Baimenik gabeko etxebizitza turistikoak ustiatzen jarraitzen du PPko Antépararen enpresak
Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalean, atari bateko lau etxebizitzen jabe da Luxury Rental Apartments enpresa. Horietako bi etxebizitza turistiko gisa alokatzeko Jaurlaritzaren beharrezko baimena eskuratu du enpresak, eskuratu aurretik ere alokatu baditu ere, baina Turismo Saileko iturri batek ARGIAri azaldu dioenaren arabera auzitan daude. Beste biak etxebizitza turistiko gisa esplotatzeko baimenik ez du, baina alokairuan ditu. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga

Pintore kaleko atari berean lau etxebizitza ditu alokairuan Luxuryk. Irudian, gites.fr webguneko iragarkia gites.fr
ARGIAk 2023ko apirileko ikerketa erreportajean frogatu zuen 2021eko ekainaz geroztik behintzat hasi zela Luxury Pintore kaleko atariko bere jabetzako lau etxebizitzak etxebizitza turistiko gisa alokatzen, horretarako baimenik izan ez arren. Luxury enpresaren partaidetzen %50en jabe Gustavo Antépara da, EAEko PPko kide esanguratsua eta besteak beste, zinegotzia Gasteizko Udalean. Enpresaren adiministratzailea Pilar Perosanz da, Antépararen bikotea.
2023ko irailean Luxuryk lau etxebizitzetako bi erregistratu zituen Euskadiko Turismo Enpresa eta Establezimenduen Erregistroan, lehen eta laugarren solairuetakoak. Erregistroan alta emanda egotea ezinbesteko baldintza da etxebizitza turismorako esplotatu ahal izateko. Beste bi etxebizitzak, 2. eta 3. solairuetakoak, ez daude erregistroan.
Eskuratutako bi baimenak zalantzan
Baina Gasteizko Udalak 2023ko otsailetik ez du ematen Gasteizko Alde Zaharrean etxebizitza turistikoak irekitzeko baimenik. Nola liteke orduan zazpi hilabete geroago Luxuryk bi lizentzia lortu izana? Kasua ezagutzen duen Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailako iturri batek eman dizkio azalpenak ARGIAri.
Etxebizitza turistikoen erregistroan alta emateko eskaera aurkezten duenean edonork, batetik, sailak alta ematen dio automatikoki, “legez, onartu besterik ez dezake egin”. Bestetik, “egiaztapen espedientea” irekitzen du eskaeraren egokitasuna aztertzeko. Erabakigarriena dagokion udalaren baiezko edo ezezko txostena da. Luxuryren bi eskaera horien kasuan “Udalak ezezkoa eman zuen, beraz Jaurlaritzak ere bai”, azaldu du anonimotasuna gordetzeko eskatu duen iturriak. Baina Luxuryk bi ezezkoen aurkako helegitea aurkeztu zuen “guztiarekin egiten duen moduan”. Udalak ez zion errekerimenduari erantzunik eman dagokion epearen barnean eta, ondorioz, Luxuryren eskaera onartua izan zen.
Ematen du, ordea, ez dela bidearen amaiera. Jaurlaritzak eskumena du egiaztapen espediente berria irekitzeko. Pertsona honen esanetan, “egingo du”, eta ezusteko berririk ezean Luxuryren bi eskaerak atzera botako ditu. Hori gertatzeko “beste zenbait hilabete” igaro beharko dira, halere.
Baimenik gabeko etxebizitza turistikoak
Edonola dela, bien bitartean atariko lau etxebizitzek publikoki iragarrita jarraitzen dute etxebizitza turistikoen alokairurako erreferentziazkoak diren Booking edo Gites atarietan, esaterako. Lauak, baimenak duten biak zein ez dutenak.
Horrez gain, auzokideek ARGIAri ziurtatu diote aldizka baimenik ez duten bigarren eta hirugarren solairuetako etxebizitzetan ere ikusi dutela jendea. Bestalde, atarian ez dago ikusgai derrigorrez jarri beharrekoa den plaka ere, etxebizitza turistikoa iragartzen duena.
Luxuryren aurkako salaketa
Turismo Saileko iturriaren arabera, Luxuryk legezkotasunaren mugan jokatzea ohikoa da, baita helegite eta errekerimenduen bitartez prozesuak ahal beste luzatzea ere. ARGIAri azaldu dio “partikular batek” salaketa aurkeztu zuela sailean Luxuryren aurka, “jarduera ilegala” leporatuta etxebizitza bat turismorako alokatzeagatik. Isuna jarri zioten “arau hauste larriagatik”, baina ezerezean geratu zen azkenik. “Helegitea jarri zuen, esanez egonaldi laburra izan zela, eta lan arrazoiengatik. Datak bat zetozen jai-zubi batekin. Ez galdetu nola, baina isuna kentzea lortu zuen”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!