaughan, Cliff Chiang, Fiona Staples.
  • Monstress (abian) – Marjorie Liu, Sana Takeda.
  • Maus – Art Spiegelman (1980).
  • Macanudo (abian) – Liniers.
  • Ghost World – Daniel Clowes (1997).

 

Irudiak: saioan landuko diren komikietako batzuk.

Ahalduntze ariketa egingo dute Gorbeialdean eta Aiaraldean, datorren igandeko herri galdeketetan

Ahalduntze ariketa egingo dute Gorbeialdean eta Aiaraldean, datorren igandeko herri galdeketetan

Datorren igandean, maiatzak 6, egingo dituzte herri-galdeketak Aiaraldeko Artziniega, Aiara, Amurrio, Okondo eta Laudio herrietan eta Gorbeialdeko Zigoitian eta Zuian. Miren Ayesa Gure Esku Dago ekimeneko Arabako koordinatzaileak adierazi du prozesu ahalduntzailea izan dela orain artekoa, eta datorren igandean izango duela puntu gorena. Herritarrak parte hartzera deitu ditu, baita kanpokoei gonbita egin ere, erabakitze eskubidearen festan parte har dezaten.

Bestalde, erabakitzeko 2019 arrazoi biltzen jarraitzen dute Gure Esku Dago ekimeneko kideek, baita ekainaren 10eko giza-katea prestatzen ere.

Ivan Santamaria: “Etorkizunerako pentsio-sistema sendo bat nahi dugula erabakitzen badugu, aberastasuna beste modu batera banatu beharko da”

Ivan Santamaria: “Etorkizunerako pentsio-sistema sendo bat nahi dugula erabakitzen badugu, aberastasuna beste modu batera banatu beharko da”

Azken urteotan pentsio-sisteman egindako erreformak izan ditu hizpide Ivan Santamaria kazetariak, EAJk PPrekin erdietsitako akordioaren haritik tiraka. Santamariak zalantzan jarri du egungo pentsio-sistema, gazte kotizatzaileen eta pentsiodunen arteko desoreka aintzat hartuta. Hala ere, sistema hori aldatzea erabaki baten menpe egonik, kotizatzeko modua eta, beraz, pentsioen etorkizuna bermatzeko bidea ere egin daitekeela uste du kazetariak.

“Itxaropena dut herri honek memoria oso bat idatzi nahiko duela, askotariko errelatoekin, eta hor egongo da tortura, letra larriz idatzita”

“Itxaropena dut herri honek memoria oso bat idatzi nahiko duela, askotariko errelatoekin, eta hor egongo da tortura, letra larriz idatzita”

Argazkia: Berria

Eneko Compains 2010eko irailean atxilotu zuten eta orduan salatu zituen torturak, baina salaketa artxibatu egin zuten. Iaz, berriro irekitzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta lau guardia zibili deklarazioa hartu zieten atzo Iruñeko auzitegian.

Compainsek adierazi du ez duela konfiantza handirik epaian, baina bai euskal gizartearengan: gizarteak berak ipiniko du torturaren auzia behar duen lekuan, eta biktimek behar duten aitortza izango dute.

Campilloko gazteak Bidezko Merkataritzaz

Campilloko gazteak Bidezko Merkataritzaz

Kaixo Entzule!! Gaurkoan saio berezia daukagu zuentzat. Landatxon ikastaro bat egiten aritu diren neska-mutilak etorri dira gurera eta Bidezko Merkataritzari buruz hitz egin digute. Zehazki Pio XII kalean dagoen Medicus Mundi dendara egindako bisitaz hitz egin dugu, baina baita Vandana Shiva pentsalariaz… eta beste gauza askori buruz ere! Espero dugu saioa gustatzea!

 

“Erasotuaren sinesgarritasuna ezbaian jarri da berriz, eta hori da jendartearen isla: patriarkatuarekin egiten dugu topo etengabe”

“Erasotuaren sinesgarritasuna ezbaian jarri da berriz, eta hori da jendartearen isla: patriarkatuarekin egiten dugu topo etengabe”

2016ko sanferminetako talde-bortxaketari buruzko epaia eman zuten atzo: 9na urteko kartzela zigorra ezarri diete 18 urteko neska bat atari batean bortxatzea leporatzen zieten bost gizonei. Epaiak amorrua piztu du, izan ere bortxaketaren xehetasunak ematen ditu, baina hori ez dator bat emandako azken ebazpenarekin. Irati Gonzalez Euskal Herriko Bilgune Feministako kidearekin aztertu dugu epaia bera zein ondoren egindako protestak. Justizia-sistemari buruz hausnartu beharraz mintzatu da Gonzalez, eta biktimaren hitza zalantzan jartzea kritikatu du.

Datorren igandean, hilak 29, iritsiko da Gasteizera Mugak Zabalduz EH karabana

Datorren igandean, hilak 29, iritsiko da Gasteizera Mugak Zabalduz EH karabana

Europaren praktika politiko eta ekonomiko neoliberealak salatzea helburu hartuta, Euskal Herria zeharkatuko duen karabana abiatuko da bihar Hendaiatik Bilbora. Pertsonen zirkulazio librea eta guztiok eskubide berberak izatea aldarrikatuko dituzte, besteak beste, Andoainen, Iruñean, Bardeetan eta Santurtziko portuan geltokiak egingo dituen karabanak. Gasteizera iritsiko da apirilaren 29an, eta eskola-segregazioa eta kultura arteko elkarbizitza izango dituzte ardatz. Bilboko San Frantzisko auzoan amaituko da karabana astelehenean, portuan eraikitzen ari diren harresia salatu ondoren.

Udal ordezkarien tertulia: biolentzia matxista, bus elektrikoa, Gaztetxeak 30 urte eta Mozal Legea

Udal ordezkarien tertulia: biolentzia matxista, bus elektrikoa, Gaztetxeak 30 urte eta Mozal Legea

ARABA HIZPIDEko osteguneroko tertulian, udal ordezkariek hartu dute lekukoa gaur. Gasteizko gaiei buruz jardun dira Ane Aristi, EH Bilduren izenean, eta Alvaro Castillo, EAJren izenean: biolentzia matxista, bus elektrikoa (bus azkar adimenduna), Gaztetxearen 30. urteurrena eta Mozal Legea izan dituzte hizpide.

AleaFM 2018-04-24

AleaFM 2018-04-24

Gasteizko Gaztetxearen 30.urteurrena eta Ozetan ospatuko den Harrikada festibala izan ditugu hizpide aste honetako irratsaioan. Era berean, 26 urtez Olentzero izan den Iñaki Lasa izan dugu gurean. Erretiroa hartu eta aurreko astean Gasteizko Udalak omendu zuen. Horrez gain, Hilabetero atal zoroaz gozatzeko aukera izan dugu. Euskararen Agendaren errepasoarekin amaitu dugu irratsaioa.

Aurkezleak: Marta Ugarte, Iñigo Larramendi eta Eider Villa.

Dispertsioak adineko senideengan duen eragina aztertuko dute Europa jauregian

Dispertsioak adineko senideengan duen eragina aztertuko dute Europa jauregian

Adineko pertsonak eta dispertsioa izango dituzte hizpide gaur, Europa jauregian izango den hitzaldian. “Dispertsioaren hegiak” dinamikaren baitako hitzaldian, lekukotzak eta aditu medikoen iritzia entzun ahal izango dira. Jon Liguerzana Etxerat-eko kidea eta Miren Arana Jaiki Hadi osasun-elkarteko kidea egon dira gaur ARABA HIZPIDEn, eta gaiari buruzko datuak eman dituzte:Arabako presoen gurasoen adinari dagokionez, adibidez, % 87 dira 65 urtetik gorakoak. Bidaia luzeek pertsona helduengan eragin ditzakeen gaixotasun fisiko zein psikikoen errepasoa ere egin dute eta, zentzu horretan, dispertsioarekin lehenbailehen amaitu beharra nabarmendu du Aranak.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies