Auzoaren 1000. urteurrenari bukaera eman diote Adurtzako bizilagunek
Larunbatean eman zioten itxiera Adurzaha 1025-2025 dinamikari, hirurogei ekimen baino gehiago egin ostean.

Argazkia: Adurzaha
Urte osoan zehar hainbat jarduera ezberdin antolatu dituzte Adurtzako bizilagunek. Izan ere, Donemiliagako Goldean jasotakoaren arabera, duela mila urte Adurzaha izeneko herrixka bat egon zelako, gaur egun Adurtzako auzoa bihurtu dena. Milagarren urteurrena ospatzeko abiatu zuten Adurzaha 1025-2025 dinamika.
Auzoko jende, talde, saltoki eta taberna ezberdinek hartu dute parte urte osoan zehar antolatutako ekimen ezberdinetan, guztira hirurogei. Horien bidez, antolatzaileek “iragana gogorazi eta oraina ospatu dutela” adierazi dute, elkar ezagutzeko, harremanak finkatzeko eta auzoa saretzeko aukera izanez.
Hori guztia ospatzeko, amaiera ekitaldia egin zuten aurreko larunbatean, kalejira batekin, bakarrizketekin eta hainbat kontzerturekin osatutako egitarauean.
Ospakizun urteari amaiera eman arren, auzoak “arazoak eta erronkak” dituela ohartarazi dute, eta “auzo euskalduna, feminista, anitza eta etorri nahi duen orori harrera egiten diona” eraikitzeko deia zabaldu diete auzoko pertsona eta talde ezberdinei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!
